Albistea

  • Kantauri ertzean, Euskal Herrian artifizialdu da lur gehien hamar urtean

    2008-07-17
    Partekatu - Compartelo

    berria 2008.07.17 Kutsadura, hirigintza eta azpiegitura proiektu berriak dira kostaldearen arazo larrienak, Greenpeaceren arabera. Kostaldearen egoerari buruzko txostenean jaso duenez, Euskal Herria da Kantauriko kostalde osoan lur gehien artifizialdu duen lurraldea, bai azpiegituretarako bai hirigune berriak egiteko. Hain zuzen ere, artifizialdutako lurraldea %14 handiagoa da duela hamar urte baino. Ondokoak dira, Greenpeaceren arabera, kostak dituen arazo nagusiak.

    especula+en+accionmierda4

    1. Hirigintza

    Kostaldearekiko presioa urtetik urtera handitzen ari dela ohartarazi du Greenpeacek. «Gipuzkoako kostan erliebe zorrotzak eta itsaslabarrak izan dira paisaia eraldatzeko asmoen aurkako babes nagusiak».

    Alabaina, arriskuak ez dira eten. Besteak beste, Barrika, Urdaibai, Bakio, Orio eta Ondarroako kasuak ekarri ditu gogora erakunde ekologistak. Barrikan (Bizkaia) 1.511 etxebizitza berri egitea aurreikusten dute, eta herriko egungo biztanle kopurua boskoiztu. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak herrian 97 etxebizitza berri egiteko proiektua baliogabetu zuen duela hiru urte. Bakion (Bizkaia) 436 etxebizitza egiteko proiektua bultzatu du Udalak, babesgune baten ondoan. Bidenabar, Ohijako golf zelaia egiteko proiektua dago. Bi proiektu horiek Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren babesa izan arren, herritarren kontrako jarrera gogorra aurkitu dute.

    Bestalde, Greenpeacek salatu du Urdaibaiko Biosferaren Babesguneari egiten ari zaion presioa. Finsa Inamar enpresari Muxikan (Bizkaia) industrigune berri bat egiteko 107.289 metro koadro berri hartzeari baimena eman dio administrazioak. Greenpeacek ohartarazi du Inama jarduera industrial «oso kutsagarria» duela. Urdaibain bertan ere, Ibarrangelun 50 txalet egiteko proiektua ekarri du gogora Greenpeacek, itsasadar eta kantauriko artadiaren arteko 27 hektareako gune batean. Jaurlaritzak onartutako proiektua atzera bota zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Ingurumen Sailak ontzat emandako lurren birkalifikatzea legez kanpokoa zela argudiatuta.

    Orion (Gipuzkoa) hondartzaren ondoan egindako etxebizitza sailagatik kexa agertu du Greenpeacek, «Meditarraneoko estiloko proiektua» izan delakoan. Azkenik, Ondarroan (Bizkaia), Aierin 500 etxebizitza berri eraikitzeko proiektua salatu du.

    2. Azpiegiturak

    1985etik 2006ra 1.280tik 4.823 handitu da Bizkaia eta Gipuzkoako kirol portuetako amarralekuen kopurua. Gainera, kirol portuak egiteko joera oraindik ez dela eten salatu du Greenpeacek, hurrengo urteotan 359 amarraleku gehiago egin nahi baitituzte Bizkaian: Armintza-Lemoiz, Ondarroa eta Lekeition.

    Kirol portuak ez ezik, bestelakoak egiteko proiektuak gaitzetsi ditu Greenpeacek, bereziki Mutriku eta Pasaiakoa. Pasaiaren kasuan, naturaren harribitxi bat mehatxupean dagoela dio erakunde ekologistak, Jaizkibel mendia eta haren itsaslabarra aipatuz. «Administrazioaren burugabekeriaren adibide ezin hobea» da Pasaiako proiektua, Greenpeaceren ustez, eta esan du portu berriak ez duela inongo justifikaziorik. Herritarrek ez dutela nahi, eta gertu Baiona eta Bilboko portuak daudela oroitarazi du. Azpiegitura berriaren bideragarritasun ekonomikoa frogatu ez badute ere, Foru Aldundiak eta Portu Agintaritzak Jaizkibel zulatuko duten bi tunel egiteko proiektua abiatu dutela salatu du. Jaizkibelgo itsaslabarra Europako Natura 2000 sarean dagoela oroitarazi du, eta egungo portua berritzearen alde agertu da.

