Gara.Oinezkoentzako bide luzeak dira Donostiaren ezaugarrietako bat. Zazpi kilometroko pasealekua du Gipuzkoako hiriburuak itsasertzean hiritarren eta bisitarien gozagarri. Hala ere, hori nahikoa ez eta Udalak bertze pasealeku bat eraiki nahi du Saguesetik Monpaseko lurmuturreraino.
Egurrezko eta altzairuzko pasealeku bat eginen lukete Ulia mendiaren magalean. «Bidezidor bat airean», sustatzaileen hitzetan. «Proiektu ekologikoa da, mendiaren behealdeko hegala eta itsaslabarrak errespetatzen dituelako, paisaiarekin bat egiten duelako -diseinuagatik eta arintasunagatik- eta, gainera, zenbait araudik babestutako landareei eusten dielako, batez ere Armeria Euscadiensis izenekoari eta txilar atlantikoari», defendatu dute. Azaldu dutenez, asmoa bidearen zutoinak eta ainguraketak makinaz bete gabe egitea da, eta metro bat baino gutxiagoko ertza soilik ikustea. Lehenbiziko eraikuntza sistemak bi elementu izanen lituzke: oina eta besoa, eta horrek eutsiko lioke bideari, «erretilu bat izango balitz bezala». Gero luzetara eta moduluka antolatutako barra sistema bat paratuko lukete besoen gainean.
Ministroen Kontseilu espainiarrak obra egiteko dirua ematea onartu du. Lakuako Ingurumen Sailak, ordea, proiektua gaitzetsi du. Euskal itsasbazterra babesteko Lurraldearen Zatiko Planean jasotakoaren arabera, Monpas inguruak zaintza berezia eta zorrotza behar du, eta, Ingurumen Sailaren arabera, nabarmena da pasabideak plan hori urratzen duela. Horregatik, prest dago auzitegietara jotzeko Donostiako Udalaren egitasmoa geldiarazteko.
Egitasmoa diseinatu eta ikusgai paratu ondotik, herritarrek alegazioak egiteko epea eman dute. Maiatzaren 12an aurkezpen ekitaldi bat egin zuten Victoria Eugenian proiektuaren egileek, Fernando Ruiz Lacasa arkitektoak eta Javier Errea Argaiz ingeniariak. Han izan ziren ingurumenari buruzko txostena idatzi duen Ekolur enpresako Iñaki Urrizalki eta EAEko Kostaldeko Zerbitzuko burua, Fernando Perez, ere. Azken honek azaldu zuenez, jendaurreko informazioaren etapan daude orain, pasabideak ingurumenean izanen lituzkeen eraginei buruzko adierazpenaren zain. «Adierazpen hau ezezkoa izan daiteke edo, guk espero dugun bezala, baiezkoa», adierazi zuen.
Ruiz Lacasak Monpaseko lurmuturra gune babestua dela eta orain dela urte batzuk gizakiaren ekintza bortitzek kaltetu zutela gogorarazi zuen: «1946-51 bitartean 100.000 tona harri atera zituzten espigoi bat egiteko eta guztiz aldatu zuten lurmuturraren itxura». Horregatik, arkitektoaren arabera, ez da itsasertz naturala. Pasabideaz gain, bertze aukera batzuk aztertu dituztela jakinarazi zuen: magaleko bidezidorrak zabal daitezke, baina oso arriskutsua iruditzen zaio luiziak direla-eta. Lur-jausiak saihesteko mendi magala indartu daiteke, baina horrek ingurumenean eragin gogorra izanen lukeela uste du. Aukera hoberena beraien proiektua dela defendatu zuen, eragin txikia izateaz gain, mendia finkatzen lagunduko lukeelako.
Azkenik, Iñaki Urrizalki ingurumenari buruzko ikerketaz mintzatu zen eta azaldu zuen prozesu bat izan dela, hasieratik saiatu direla konponbideak ematen eta proiektua aberasteko ekarpenak egiten. Ulia mendia Donostiako paisaiako elementu garrantzitsuenetako bat dela nabarmendu zuen eta Europar Batasunak eta EAEko Lurraldearen Zatiko Planean ematen dioten babesaz hitz egin zuen. Lacasak bezala, bertze alternatiba edo hautabideak baztertu eta pasabidearen alde egin zuen.
Aurkezpena bukatu eta herritarrei hitza eman zietenean giroa berotu zen. Txaloak eta haserre keinuak nahasi ziren, aldeko eta kontrako argudioek talka egin zuten. Herritar batek kontatu zuen irudia lehenbiziko aldiz ikusi zuenean, prentsan, hagitz polita iruditu zitzaiola. Gero pasabide hitza irakurri zuen izenburuan eta pentsatu zuen solas hori ez zetorrela bat proiektuak proposatzen duen bidearekin, pasabideak bi toki komunikatzen baititu eta Udalak egin asmo duen bidea joan-etorrikoa baita. Haren ustez, ingurumenean hain gutxi eraginen duela erratean erruduntasuna ere nabarmentzen da. Ahalegin handia egiten dute proiektua justifikatzen eta benetako protagonista egin behar den obra da.
