Albistea

  • Eragotzi, inposatzeko

    2007-10-17
    Partekatu - Compartelo

    Errauste plantaren kontrako mugimendua askotarikoa eta siglen gainekoa izan da. Sekulako indarra eman dio horrek. Indar hori mobilizazioen bidez berriz aktibatu behar da.inzineradora ez, Donosti

    Ez eragotzi, ez inposatu», idatzi zuen Josu Jon Imazek, baina Gipuzkoako herritarron eta zabor errauste planta bat kosta ahala kosta ezarri nahi diguten alderdien arteko gatazka luzean ere ez dirudi EAJko mitxelin dimitituaren leloak arrakasta handirik lortu duenik. Izan ere, alderdi horiek kudeatzen dituzten mankomunitateen leloa guztiz kontrakoa da: Eragotzi, inposatzeko. San Markoseko mankomunitate intsumituak bere zaborra beste edonon botatzea eragozten ari dira, errauste planta inposatu nahi diotelako. Gogora dezagun, bide batez, inposatu nahi dioten errauste planta haiek kontrolatzen dituzten udalerrietan nahi ez duten berbera dela.

    Lehendabizi, EAJk eta PSOEk San Markoseko zabortegia ixtea inposatu dute. Eguna iritsi denean, berriz, haiek berek eragotzi dute itxiera, bertako mankomunitateari ez diotelako zaborra beste edonora eramaten utzi. Zergatik? Errauste planta onartzen ez duelako. Horrela, harri batekin bi txori (edo bi kaio): lehenengo arazoari, San Markoseko kiratsari, beste bat gehitu diote, zaborra nora eraman ez izatea.

    Horiek horrela, EAJ eta PSOE Beraun eta inguruko herritarrak munizio gisa erabiltzen ari dira errauste planta ametitzen ez dutenen kontra. Herritar horiek, urteetan basamortuan deiadarka aritu direnak, bat-batean lehen mailako manifestari bihurtu dira. «Kasu egin behar zaie», dioskute serio-serio urteetan inolako kasurik egin ez dieten berberek.

    San Markoseko mankomunitateko gaur egungo kudeatzaileei xantaia egiten diete EAJk eta PSOEk. «Inposatu nahi dizuegun errauste planta onartu ezean, zuen zaborra beste mankomunitateetan bota dezazuen ez dago elkartasunik», esaten diete. Xelebrea da, benetan, alderdi horiek elkartasun hitzari ematen dioten esanahia: «Ondoko hiru urteetan, gure mankomunitateetan zuen zaborra onartuko dugu, baina ondoren, trukean, Lasartek, Zubietak eta Usurbilek errauste planta eta gure zaborra betiko onartu beharko dituzte». Horrek ez du zerikusirik elkartasunarekin, hori xantaia da. 25 urtez, Txingudiko zaborra onartu du San Markosek, baina hori «txikikeria» bat omen da, orain behintzat inork gogoratu nahi ez duena. Gainera, arrakero kaxkarrenak ere bere egingo ez lituzkeen amarruak darabiltzate: «Dagoeneko Donostialdeko zaborren %50 beste mankomunitateetan botatzen ari dira», diote; praktikan, baina, %20ra ere ez da iritsi.

    Panorama biribiltzeko, hor dugu Donostiako alkatea. «Errauste planta ametitu ezin den inposizioa da», esan zuen. Orain, berriz, errausketazale bihurtu da. Paulo Damaskoko bidean nola, hala erori omen da zalditik Elorza auzi honetan. Itsutu duen argia, berriz, Diputaziotik eta Eusko Jaurlaritzatik iritsi da: alkateak eskuartean duen zenbait proiektu izar ez dutela oztopatuko agindu omen diote. Ondorioz, Elorzak errauste plantaren alde bozkatu du; hots, donostiarron %65en kontra. Izan ere, berak enkargatutako inkesta baten arabera, donostiarron %65 errauste plantaren kontra gaude.

    Eta hau guztia gertatzen ari den bitartean, gipuzkoarrok jokoz kanpo gaude. Alderdien arteko ika-mikak komunikabideen bidez jarraitu baino ez dugu egiten. Horren erantzuleak, neurri batean behintzat, herri mugimenduak gara, errauste plantaren kontrako estrategia gehienbat politikarien eskuetan utzi dugulako, politikari horiek nahi bezain alternatiboak badira ere.

    Errauste plantaren kontrako mugimendua askotarikoa eta siglen gainekoa izan da. Sekulako indarra eman dio horrek. Gure ustez, egoera zein den ikusita, indar hori mobilizazioen bidez berriz aktibatu egin behar da. Demokraziarik eza begi bistakoa den honetan (horra Donostian, Tolosan, Astigarragan, Batzar Nagusietan eta abarretan legez kanpo utzitako zerrendak), auzi hau konpontzeko ezin gara egon hauteskunde-portzentajeei begira. Herritarren protagonismoa eta mobilizazioa berreskuratu egin behar dira, politikarien xantaia eta inposizioaren kontrako txerto eragingarri bakarra delako.

    «Kutsatzen duenak ordaintzen du», esan ohi digute. «Orduan —-erantzun behar diegu—-, ordaintzen duenak erabaki dezala». Herritarrok ordaintzen dugu; beraz, zaborrak nola tratatu behar diren erabakitzea herritarroi dagokigu. Eta herritarrok «errausketarik ez» behin baino gehiagotan esan dugu, argi bezain ozen.


    Partekatu - Compartelo