Albistea

  • Negozioa egiteaz gain Bastida «garatzea» lortuko dutela diote golf zelaiaren sustatzaileek

    2007-05-16
    Partekatu - Compartelo

    Bastidan (Araba) egin nahi den golf zelaiaren eta urbanizazioaren egitasmoaren helburua negozioa egitea dela aitortu du San Gines Labastida sozietate anonimoak. Nolanahi ere, «Bastidaren eta Arabako Errioxaren garapen ekonomikoa eta turistikoa» bultzatu nahi dutela nabarmendu du sozietateak.«Sustatzaileek egitasmoaren etorkizuneko kudeaketan parte hartu nahi dute. Golf zelaia funtzionatzea nahi dute, eta, horretarako, Bastidako suspertze ekonomikoan inplikatuko dira garapen agentzia baten bitartez», esan du egitasmoa bultzatzen duen talde teknikoak.

    Golf zelaia La Bastida2003. urtean sortu zen Bastidan 18 zuloko golf zelaia eta 750 txalet inguru egiteko asmoa, eta San Gines Labastida sozietatea eratu zen egitasmoa sustatzeko. Bastidako PPko Udalak begi onez ikusi zuen egitasmoa, Labastida Gestion Municipal elkartea sortu zuen, eta 535.000 metro koadro udal lurzoru eskaini zituen egitasmoan parte hartzeko.

    San Gines Labastida elkarteko aholkulari teknikoek agerraldia egin zuten atzo Gasteizen, egingo dituzten urratsak azaltzeko. Halaber, proiektuak eragin duen polemikari aurre egin nahi izan zioten. Izan ere, egitasmoarekin ez dute bat egiten Bastidako herritar ugarik, eta iragan urtean, Torrolate elkartea sortu zuten, «Toloño mendia eta bertako inguruak babestu, interes espekulatiboei aurre egin, eta gutxi batzuk guztiona den ingurunearekin aberastu ez daitezen». Dagoeneko, 3.000 sinadura baino gehiago jaso dituzte egitasmoaren kontra, Arartekoaren babesa eskatu dute, eta agerraldiak egin dituzte Arabako Biltzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean auziaren berri emateko.

    San Gines Labastida sozietateko aholkulari taldeak, baina, egitasmoa «legezkoa» dela nabarmendu zuen atzo. Egitasmoaren aholkulari juridiko Alfonso Fernandez de Troconizek eta aholkulari taldeko zuzendari Avelino Fernandez de Quincocesek azaldu zutenez, iragan martxoan, Bastidako Udalak herriko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokor berri bat onartu zuen, golf zelaia eta urbanizazioa eraikitzeko behar diren hirigintza aldaketak jasotzen dira.

    ATZERA BOTA ZUTEN. Bastidako golf zelaia eta urbanizazioaren egitasmoa ahalbidetzeko Udalak iragan urtean aurkeztu zuen plana atzera bota zuen Arabako Foru Aldundiak. Besteak beste, urbanizazioak Natura 2000 Sarean bildutako guneak eta erabilera publikoko mendiak okupatzen zituela adierazi zuen Diputazioak. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du golf zelaiak buruaskiak izan behar direla eta ezin direla urbanizatze prozesuekin lotu.

    Baldintza horiek guztiak betetzen dituztela nabarmendu zuten atzo San Gines Labastida sozietateko teknikoek, eta hasierako egitasmoan hainbat aldaketa egin dituztela. Hala, Natura 2000 Sarean dauden lur eremuetan egingo diren 50 txalet inguru baztertu egin dituztela esan zuten, eta azpiegitura pribatua bada ere erabilera publikoa izango duela esan zuten. «Edozein sartu ahal izango da golf zelaian», esan zuen Fernandez de Quincocesek. Bestetik, urbanizazioaren eta golf zelaiaren kudeaketa banatu egingo dituztela ohartarazi zuen: «Etxebizitzak eraiki egingo dira, nahiz eta golf zelaia ez egin; hala aurrez ikusita baitago Errioxako Plan Orokorrean».

    Sei edo zazpi hilabeteko epean Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailek udal plana legezkoa den ebatzi beharko dute. Administrazioek egitasmoa onartuz gero, bi edo hiru urteko epean golf zelaia zabalduko litzatekeela aurreratu dute sustatzaileek.

    Ordizian ez da golf zelaiari buruzko galdeketarik egingo

    Ordiziako Udalbatzak (Gipuzkoa) atzera bota zuen joan den astean Oiangu Bizirik elkarteak herri galdeketa egiteko egin zuen eskaera. EAJ-EAk eta PSE-EEk bozkatu zuten kontra; Ezker Batua, berriz, galdeketa egitearen alde agertu zen. Oiangun egiteko asmoa duten golf zelaiaren egitasmoari buruz galdeketa egiteko eskatu zuen elkarteak. Eskaera hori babesteko 1.454 sinadura lortu zituzten ordiziarren artean. Udalak duela bi urte eman zion Oiangu ustiatzeko 40 urteko baimena Ikena SM enpresari. Golf zelaia ez ezik, igerilekua, hotela, jatetxea, eta paint-ball zelaia ere eraiki nahi dituzte. Oiangu Bizirik elkarteak parkea pribatizatzea egotzi dio Udalari.


    Partekatu - Compartelo