Motxo arrantzontziaren istripua Zumaia eta Deba arteko biotopo babestuan
2010-11-06
Partekatu - Compartelo
Bermeoko Motxo arrantzontziak istripua izan du. Zumaia eta Deba arteko harraldean hondoa jo eta helikopteroz atera behar izan dute eskifaia. 15 tona erregai ditu depositoan.
Ez dirudi erraza izango denik Motxo arrantzontzia harraldetik ateratzea. Itsasgorarekin batera, olatuek gorago ekarri dute, labarraren pareraino ia. Baratzazarraurreko paraje horretan sakonera gutxi du itsasoak itsasgoran ere, eta brankada zorrotzek aise zula dezakete ontziaren kroskoa. Motxo itsasorantz ateratzeko agindua zuten han bildutako lau erreskate ontziek, baina gerturatzeko aukerarik ere ez dute izan. Badirudi bihar itsasoa bareago egongo dela, eta itsasgora baino laupabost ordu lehenago hasiko omen dira lanean. Arrantzontzia ateratzeko modurik ez badago, depositoan gordeta dituen 15 tona erregai ateratzea izango da lehentasuna. Eta haitzetan kateaturik gelditu den sarea kentzea. “Sare hori tranpa bat da horko bizidunentzat eta baita motorzaleentzat ere”, adierazi dute Aldundiko iturriek. Istripuaren nondik norakoak ikertuko dituztela agindu du Aldundiak. “Ikusi beharko da legearen barruan ari ote ziren, zergatik gertatu den istripua…”. Sarea haitzetan bola zabaldu den ikusita, nahikoa begi bistakoa dirudi arrantzan ari zirela, sareak botata zituztela. Sarea jasotzeko erabiltzen den egitura ere tolestuta dagoela ikus daiteke, pisuaren eraginez edo. Hala ere, ikerketak esango du benetan zer gertatu den gaur goizaldean. baleike.com webgunean aurkituko dituzue istripuaren argazkiak eta informazio osatuagoa.