Gabonetako argien kontsumoa txikituko dute hainbat herritan
2009-12-10
Partekatu - Compartelo
Gabonetan, ezinbesteko osagai bihurtu dira kaleko argiak. Jendeak, eta batez be haurrek, oso gogoko dituzte apaingarri berezi hauek. Donostian dugu horren froga: Udalak aurten argirik ez ipintzea erabaki du, eta herritar batzuk kalera atera dira protesta egiteko. Baina kontua da, argi hauek gastu bat diela ekonomikoki, eta gainera, ez direla gure ingurumenarentzako onak.
Horregatik, hainbat udal -tartean Durangaldeko batzuk ere bai- Gabonetako argien gaineko neurriak hartzen hasi dira.
Gabonetakoak izan arren, leku askotan abendu hasieratik ikusten dira kaleak argitzen. Herri gehiagotan egin dute apaingarri hauek ipintzeko apustua, eta lehendik zeudenetan, kaleetan hedatzeko joera egon da. Hala ere, eskualdean badago salbuespenik; herri guztiak ez dira atontzen argiekin.
Durangon 2007an hasi ziren aurrezteko politikarekin, Agenda 21eko azterketak egin ostean. Klima aldaketaren aurkako Programaren baitan hartu zuten erabakia, beste bi neurrirekin batera: semaforoetan LED teknologia ezartzea eta kaleko argietan erreduktoreak jartzea.
Aurtengo Gabonetan argi guztiak LED motakoak izango dira, eta egunean denbora gutxiagoan egongo dira funtzionatzen. Isiotu, iaz bezala, 18:00etan egingo dituzte, baina amatatu 03:30ean, goizeko 06:00etan beharrean. Iaz 78 puntu argiztatu ziren; aurten 56. 2007ko datuekin alderatuz, “16.682 kwh gutxiago gastatuko dira, eta CO2 isurketak be 8.000 kg jaitsi dira ordutik, udal ordezkarien arabera.
Iurretan, bestalde, iazko argiak berrerabiliko dituzte, eta 3.000 euro bakarrik gastatuko dituzte Bixente Kapanaga kaleko argi berriak alokatzeko. Iurretako Udalak be LED motakoen aldeko apustua egiten du. Aurten beranduago isiotu dituzte argiak, gaur bertan, hain zuzen.
Elorrion herriko erdigunean soilik ipini dituzte, eta abenduko lehen aste bi hauetan asteburutan bakarrik isiotu dituzte. Berrizen ere Urtiaga plazan ez dituzte ipiniko, nahiz eta alkatearen berbetan “urtero kontu handiz ibili”. Abadiñon, kontsumo baxuko bonbilen alde egin dute, eta Atxondon “urteroko printzipioari jarraituz, neurrian ipiniko dituzte”, alkateak argitu digunez.