Itoizko urtegia hiru hilabetean prest egotea espero dute ustiaketa bete-betekorako
2008-07-17
Partekatu - Compartelo
berria. Atzo, goizeko bederatzietan, Itoizko urtegia bete-beteko ustiaketan hasi aurretik egin beharreko azken hustea abiatu zuten; Ebroko Ur Konfederazioak urtegia betetzeko programaren azken fasea hasteko agindua eman zuen. Behin programa hori osatuta, urtegia erabat prest izanen da, eta prozesua hiru hilabeteren buruan gauzatzea espero dute.
Atzo abiatu zituzten huste lan horiek uraren maila 50 metro jaitsi arte luzatuko dira, alegia, urtegia 536 metroko kotara jaitsi arte, eta muga hori lortzea, gutxi gorabehera, hiru hilabeteko prozesua izanen dela kalkulatu du Ebroko Ur Konfederazioak. Zehatz-mehatz, segundoko 45 metro kubikoko batez bestekoarekin eginen dute azken hustea. Hori dela eta, Ebroko Ur Konfederazioak ohartarazi duenez, oraingoan ere beste aurreko urratsetan gertatutakoa errepikatuko da: «Urtegiaren ustiaketak ibaien ur emariek ekarpen berezia jasotzea ahalbidetuko du». Hala, prozesuak Ebroren inguruan dauden ibaien egoera «hobetzen» lagunduko duela diote.
2004ko urtarrilean hasi zituzten urtegia betetzeko lanak. Lau urteren bueltan, euriteen eraginez, aurreko martxoaren 28an bete zen erabat. Itsasoaren mailarekiko 586 metrora ailegatu zen egun horretan urtegia, 10:45ean. Une horretan hasi zuen Ebroko Ur Konfederazioak urtegia ustiatzeko azken fasea. Harrezkero, urtegian 586ko kotari bere horretan eutsi diote. Konfederazioaren arabera, prozesu horretan alderdi hartako «segurtasuna egiaztatzen jarraitzeko» xedea izan dute ardatz.
Martxoan lortutako 586 metroko kota horrekin urtegiaren gehienezko kota erdietsi zen. Gisa horretan, edukieraren %95 bete zen, eta 379,585 hektometro kubikora iritsi. Gainerako %5 (588ko kotaraino falta den ura) «ohiz kanpoko» egoeretarako erreserbatua du Ebroko Ur Konfederazioak.
2004tik, lurrikarak
1985. urtean Espainiak Nafarroako Gobernuari urtegia egiteko argi berdea eman ziotenik, polemikak zipriztindu du egitasmoa, asko izan baitira lan horien arriskuen inguruan egindako salaketak.
Esate baterako, 1999an Itoizko Koordinakundeak urtegiaren ezker hegala mugitzen ari zela salatu zuen. Urte hartan, gainera, hondeamakinek Nagoreko zenbait etxe eta Itoitz eta Artozki herriak txikitu zituzten. Halaber, urtegia betetzen hasiz geroztik, lurrikarak izan dira etenik gabe.