Albistea

  • Hirigintza eredua salatuko dute Lurraren Egunean

    2007-05-03
    Partekatu - Compartelo

    Lurraren Eguna ospatuko dute mundu osoan larunbatean, hilaren 21ean eta, Euskal Herriko dozenaka eragilek osatutako Lurra Deialdiak, Bakion egingo dutela iragarri zuen atzo, Bilbon eginiko agerraldian.
    Lurraren Eguna ospatuko dute mundu osoan larunbatean, hilaren 21ean eta, Euskal Herriko dozenaka eragilek osatutako Lurra Deialdiak, Bakion egingo dutela iragarri zuen atzo, Bilbon eginiko agerraldian. Aurtengo gai nagusia etxebizitza izango dela iragarri zuten, izan ere, «gizartearena ez ezik, lurrarentzat ere arazoa» delako. Horregatik, hain zuzen ere, Hirigintza Basatiak eta Espekulazioak Kaltetutako Herrien asanbladaren esku utzi dute Lurraren Eguna antolatzea.

    Alberto Frias Eguzkiko kideak esan zuenez, Hego Euskal Herriko erakundeek darabilten etxebizitza politikak «ez dio jendearen beharrari erantzuten, espekulazioarekin aberasten direnei baizik». Horren harira, herri ugarietan egin asmo dituzten etxebizitza kopuru «neurrigabeak» zerrendatu zituen, «Getxon 8.700, Bakion 1.900, Lezon 1.200, Lutxanan 2.800, Orion 500, Lezaman 734 eta 800 Bastidan». Udalerri batzuetan, gainera, egun dauden etxeen kopurua biderkatu dutela nabarmendu zuen.

    Adibide gisa aipatutako proiektu horiek ingurumena kaltetuko dutela salatu zuen Friasek eta, «kasu askotan, kulturan ere eragina izango» dutela gaineratu zuen. Onartezina da, azaldu zuenez, biztanleria behera egin duen bitartean etxebizitza kopurua %27 handitu izana. Azkenik, Espainiako kostaldeetan antzeman dituzten iruzurren parekoak «etxe ondoan» ditugula ohartarazi zuen.

    EKIMEN BERRIA. Goizeko 11:30etik aurrera hasiko dira ospatzen larunbatean Lurraren Eguna Bakion. Ibilaldia egingo dute herrian zehar, eraikuntza proiektuak ezagutarazteko. Ekitaldi nagusia, baina, eguerdiko 13:30ean egingo dute, herriko pilotalekuan. Bertan, «hirigintza basatia maila guztietan, epaitegietan, erakundeetan eta kalean» salatzeko ekimen berria aurkeztuko dutela iragarri zuten. Bestetik, hitzaldiak, herri bazkaria eta kontzertuak izango dira herrian.


    Partekatu - Compartelo