    3. Kutsadura

    Euskal Herrian kutsadura maila handiak daude kostaldean, Greenpeacek urtero ohartarazten duen legez. Nazio Batuen Erakundeak egindako txosten baten arabera, bi presio handi daude Bizkai eta Gipuzkoan: «isuri kutsagarriak, industriak eta herritarrek egindakoak, eta aldatze morfologikoa (kanalizazioa eta marea arteko galera)».

    Industriaren kutsadura aspalditik dator, eta egoera ez da zuzendu azken urteotan, erakunde ekologistaren arabera. Kutsagarriak metal astunak eta osagai organikoak dira, eta ibai, itsasadar eta kostaldean aurki daitezke. Ibaizabal, Oiartzun eta Deba dira ingurune kutsatuenak. Elikagai katean kutsadura horrek duen eragina azpimarratu du Greenpeacek. Besteak beste, Ospar Hitzarmenak egindako txostenak dioena gogoratu du: hots, arrain eta moluskuek merkurio ugari dutela, batik bat Bilboko itsasadarrean.

    Ibaizabalgo itsasadarra industria eta hiri kutsaduraren ondorioz Euskal Herrian gehien degradatu den ingurunea. Nerbioi ibarreko hainbat gunetan (Amurrio, Laudio eta Urduña) arazgailurik gabeko industria dagoela salatu du. Bilbo inguruko planta kimiko, energetiko eta siderurgikoek 24,9 milioi metro kuboko isuri toxikoak egiten dituzte urtean. Kromo, merkurio, kadmio, beruna, kobrea eta zinka dira kutsagai ohikoenak. Hirigintza presioaren ondorioz ere isuri larriak gertatzen dira, Galindoko arazgailutik batez ere, nitrogeno, fosforo eta halako osagaiak, koliformoak eta bakteria fekalak. Muskizen Petronorren plantak eragindako «kutsadura kronikoa» salatu du berriro. Planta horrek ura, lurra eta airea kutsatzen dituela gogoratu du. Halaber, salatu du jarduera baimenik gabe ari dela lanean eraiki zenetik, Muskizko Udalak berak egindako txostenaren arabera. Enpresa horrek koke planta berri bat egiteko duen asmoa ere gaitzetsi du.

    Pasaiako badian eta Oiartzungo itsasadarrean dagoen kutsadura ere «oso larritzat» jo du Greenpeacek. Metalgintzak, meategiek eta elikagaien industriak sortutako kutsadura azpimarratu du. Baina, batez ere, Iberdrolaren plantak sortzen duen kaltea nabarmendu du.

    47.295

    Artifizialdutako hektareak. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian bikoiztu egin da bi hamarkadetan arfizialdutako lurraldea, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera. 1987an 23.607 hektarea hartzen zituzten hirigintzak eta azpiegiturek. 2005ean, aldiz, 47.295.

    1,24

    Egunero hondatzen den lur azalera. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian egunero 1,24 hektarea lur hartzen dituzte hirigune edo azpiegitura berriak egiteko, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera. Onartu du arazoa dela hori, eta joera hori eteten saiatu behar dela.

    Bilboko portua, zaratatsuena

    Bilboko portua da Kantauri itsasoko zarata sortzailerik handiena, La Caixak finantzatutako eta Aplicaciones Bioacusticas laborategiak egindako neurketaren arabera. Bilbo, Santander, Gijon (Espainia), Coruña eta Vigoko (Galizia) portuen jarduerak sortutako zarata neurtu dute. Ikerketaren ondorioa da Bilbo dela kutsadura akustikorik handiena duena.

    Zer dira PHA eta PCBak?

    PHA-k ingurumenean luzaro iraun dezaketen osagai organikoak dira. Zuntz koipetsuetan biltzen dira, eta arrisku handia dute. Gizakietan eragin mutagenikoak eta tumoreak eragin ditzakete. PCBak iraunkor, toxiko eta metagarriak dira. Gizakien osasunean oso kalte handia egin dezakete. Muskulu urdinetan erruz aurkitu dira.

