Jaizkibel mendia eta bertako itsas eremua babesteko eskatu du Eguzki taldeak
2008-04-09
Partekatu - Compartelo
Gara. Joan den martxoaren hasieran Pasaiako portuaren inguruetan Maro ontzia hondartu zela-eta, Eguzki talde ekologistak ingurumen arloko arduradunei eskatu die Jaizkibel mendiaren ingurunean berehalako babes juridikoa ezartzeko. Babes juridiko horrek gainera, Jaizkibel mendiaren bi magalak eta, gutxienez, bi miliako itsas eremua ere aintzat hartu beharko lituzkeela uste du talde ekologistak. Berriako albistea ere.
Era berean, Maro itsasontzia desmuntatzeko lanak behin bukatuta, Jaikibel ingurunea lehengoratzeko plan bat abian jartzeko ere galdegin die erakundeei, eta «natura aurreko egoerara bueltatzea ahalbidetuko duen plana» izan beharko luke, talde horren iritziz.
Jaizkibel mendiak Babes Bereziko Lekuaren izendapena jaso dezan ere eskaria egin die Eguzkik Pasaia, Lezo eta Hondarribiko udalei. Hein horretan, talde ekologistaren iritzira, Lakua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren «oztopo eta jarreren» aurrean, hiru udalek batera eragin, eta bertako biodibertsitatearen balioak zaintzeko elkarlana gauzatu beharko lukete.
Eguzkik kaleratutako oharrean nabarmendu dute 2004. urtetik hona, Ulia, Txingudi eta Hendaia-Sokoako itsasbazterrekin batera, Jaizkibel mendia ere, Europako Natura 2000 Sarean sailkatuta dagoela Bruselako gobernuaren eskutik, eta Garrantzi Komunitarioko Leku (GKL) ere izendatu dutela.
Horiek horrela, Gasteizko Gobernuari, Gipuzkoako Foru Aldundiari zein Baionako Azpiprefeturari aipatutako tokiak, hau da, Ulia, Jaizkibel, Txingudi eta Hendaia-Sokoa eremuetako itsas erreserbak, Babes Bereziko Leku izendatzeko galdegin die. Gainera, egingo diren gestio planetan izendapen horiek errespetatuak izan daitezela ere eskatu du.
Bestetik, Jaizkibel mendiaren inguruetan eraiki nahi diren proiektuak zerrendatu ditu Eguzkik, «benetako arazo» gisa aurkeztuz, hala nola: Pasaian kanpoko portua eraikitzeko mehatxua; indar militarren tiro eremua; Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak espezie exotikoen baso landatze masiboak egitea; edota Hondarribiko Udalak Justiz aldean eraki nahi duen golf zelaia aipatu dituzte.
Jaizkibeleko Antolaketa Plana 1980ko hamarkadan idatzi zela gogorarazi die hedabideei, igorritako prentsa oharrean. Haatik, txosten hori Gipuzkoako Foru Aldundiko «kajoietan gordeta» dagoela salatu du.
Jaizkibeli berehalako babes juridikoa emateko eskatu die Eguzkik erakundeei
Berria.Berriki Maro ontziak izandako hondoratzea gogora ekarrita, Jaizkibel mendiari (Gipuzkoa) eta haren itsas eremuari «berehalako babes juridikoa» emateko eskatu die Eguzki talde ekologistak erakundeetako ingurumen arduradunei. Hain zuzen ere, mendiaren magalak eta bi milia arteko itsas eremua babestu beharko liratekeela uste du Eguzkik.
Maro-k martxoaren 6ko 23:00 aldean jo zuen hondoa, Jaizkibelgo itsaslabarrean, Hondarribia eta Pasaia artean (Gipuzkoa), Higerko lurmuturretik bi miliara. 95,7 metroko ontzia Baionatik Pasaiara zihoan, zamarik gabe, bertan altzairuzko produktuak zamatzera. Kapitainaren esanetan, bidean makinetan matxura bat izan zuten, ontzia nora ezean geratu zen eta hondoa jo zuen. Handik egun batzuetara puskatu, eta 55 tona erregai isuri zituen itsasora.
Eguzkik gogora ekarri du 1980ko hamarkadatik Jaizkibelgo Antolaketa Plana idatzita dagoela, eta Foru Aldundiaren «tiraderetan gordeta» dagoela. Halaber, talde ekologistak nabarmendu du Europako Batasunak 2004an Natura 2000 Sarean sartu zuela Jaizkibel, Garrantzi Komunitarioko Gune izendatuta, Ulia, Txingudi eta Hendaia-Sokoa (Lapurdi) itsasbazterrekin batera.
Eguzkik dei egin die Pasaia, Lezo eta Hondarribiko udalei Jaizkibel babes bereziko gune izendatzeko, eta bertako bioaniztasunaren balioak betiko zaintzeko elkarrekin lan egin dezaten, «Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren oztopo eta jarreren aurrean eraginez».
Eguzkik adierazi du Jaizkibel mehatxatutako ingurunea dela, eta zerrendatu ditu haren arrisku nagusiak: kanpoko portua egiteko proiektua, indar militarren tiro eremua, baso espezie exotikoen landatze masiboak, Hondarribiko Udalak Junkiz aldean golf zelai bat egiteko duen asmoa. Eguzkik erakundeei eskatu die ontziaren deseraikitze lanak amaitu ondoren, inguru horretan berreskuratze plana jartzeko martxan, «natura aurreko egoerara bueltatuz».
Halaber, Jaurlaritzari, Gipuzkoako Aldundiari eta Baionako Suprefeturari eskatu die Ulia-Jaizkibel-Hendaia-Sokoa eremuak itsas erreserba eta babes bereziko gune izendatzeko, horren gestio planak onartuz.