Gara.Ondarroako Udalean agintean jarri direnek mezu kezkagarriak bidali dituzte prentsaren bidez azken egunotan: badirudi berez eskubidea den etxebizitzaren arazoa erabili nahi dutela hirigintza proiektu onartezin bati bultzada emateko. 500 etxebizitza eraiki nahi dituzte Aieriko paduretan.
Honen aurrean, lehenik eta behin, salatu nahi dugu Ondarroako Gestorak Ekos-Gipuzkoa kontratatu duela Aieriko paduraren balioa aztertzeko. Argitu beharra dago talde ekologista eta arlo honetako pertsonalitate askok irizpide gabezia leporatzen diotela Ekos-Gipuzkoa enpresari. Bere ikerketa zalantzagarrien artean daude, adibidez, Mutrikun harrobi baten irekiera paisaia berreskuratzeko proiektu gisa ezkutatu izana (oraindik epaiaren zain dagoen auzia) edota, Eusko Jaurlaritzaren Garraio eta Herri Sailetik kontratatu ondoren, Pasaiako kanpo portuari EIA jasangarria egin izana (hau da, proiektua ontzat eman izana).
Ikusten denez, halakoetan beti egongo da enpresaren bat ordaintzailearen interesen araberako emaitzak aurkezteko prest. Hala ere, onartezina da Europatik Artibai ibaiaren natur balioak azpimarratzen diren bitartean eta honentzako babes neurriak bidean direnean, diru publikoa gastatzea Aieri suntsitzeko.
Agintariok, ez litzake hobe Aieriko padura ahalik eta egokien berreskuratzeko ikerketa bat «enkargatzea»? Ez izan padura berreskuratzeko beldurrik, ez litzateke lehen kasua izango. Hortxe dauzkagu arrakasta izan duten berreskurapenen adibideak, Txingudi eta Jaizubiko padurak, Oria Ibaia, Iñurritza, Artzabal edo Casacampo. Baina, itxura denez, Bizkaia is different, edo hori ematen du, behintzat.
Bostehun etxebizitza eraikitzeak dirutza dakar enpresa eraikitzaileentzat eta beste gutxi batzuentzat, baina Aieriko padurak babestu eta berreskuratzeak gizarte osoarentzat dakar onura: Aieriko padurak uxoletatik babesten gaitu, kirolerako eta paseorako gune izan daiteke, natur hezkuntzarako begiraleku aproposa da… Funtsean, garapen iraunkorrak bizi kalitatea bermatzen laguntzen baitu.
Gainera, etxebizitzen arazoari irtenbideak bilatzeko beste bide batzuk ere badaude: espekulazioari aurre egin eta etxe hutsak bete, hauen gaineko zergak ipinita, eta alokairu soziala bultzatu. Are gehiago, Ondarroan bertan beste pilo bat etxebizitza eraikitzeko asmoa ere badago: Antzosolon, Zaldubiden, Ibaiondon, Artabiden.
Agintariok, gutxi batzuen interesentzat ala gizartearen gehiengoarentzat lan egiteko zaudete Udaletxean eta Jaurlaritzan?