Bertze pertsona batek gainerako hautabideak bi paragrafotan baztertzen dituztela salatu, eta bidezidorrak berreskuratu izan direla azaldu zuen. Ingalaterra hegoaldetik Galesera doan bidea jarri zuen adibidetzat. Proiektua hotelekin eta lursail publikoen pribatizazioarekin lotuta dagoela ere ohartarazi zuen. Naturak eskubidedun subjektu izan behar duela nabarmendu zuen bertze herritar batek, eta ez objektu bat. Monpaseko pasabidea ilegala dela eta joan den mendera, natura objektutzat hartzen zen garaira, eramaten gaituela erran zuen. Hiritarrek ez dutela eskatu eta ez dela behar gaineratu zuen.
«Donostia handia da, ez da soilik erdialdea, auzo guztiak dira, eta zaindu egin behar dira, ez alde batera utzi», ohartarazi zuen bizilagun batek. «Oraindik ez dute ingurumenean izanen lukeen eraginari buruzko adierazpena idatzi eta dagoeneko obra lizitazio deia egin da», salatu zuen bertze batek.
Okendoko erakusketa
Okendo plazan erakusketa bat dago zabalik ekainaren 15a arte. Bertan, herritarrek proiektuaren berri izan dezakete hainbat euskarriren bidez, eta galderak eta iritziak iradokizunen liburuan idazteko aukera ere badute. Hainbat lagun sartzen da kristalezko eraikin txikira maketa ikusgarriek erakarrita. «Begira, begira zeinen polita!», oihukatu du haur batek, eta bizikleta gainean sartu da. «Menditik harriak etortzen dira goitik behera eta arriskutsua izan daiteke. Sarea ere badu, baina, hala ere…», aipatu dio Eugeniak lagunari. Berrizkoa da berez, baina urte mordoa darama Donostian bizitzen. Hagitz ongi iruditzen zaio Udalak proposatutako pasabide hau egitea. «Gauza polit bat beti da ona -dio-. Beharrezkoa den edo ez beste kontu bat da. Beharrezkoak dira gazteentzako etxeak. Baina mila aldiz paseatuko nuke hemen».
EAJk eta EAk kritika egin diote Udalari erakusketaren kostua gehiegizkoa dela deritzotelako. Aitziber San Román hautetsi jeltzaleak eta Jaione Arratibel EAko bozeramaileak zehaztu dutenez, 172.000 euro gastatu dituzte eta normalean horrelako erakusketa bat egiteko ez dira 90.000 euro baino gehiago erabiltzen. Arratibelen iritziz, alkatea gehiago goratzea da helburua. Bestalde, bi hautetsi hauek salatu dute herritarrek ez dutela egitasmoan parte hartu; PSEk, Ezker Batuak eta Aralarrek osatutako udal gobernuak dagoeneko egina dagoen proiektu bat plazaratu dute, Ministroen Kontseilu espainiarrak onartua.
Erakusketako horma batean alderdi politikoen eta Eguzki eta WWWF/Adena talde ekologisten iritziak daude bilduta. WWWF/Adenako Gipuzkoako taldeko Leire Betetak Ulia mendiaren balio naturalak errespetatzeko eskatzen dio Odón Elorzari, baita Red Natura 2000 egitasmoak eta EAEko Lurraldearen Zatiko Planak ematen dioten babesa kontuan hartzeko ere. Pasabide urbanoa egiteko proiektua alde batera uzteko exijitzen dio, eta inguru horretarako egokiagoa den bide baten aldeko apustua egiteko.
Eguzkiko Juan Mari Beldarrainek adierazi du ez dela beharrezkoa pasabidea egin edo ez eztabaidatzea. Pasabidea ez da beharrezkoa, hiriak nahiko pasealeku duelako itsasertzean. Bi izen bereizi ditu: Sagues, auzo urbanizatua, eta Monpas, urbanizatzeko beharrik ez duen lurmuturra. Bere erranean, nahita nahasten dituzte bi terminoak. Sagues moldatu daiteke, baina ez Monpas, natura ez baita moldatu behar, errespetatu egin behar baita.
«Eztabaida alkateak sortu du»
Juan Mari Beldarrainen iritziz, pasabidea ez da beharrezkoa hiritarrek ez dutelako eskatzen. Alkateak eztabaida hau sortu du eta ez ditu biztanleen eskaerak aditu nahi: badira auzoak isolatuta daudenak oinezkoen bideei dagokienez. Herrera, adibidez, bide azpiegiturez inguratuta egon arren, isolatuta dago oinezkoentzat, eta nahitaezkoa da zerbait egitea. Bizilagunek eskatzen dute; manifestazio bat ere egina dute. Errekalden eta Añorgan gauza bera gertatzen da. Errepidea moztu izan dute protesta gisa. Baina, ekologista honen arabera, moldaketa hauek egiteak ez du Donostiaren irudia janzten pasabideak eginen lukeen bezala. Pasabidea turistak erakartzeko eraikuntza bat dela deritzo, bertakoei baino gehiago kanpotarrei begira eginen litzatekeena.
