Albistea

  • Adar kontuak Burgales-i, begirunez

    2010-09-16
    Partekatu - Compartelo

    Kataluniako Parlamentuak 2012tik aurrera zezenketak debekatzeko erabakia hartu du eta, erabaki horren anparoan, aurtengo udan, euskal antitaurinoen ekimenak inoiz baino gehiago izan dira

    articles-68430_toro_sangrando

    Kataluniako Parlamentuak 2012tik aurrera zezenketak debekatzeko erabakia hartu du eta, erabaki horren anparoan, aurtengo udan, euskal antitaurinoen ekimenak inoiz baino gehiago izan dira eta inoiz baino jendetsuagoak. Komunikabideetan ere inoiz baino oihartzun handiagoa lortu dute. Aldi berean, krisiagatik-edo, zezenketa askotan plaza erdia ere ez da bete, eta agerian geratu da ikuskizun anker honek aurrera egiten badu, diru laguntza publikoei esker eta diru laguntza publikoei esker bakarrik egiten duela. Orain, irailean, zezenketa denboraldia bukatu berri den honetan, idatzi honen bidez antitaurinoen arteko eztabaida egiteko deia eta, aldi berean, eztabaida horri ekarpen xume bat egin nahi diogu. Izan ere, eztabaida beharrezkoa dela uste dugu. Bestela, udan bizi izan dugun loraldi antitaurinoa fruiturik eman gabe zimeltzeko arriskua dago. Loraldi horren abiapuntua, arestian esan bezala, Kataluniako erabaki eredugarria izan da, eredugarria izan delako PROU! sustatu dutenen lana. Batera lan egiten asmatu dute, sentsibilitate desberdinak biltzen, kulturako hainbat eragileren sustengua lortzen eta, batez ere, bolondres talde izugarri handi baten gogoa eta indarra behar bezala bideratzen. Bolondres horiek izan dira, beraien lana, irudimena eta denbora jarrita, 180.000 sinadura bildu dituztenak, eta, ondorioz, lege ekimen herritarra posible egin dutenak. Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdien jarrera ere eredugarria izan da. Herritarrek lege ekimenaren bidez zer adierazi nahi zuten garbi ulertu eta horren arabera jokatu dutelako. Honetatik guztietatik ondorio bat baino gehiago atera daitezke, baina momentuz bat bakarrik nabarmendu nahi dugu: Kataluniatik oso-oso urruti gaude. Batez ere politikoak, jakina. Inork gogoan al du zer gertatu zen hemen 35.000 herritarrek izen eta abizenez sustatu zuten zaborraren inguruko lege ekimenarekin? Bada, ezer ez, Gasteizko Parlamentuan eztabaidatzera ere ez zelako iritsi, PSOEk, PNV-k eta PP-k bost minutuko tramitean bertan behera utzi zutelako. Gero etorriko zaizkigu esaka herritarren parte hartzea sustatu nahian dabiltzala. Kataluniaren eta Euskal Herriaren artean bada beste diferentziarik ere. Parlament-ek hartutako erabakiaren aurrean, taurinoek gogor erantzun dute, espero zitekeen bezala, han eta hemen. Baina hemen lehendakariak berak sustengua espresuki adierazi nahi izan die. Horretarako joan zen Vista Alegrera, Ares kontseilari kuttuna besotik helduta zeramala. Bai, honetan ere garbi dago Lopezek eta enparauek ez dutela PSCko kideekin zerikusirik. Izan ere, askatasunaren izenean mintzo dira zezenketen alde!; ez omen dira-eta debekuen zaleak! Ez direla debekuen zaleak? Baita zera ere! Debekuzaletasuna da alderdi horren nortasun-zeinurik nabarmenetako bat. Debekuen jonkia dela ere esan liteke. Alabaina, zezenak jendaurrean hil arte torturatzen jarraitzeko askatasuna aldarrikatzen dute. Askatasun horren aldarria ederki