Albistea

  • Garoña itxi behar da, aro berri bati hasiera emateko

    2008-11-06
    Partekatu - Compartelo

    Zentral nuklearra ixteko hitza bete dezan eskatu diote 5.000 lagun inguruk, Gasteizko kaleetan, Espainiako Gobernuari

    Keinu alderdikoiak ahaztu eta erabakiak hartzeko eskatu die Eguzkik talde politikoei.

    jarraia30225«Garoñako zentrala (Burgos, Espainia) itxi behar da aro berri bati hasiera emateko, gaur egungo garapen eredua eztabaidatu ahal izateko; gizarteak ozen eskatu du hori eta Espainiako Gobernuari dagokio orain gizarteak eskatzen duena betetzea». Eguzkiko bozeramaile Alberto Friasek hitz horiekin laburbildu zuen atzo arratsaldean Gasteizko kaleak bete zituzten milaka lagunen nahia. Herriaren hitza errespetatu, Garoña itxi orain lelopean 5.000 lagun inguru bildu ziren, urteroko eskaera, eskakizuna, berresteko.

    Atzoko manifestazioak konnotazio berezia zuen. Garoñako zentralaren kontrako manifestazio asko egin diren arren, aurreko urteetan egin direnak guztiz gainditu zituen atzokoak. Eztabaidak alde batera utzi eta erabakiak hartzeko unea dela azpimarratu zuen Eguzkik manifestazioa deitu zuenean. Garoñaren itxiera ozen eskatzeko deia egin zuen, eta helburuak gauzatu zirela ondorioztatu zuten antolatzaileek. «Garoñaren itxiera eskatzeko inoiz egin den mobilizazio handiena da», azpimarratu zuen Alberto Friasek.

    Eguzkik deitutako manifestazioa Hego Euskal Herrian ordezkaritza duten ia sindikatu guztien eta dozenaka gizarte eragileen babesa izan zuen. Horien ordezkariak izan ziren, hain zuzen ere, mikrofonoaren aurrean Garoñaren itxiera eskatu zutenak. PSOEk hauteskunde kanpainan lehen belaunaldiko zentral nuklearrak ixteko emandako hitza gogora ekarri zuten, eta orduan esandakoa betetzeko eskatu zioten Espainiako Gobernuan dagoen taldeari.

    Luzapen estaliaren arriskua

    Garoñako zentral nuklearrak bizi duen egoera berezia gogoratu zuten sindikatu eta gizarte eragileen ordezkariek. 2009ko uztailean zentral nuklearra ustiatzeko luzapena bukatzen da, eta beste hamar urtez luzatuko ote duen erabaki behar du Espainiako Gobernuak. Horren aurretik luzapen estalia gerta daitekeela gogoratu zuten. Hala, 2009ko martxoan indarrean dagoen ustiatzeko luzapenaren azken erregai karga heldu daiteke, eta erregai hori agortu arte irekita egoteko arriskua dagoela ohartarazi zuten.

    Testuinguru horretan politikarien lana gogoratu zuen Friasek, eta orain arte egin duten lana salatu zuen: «Keinu alderdikoiak alde batera utzita, erabakiak hartzeko unea da». Patxi Lazkoz Gasteizko alkatea (PSE-EE) manifestazioan egon ez izana kritikatu zuen. «Hemen ez dagoen alkate batek ez du merezi hiri honetako alkate izatea», leporatu zion, eta Garoñako zentralak suposatzen duen arriskua gogoratu.

    Pauso bakoitzeko, hazi

    Arratsaldeko sei eta erdietan zaila zen aurreikustea manifestazioak bilduko zuen jendetza. Zazpiak izateko minutu gutxi falta zirela jendea pilatuz joan zen Andra Mari Zuriaren plazan. Ibilbidea hasi ahala, gero eta jende gehiago gehitu zen, ordea. Herriaren hitza errespetatu, Garoña itxi orain leloa zuen pankartaren atzean adin eta izaera askotako pertsonak bildu ziren. Garoñaren kontrako hamaikagarren manifestazioa zen hainbatentzat. Nuklearrik ez, eskerrik asko lelodun pegatina lehengo aldiz jarri zuen beste zenbaitek.

    Olagibel kalean aurrera egin ahala, manifestazioa hazi egin zen. Bakea kalean eman zuen pauso bakoitzean jende ilara luzatuz joan zen, Andra Mari Zuriaren plazan bildu ziren milaka lagunak osatu arte. San Migelgo balkoitik bi pankarta erraldoi eskegi zituzten manifestazioa bukatzean. Lehena, beltza, Garoña hitza zuen idatzita. Bigarrenean itxi hitza zegoen plastiko berdearen gainean. Aro berri baten hasieraren itxaropena islatu nahi zuen berdea, agian.


    Partekatu - Compartelo