Albistea

  • Eguzki, Ekologistak Martxan, Talaia eta Txipio Bai talde ekologistek Lemoizen (Bizkaia) ziklo konbinatuko zentral termikoa egiteko asmoa bazter dezala eskatu diote Iberdrolari…

    2007-06-27
    Partekatu - Compartelo

    Alde batetik, gasaren bitartez funtzionatzen duen ziklo konbinatuko zentral termikoak klima aldaketaren alde egingo lukeelako, gasak isuriz. Bestetik, Lemoizkoa ez delako «beste energia proiektu bat»: «Osagai historikoak eta soziologikoak ditu. Zauri hori ezin da berriro ireki». Talde ekologistek zentrala dagoen lekuan egin beharrekoari buruzko eztabaida publikoa eskatu dute. Haien iritziz, «herritarrek gozatu eta erabili beharko lukete».

    Zentrala
    Lemoiz zentrala

    Iberdrolak ziklo konbinatuko zentral termiko bat egin nahi du Lemoizko zentral nuklearraren hondakinak dauden tokian. Hala baieztatu zuen Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak aurtengo martxoaren 28an, Bilbon. Esan zuen Lemoiz leku egokia zela ziklo konbinatuko zentral termiko bat egiteko, eta Iberdrolak baliatu egingo duela zentrala lehenespenez eskuratzeko eskubidea.

    IBERDROLAK EROSTEKO LEHENTASUNA. Zentral nuklearra Iberdrolarena zen, baina gaur egun Luzapen Nuklearrerako Funtsarena da. Espainiako Industria Ministerioak zentrala saltzeko asmoa du. Iberdrolaren esanetan, berak zentrala erosteko lehentasuna izango luke: Espainiako Industria Ministerioak jasotako eskaintzarik onena berdinduz gero, zentrala berea izango litzateke. Espainiako Gobernuak oraindik ez ditu zehaztu lehiaketaren oinarriak.

    Iberdrolak Lemoizen ziklo konbinatuko zentral bat egiteko asmoa ez da berria. Sabin Arana Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Prestakuntza diputatuak 2004ko uztailaren 26an eman zuen proiektuaren berri, kargua utzi zuen egunean. «Zentrala 800 megawattekoa izango da, baina 1.600 megawattera arte handitu ahal izango da».

    Iberdrolak 1.300 milioi jaso ditu 1994tik 2005era, Espainian luzamendu nuklearra indarrean jarri aurretik egindako inbertsioak berreskuratzeko.

    Talde ekologistez gain, Batasunak ere aurre egin dio Iberdrolaren asmoari. Aurtengo apirilean Espainiako Gobernuari eta PSOEri eskatu zion bertan behera utz dezatela Iberdrolaren erosteko lehentasuna. Batasunak esan zuen «ahal duen guztia» egingo duela «inposatu» nahi duten edozein proiektu salatzeko eta hari «aurre egiteko».


    Partekatu - Compartelo