asko islatu da uda honetako teleberrietan. Zezenketa guztien eta bakoitzaren erreportaiak bota dituzte, adituaren iruzkinak eta guzti. Beraz, ETBri esker, egunero, odolustutako dozena erdi bat zezen izan dugu postre. Baina hainbeste askatasun gustuko ez baduzu, telebista itzaltzeko edo beste kate batera salto egiteko eskubidea geratzen zaizu, momentuz, behintzat. Aitor dugu: guk eskubide horretaz baliatu gara. Horrela daude gauzak gurean (hau ez da Katalunia) eta, baldin eta benetan aurrera egin nahi badugu, errealitate hori ezin dugu saihestu. Egia da herritar asko eta asko zenzenketen kontrakoak direla eta are gehiago direla oraindik ikuskizun odoltsu horri bizkar ematen diotenak. Baina agintzen dutenak zezenketazaleak dira, eta puntu honetan, besteetan ez bezala, ?transbertsalitate? handia dagoela ezin ukatuzkoa da. Zezenketei dagokienez, Azkunaren eta Elorzaren artean edo Lopezen eta Urkulluren artean ez dago desberdintasun handirik. Egia da batzuk besteak baino harroago agertzen direla zezenketazale, baina, azken batean, den-denek ematen dute ikuskizunak aurrera egiteko behar beste laguntza publikoa. Hau da gure egoera, eta egoera horretatik abiatuta, debekuranzko estrategia komuna adostu beharko lukete antitaurinoek. Gure ustez, eta uda honetan gertatu dena ikusita, hemendik aurrera, bakoitzak bere aldetik bultza ditzakeen ekimenak motz geratzeko arrisku handia dago. Ekimenak bikoizteko eta, ondorioz, herritarrak despistatzeko arriskua ere badago. Are gehiago, zenbait ekimen zezenketen inguruan dagoen folklorekeriarekin berdintzeko arriskua ere badagoela uste dugu. Garbi gera bedi: hau guztia gogoeta sustatzeko asmotan esaten dugu eta, gainera, gogoeta egin behar dugun lehenak gu geu garela aitortuta; beraz, ez dugu inor kritikatzeko edo mintzeko esaten, eta are gutxiago zezenketen kontra ari den inor. Baina benetan aurrera egin nahi badugu, Kataluniatik ikasi behar dugu eta mugimendu bateratu bat sortu, sentsibilitate desberdinak batzen asmatuko duena. Mugimendu horrek mezu garbia behar du, antitaurino guztiek bere egingo dutena eta herritar gehienek erraz ulertuko dutena. Dagoeneko koletiboetan parte hartzen duten pertsonek osatua izan daiteke, baina baita antolatuta ez dauden pertsonek osatua ere. Ez da joko alderdikoietan sartu behar, baina, aldi berean, alderdiei sostengua naturaltasunez eskatu beharko lieke beharrezkoa denean. Hitz gutxitan: epe ertainean zezenketak debekatzeko estrategia komuna bideratuko duen mugimendua behar da. Gure ustez, hauxe da bide horretan aurrerapauso bat egiteko unea. Orain arteko ekimenak (batzuk besteak baino ikusgarriagoak, baina denak beharrezkoak) estrategia eragingarri bati lotu behar zaizkio. Irail hasieran, batzuk bide horretan pausoak ematen hasi direla sumatu dugu. Asko poztuko ginateke pauso horiek sendotuko balira. Eztabaida ixteko presarik ez dago, baina ireki, lehenbailehen irekitzea komeni dela uste dugu. Polita litzateke datorren udan ikustea antitaurinoak benetan hazi direla eta aurten bizi izan duguna ez dela koiunturak sortutako apar hutsa izan. Arantza De Ozio EGUZKIko partaidea n.a. 15897186-T Tf. 943 43 06 28 Eskertuko genuke eskutitz hau, zuen iritzi edo edo eskutitzak sailean plazaratzen baduzue.


    Partekatu - Compartelo