    Arrain eskasia

    Oceana erakundeak Kantauriko itsas hondoak aztertu ditu, eta ondorioztatu du egoera «oso txarra» dela. «Arrain espezie gehienetan eskasia dago», adierazi du, eta hori Kantaurin izan den gehiegizko ustiapenarekin lotu du. Oceanako ikertzaileak Orio, Mutriku eta Donostian egingo dituzte azterketa gehiago hurrengo astean.

     Pilar Marcos Espainiako Greenpeaceko Kostetako arduraduna

    «Mediterraneoko ereduak kopiatzen ari dira Bizkaian eta Gipuzkoan»

    I. Petxarroman Donostia

    Kezkatuta daude Greenpeacen Euskal Herriko kostaldean ikusten dituzten hainbat joerarekin. Babesteko neurri zorrotzagoak eskatu dituzte.

    Zein da Bizkai-Gipuzkoetako kostaldearen egoera, zuen ustez?

    Bizkaian eta Gipuzkoan Mediterraneoko ereduak kopiatzen ari dira. Gure ustez binomio hau zabaltzen ari da: golf zelaia eta etxebizitza pila inguruan. Azken urteotako joerari erreparatuz gero, hori azpimarratuko nuke. Bestalde, oso kezkagarria izaten jarraitzen du uren kutsadurak. Egin dira ahalegin batzuk hori zuzentzeko, baina ibar guztiak modu integralean kudeatu behar dira, sortzetik itsasadarreraino.

    Lurren artifizialtzea aipatu duzue.

    Bai, hala da. Espainiako Iraunkortasunaren Behatokiak jasotako datuetan oinarritu gara hori esateko. Azken urteotan nabarmena da lur ugari artifizialdu direla, bai azpiegiturak egiteko, bai eraikuntza berriak egiteko.

    Kutsaduraren gaian Muskizko Petronorren findegia aipatu duzue. Orain koke planta bat egiteko asmoa du. Zer iruditzen zaizue asmo hori?

    Kezkatuta gaude, kutsadurari kontrol zorrotza ezarri eta murrizten saiatu beharrean, kontrakoa egiten ari dira. Isurketak handitzen, kutsadura iturriak ugaritzen eta oso zigortuta dagoen ingurune bat gehiago hondatzen.

    Nola irizten diozu Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien lanari?

    Uste dut Jaurlaritzaren aldetik aurrerapen txiki bat izan dela, eta nolabaiteko ahalegina egin dutela orain arteko kaosa arautzeko. Baina eskuduntzak oso banatuta daude, eta horrek ez du laguntzen kontrola egiteko.

    Pasaiako kanpoko portuaren «arriskuaz» ohartarazi duzue, berriro.

    Izan ere, oso kezkatuta gaude. Mendi eta itsaslabar ederrak txikitu nahi dituzte, nahiz eta alternatibak badiren halakorik ez egiteko. Egungo portua berrantolatu liteke, eta dauden azpiegiturak optimizatu. Kanpoko portuak arazoak areagotu baino ez du egingo, itsasoak bortitz jotzen duen inguru batean ezarri nahi baitute, horrek duen arriskuekin.

    Zer egin beharko litzateke kostaldea babesteko?

    Kostako Legea bete egin behar da, ez dadin ezer eraiki kostatik 100 metrora. Lege horrek 20 urte ditu, baina oso gutxitan aplikatu da. Gainera, 100 metro ez, babesa 500 metrora zabaltzeko eskatzen dugu guk. Era horretan, modu eraginkor batean babestu litekeelako kostaldea, gure ustez. Politikariek iraunkortasunaren aldeko hitz dotoreak egiten dituzte, baina praktikan ez dituzten babes neurriak aplikatzen.

    Interes ekonomikoak lehenesten direlako?

    Interes pribatuen atzean iruzur ugari ezkutatzen dira. Argi dago badirela batzuk oso epe laburretan patrikak bete nahi dituztenak denon ondarea den natura hondatuz. Kostaldea babesteak ere diru asko ematen dio estatuari, baldin eta turismo iraunkorra sustatuko balitz.

    Esan berri dute Guggenheim berri bat eraikiko dutela Udaibain?

    Galdera da ea ez dagoen Euskadin beste lekurik eraikitzeko horrelako museo bat. Justu natur babesgune batean eraiki behar al da? Herri askok nahiko lukete horrelako museo bat izatea, baina Urdaibain eraikitzeak ez du zentzurik.


    Partekatu - Compartelo