Albistea

  • Resa enpresak idatziko du Zubietako errauste planta egiteko proiektua

    2008-07-31
    Partekatu - Compartelo

    berria  2008.07.31 Resa enpresak idatziko du Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietako gainetan egin asmo duen errauste plantaren proiektua. Erabakia atzo hartu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAko (GHK) administrazio kontseiluak. Jakinarazi duenez, 7.216.078 euroko aurrekontua izango du idazketa prozesu osoak, eta 2009. urte hasierarako amaituta egon beharko du, urte bereko bigarren seihilekoan lanak enkantera atera ahal izateko. 2012rako planta martxan nahi dute agintariek.

    Egitasmoa idazteko lehiaketara lau enpresa aurkeztu ziren: Resa bera, Idom, Eptisa-Heymo eta Tr-Lks, hain zuzen. Horien artean Resa hautatu dute, puntuaziorik altuena lortuta. Errauste plantaz gain, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa Zentroan beste hainbat azpiegitura aurreikusi dituzte egitasmo berean. Hartara, proiektuak kontuan hartu beharko ditu lurzoruaren prestaketa, zentroaren definizioa eta ingurumen eraginei buruz egin beharreko azterketak. Proiektuaren idazketa honako lan hauek enkantera ateratzeko oinarria izango da: planta eta azpiegitura bakoitzaren ingeniaritza eta gauzatze proiektuak, behin betiko eraikuntzakoak, eta hornidurak estaltzekoak. Halaber, azpiegiturek beharko dituzten baimenak eskuratzeko izapide administratibo guztiak prestatu beharko ditu Resak.

    Eraikinen arkitektura proiektua eta obra zibila ere egin beharko ditu Resak. Foru Aldundiak jakitera eman duenez, enpresak hitza eman du GHK-k ezarritako parametro estetikoak beteko dituela eta «berebiziko ahalegina» egingo duela zentroa ingurunean bertakotzeko eta eraginik txikiena izateko printzipioak errespetatzeko.

    Zubietako gainetan egin asmo duten zentroan hiru tratamendu mota egingo dira: errausketa, biologiko-mekanikoa eta zepen birziklatzea. Hasieran, 7,5 hektareako lur eremuan egin asmo zituzten zentroko azpiegitura guztiak, gune bakar batean. Baina joan den hilean Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak hitzarmena sinatu zuten, eta zentroaren azalera handitzea erabaki.

    Guztira bederatzi hektarea hartuko ditu zentroak, eta bi plataformatan banatuko dituzte bertako azpiegitura guztiak. Plataformetako batek bost hektarea hartuko ditu, eta bertan eraikiko dituzte errauste planta eta biolehortze termikoko planta. Beste plataformak lau hektarea izango ditu gutxi gorabehera, eta han jarri asmo dituzte errauste plantan sortuko diren zepak tratatzeko planta eta ingurumenaren interpretazio zentroa.

    San Markos itxi gabe

    Aralarrek salatu du Errenteriako (Gipuzkoa) San Markosko zabortegiaren itxiera «amaigabeko istorioa» bihurtzen ari dela, «zabortegia ixteko ardura duten mankomunitateko arduradunen utzikeriagatik». Uda aurretik zabortegia itxiko zuela agindu zuen Foru Aldundiak. Arduradunen helburuen artean itxiera badago, behar diren urratsak egiteko eta inguruko bizilagunei «adarrik ez jotzeko» eskatu die alderdiak.


    Partekatu - Compartelo