«Lurrik gabe ez dago ez lurraldetasunik, ez etorkizunik»

Berria. Euskal Hiriaren babesleak kritikatu ditu Eguzkik mendi martxaren amaiera ekitaldian. En Gara en castellano.

elurra

«Lurrik gabe ez dago ez lurraldetasunik, ez aberririk, ez etorkizunik», esan zien Alberto Frias Eguzkiko ordezkariak herenegun Aguraingo plazan (Araba) bildutakoei. Haien aurrean hitz egin zuen, baina mezua beste batzuentzat zen, Euskal Hiriaren aldekoentzat. «Euskal Hiriak ez du paisaia aldaketa bakarrik ekarriko, baita gizarte guztia beren negozio zikinen menpe jartzea ere». Friasen esanetan, Euskal Hiriaren aldekoek «megahiri liberal» bat eraiki nahi dute «lurraren kontura». «Zuzenean Euskal Herriaren kontra doan proiektua da».

Mendi martxaren amaiera ekitaldian egin zituen adierazpenok Friasek, herenegun. Eguzkik antolatuta, ehun lagun inguruk Barron eta Agurain arteko bidea (Araba) egin zuten oinez, ostegunetik igandera. Aurtengoa 20. mendi martxa izan da.

Bidean Eusko Jaurlaritzak egin nahi dituen Kolometako, Arkamuko, Perriaingo eta Iturrietako parke eolikoen kokaguneak eta inguruko bizimodua ezagutu dituzte. Eguzkik salatu du gune babestuetan egin nahi dituztela parkeak.

Mendien defentsan, negozio eolikorik ez izan da aurtengo martxaren leloa. «Mendilerro horiek guztiak zeharkatu ondoren, argiago dago arrazoi asko ditugula salaketa hori egiteko», esan zuen Friasek.