Albistea

  • Eguzki U 27ko grebarekin bat dator eta tarifa elektrikoen neurriz gaineko igoeraren kontrako argi itzaltzea sustatuko du

    2010-01-18
    Partekatu - Compartelo

    EGUZKI bat dator Euskal Herriko gehiengo sindikal eta sozialak urtarrilaren 27rako..

    Greban itzalpena

    EGUZKI bat dator Euskal Herriko gehiengo sindikal eta sozialak urtarrilaren 27rako egin duen greba deialdiarekin. Gure ustez, ingurugiroaren, osasun publikoaren, bizi kalitatearen eta, oro har, ekologiaren ikuspegitik ere, hamaika arrazoi daude gobernuak krisiaren aitzakian hartzen ari diren neurriei aurre egiteko. Neurri horiek kapitalaren mesedean eta herritar xumeen kaltetan hartzen dituzte beti. Horren lekuko da orain dela gutxi PSOEko Gobernuak onartu duen argindarraren neurriz gaineko tarifa igoera, ingurugiroarekin zerikusi handia duena, gainera. Hori dela eta, protesta moduan, greba egunean egingo diren mobilizazioen artean, EGUZKIk argi guzti-guztiak ordu erdiz itzaltzea proposatzen du Zergatik grebarekin bat? PSOE, betiere eskubiko alderdiek lagunduta, sekulako murrizketak egiten ari da herritarrek urtetan lortutako eskubide sozialetan. Murrizketa hauei aurre egiteko hamaika arrazoi daude, baina, ekologistak garen aldetik, batzuk aipatuko ditugu: -Argindarra, garraio publikoa eta oinarrizko beste zerbitzuen tarifa igoera etengabea. -Pentsioen murrizketa eta horrek bizi kalitateari egiten dion kaltea. -Bizitzaz gozatzeko eskubidearen murrizketa eta iraungitze data duen (ala ez duen) eskulan hutsa bagina bezala tratatuak ez izateko eskubidearen murrizketa. -Lan egin behar dela bizitzeko eta ez dela lan egiteko bizi behar inoiz baino irmoago aldarrikatu beharra. -Zerbitzu publikoen etengabeko galera salatu beharra. -Behar sozialak asebetetzera bideratu beharko litzatekeen dirutza publikoa krisiaren erantzuleei beraiei ematea salatu beharra. -Elikagai kontutan subiranotasuna (edo geratzen den subiranotasun apurra, behintzat) defendatu beharra eta, aldi berean, alor horretan mundu mailan dagoen merkadeoa salatu beharra. -Ondasunak banatu behar diren eta planetaren aberastasunak xahutu behar ez diren kontzientzia. -Bestelako mundua posible ez ezik ezinbestekoa ere baden kontzientzia. Hauek dira greba egiteko gure arrazoietako batzuk, baino askoz gehiago ere badira. Egia da arrazoi hauek egunero-egunero defendatu behar direla, baina egia da ere ez dagoela batere gaizki egun jakin batean, urtarrilaren 27an, denok batera protesta egitea. Zergatik tarifa elektrikoaren gehiegizko igoeraren kontrako argi itzaltzea? Herri xehearen kaltetan hartzen ari den neurrien artean, PSOEko Gobernuak energia enpresa handien interesei men egin die eta argindarraren gehiegizko tarifa igoera onartu du, %9,8koa. Kontuan izan behar azken hilabeteotan tarifak beste bi alditan ere gora egin duela: lehenengoa BEZ berria onartu zenean eta bigarrena, berriz, urrian. Zulo galanta berez nahiko hutsik dauden herritar xeheen poltsikoetan. Gainera, ingurugiroaren ikuspegitik begiratuta, igoera hau ?zikina? da oso. Izan ere, energia berriztagarriak (batez ere fotoboltaikoa) zigortzen ditu eta, aldiz, Estatuko bertako ikatza erabiltzea saritu. Ez dago esan beharrik ikatzak negutegi efektuko gas eta, oro har, askoz kutsadura gehiago sortzen duela. Zergatik gobernuen eta energia enpresa handien arteko konplizitatea? Norberak erantzun dezala, baina José María Aznar Endesan dago, Felipe González NaturGasen, eta Josu Jon Imaz Petronorren. Bitxia, ezta?. Urtarrilaren 27an, 19.00etatik a 19.30ak arte, argi itzaltzea Herritarrei dei egiten diegu urtarrilaren 27an argiak itzal ditzaten, 19.00etatik 19.30ak arte. Leku guztietako argiak… etxeetakoak, lantegietakoak, aisialdiko zentroetakoak… den-denak. Keinu txiki-txiki baten bidez eta 30 minutuz nazka-nazka eginda gaudela adierazteko aukera izango dugu (bide batez zertxobait ere aurreztuko dugu, bai poltsikoaren mesedean, bai ingurugiroaren mesedean ere). Herritar guzti-guztiei egiten diegu dei, bai greban egongo direnei, bai egongo ez direnei ere. Eta dei egin nahi diegu bereziki teknikoki greba egiterik ez dutenei, alegia, erretiroa hartutakoei, etxeko andreei, lanik ez dutenei… EGUZKIkook ederki asko dakigu gure indarrak hutsaren hurrengo direla eta, ondorioz, oso litekeena dela gure deialdiak inolako oihartzunik ez izatea. Horregatik sindikatu eta era guztietako talde sozialei ere dei egin diegu deialdia eurenganatu dezatela eta, ahal duten neurrian, zabal dezatela. Ez dugu aukera txikienik ere galdu behar egiten ari direnarekin bat ez gatozela adierazteko. EGUZKI 2011ko urtarrilean Tf kontaktatzeko 688 68 13 67 http://eguzkidonostia.blogspot.com


    Partekatu - Compartelo