Gobernu espainiarrak proiektua finantzatuko duela jakinarazi du eta horren inguruan Beldarrainek ohartarazi du diru hori herritarren sakeletik ateratakoa dela. Milimetroak 20 euro balio dituela kalkulatu, eta oso garestia dela nabarmendu du. Gainera, obraz gain, bertze kostu batzuk ere badira: erakusketa, Madrilera bidaiak, hitzaldiak, proiektua, proiektuen erreformak… Haren ustez, Ministerioak pasabidea egiten baino, bertze zeregin batzuetan gastatu beharko luke dirua Donostian eta Gipuzkoan; Oriaren erdialdea eta beheko aldea garbitzen, errate baterako. «Ministerioak natura urbanizatzen du, eta hori ez da bere funtzioa. Gasta dezala dirua ingurumenaren alde, ez alkatearen irudia indartzea helburu duen eraikuntza bat egiten», eskatu du.
Sagues egokitzea beharrezkoa dela iruditzen zaio, zelaigunea «erabat utzita» baitago: karpak jartzen dituzte, aparkalekuak ere bai, eta ez dago hornitua. Ez du komunik, iturri gutxi daude, jendeak petril gainean eseri behar du…
Oinezkoentzako bide luzeak dira Donostiaren ezaugarrietako bat. Isolatutako auzoak ezkutatutako errealitatea dira.
Zer dago udal gobernuaren proiektuaren gibelean gordeta?
Eguzki talde ekologistako Juan Mari Beldarrain PSEk, Ezker Batuak eta Aralarrek osatutako udal gobernuaren proiektuaren atzean ezkutatuta dagoenaz mintzatu da, hau da, hotelez eta hotelekin lotutako azpiegiturez. Pasabidea egiteko proiektua Udalak Sagues auzorako antolatutako ideien lehiaketa batean aurkeztu zutela ekarri du gogora.
Bost izarreko hotelak, talasoterapia, kafetegiak, parkinak… Beldarrainen hitzetan, hori guztia ekarriko du pasabideak. «Lursail publikoak pribatu bihurtu eta negozio ezin hobea eginen dute batzuek», salatu du Eguzkiko kideak.
Eguzkik dio Lakuak helegitea paratu beharko lukeela egitasmoa geldiarazteko
Juan Mari Beldarrain Eguzkiko bozeramaileak obra legez kanpokoa dela esan du. Azaldu duenez, itsasertza babesteko Lurraldearen Zatiko Planak dioenaren arabera Monpas inguruak arreta berezia eta zorrotza behar du eta erabilera intentsiboa debekatzen du, hau da, instalazioak jartzea. Pasabidea instalazio bat da, lurrari eta mendi hegalari lotua.
Plan honi muzin eginda Lakuako Gobernuari eskumena kentzen zaio. Beldarrainek uste du PSOEk ez duela plana bete nahi, eta lehentasuna gorteetan onartutako itsasertzen legeak duela erakutsi nahi duela. Lege honek zirrikitu bat uzten du Lurraldearen Zatiko Plana ez betetzeko: obra interes orokorrekoa bada, erabilera intentsiboa egin daiteke, eta Monpaseko pasabidea interes orokorrekoa dela adierazi dute, itsasertza babestu, defendatu eta hobetzen duela argudiatuta. Jendea gainetik oinez pasatzea saihestuko litzatekeela diote. Eguzkiko eledunaren arabera, pasabideak ez du itsasertza babesten, ezta defendatzen eta hobetzen ere, eta mendian paseatzen duten herritarrek ez dituzte balio naturalak arriskuan jartzen, erabilera estentsiboa egiten dutelako. Horrengatik guztiarengatik, Eguzkiko kidearen ustez, Lakuako Ingurumen Sailak natura eta berak onartutako legeak babestu behar ditu, helegitea jarri behar du proiektuak aurrera egin ez dezan.
Club Vasco de Camping elkarteko lagunek Ulian dauden bideak hobetzea proposatu dute. Eguzkikoek, berriz, uste dute gutxieneko zidor batzuk, altzairuzko kableak eta burdinazko eskailerak nahikoa direla mendizaleen segurtasuna bermatzeko. Juan Mari Beldarrainek oroitarazi du erortzeko arriskuagatik debekatu zutela erabilera estentsiboa eta adierazi du ez luketela gunea itxi behar. «Paseo Berrian, Urgullen, eskua sartu zuten erabilera intentsiboa delako eta arriskua handiagoa delako. Baina Monpasen ez da eskurik sartu behar», defendatu du.
«Errauskailuarekin galdeketa egin zuten eta ez zituzten kontuan hartu herritarrek esandakoak», salatu du. Orain ere asmo hori bera izanez gero, galdeketarik ez egiteko eskatu dio alkateari.