Albistea

  • SARDINIA ZORIONAK! Eguzkik Sardiniarrak zoriontzen ditu euren kontzientzia antinuklearragatik

    2011-05-17
    Partekatu - Compartelo

    Sardiniako milioi eta erdi hiritarrek energia nuklearraren eta honen hondakinen inguruko iritzia eman ahal izan du erreferendum bidez.

    sardiniaantinuclear-1

    Asteburu honetan Sardiniako biztanleen gehiengo zabal bat uhartean zentral nuklear bat eraikitzearen kontra azaldu da, eta hondakin erradioaktiboentzako biltegi bat eraikitzeko plana ere atzera bota du.

    Erreferendumak populazioaren %30aren parte hartzea behar zuen balekoa izateko, eta muga hori erraz gainditu du. Erreferenduma Fukushimako istripuaren aurretik deitu zen, eta SIN (Sardigna Natzione Independente) alderdi independentistak proposatu zuen, horretarako behar ziren sinadurak bilduta.

    Galdera hau egin zen: Sardinian zentral nuklear bat eta honen hondakin erradiaktiboentzako biltegia ipintzearen kontra zaude? Eta baiezkoa nagusitu zen, irlako erakunde eta alderdi gehienen babesarekin. Sardiniako presidente Ugo Cappellaccik ere publikoki eman zuen baiezko botoa.

    Eguzkikook sardiniarrak zoriondu nahi ditugu, euren eredu eta kontzientzia antinuklearragatik, eta espero dugu eredu hau Italian ere zabalduko dela. Izan ere, italiarrak ere energia nuklearraren aurka azaldu ahalko dira ekainaren 15 eta 16an egin nahi duten erreferendumean. Berlusconik erreferenduma gelditu nahi du, badakielako italiarren gehiengoak ez duela babesten Italia nuklearrez betetzeko bere asmoa.

    Erreferenduma loteslea izateko eta kontuan edukitzeko hiritarren %50aren parte hartzea beharrezkoa bada ere, Berlusconiren alderdiak berau ekidin nahi du, aitzakiatzat ipinita jada eskatu duela urte beteko moratoria nuklearrentzat. Il Cavalierek (beste batzuk ezizen desatseginagoz ezagutzen dute) ez du nahi herritarren gehiengoa bere nahien kontra dagoela bistaratzea. Gaia Auzitegi Gorenaren esku dago, eta espero dugu azkenean herriari hitz egiten lagako zaiola.

    Eguzki talde ekologistak inbidia -sanoa, noski- dauka, Sardiniarrek euren iritzia eman ahal izan dutelako, eta agian italiarrek ere hala egingo dutelako. Baten batek imajinatzen du halako erreferendum bat Euskal Herrian, dela nuklearrengatik, dela beste zerbaitengatik? Zoritxarrez, gure agintariak halako asmoetatik oso urruti dabiltza. Zoritxarrez. Horrexegatik gure inbidia.

    Zorionak Sardinia!                             Zabaldu mesedez

                                                   EGUZKI

                                   2011ko maiatzean

     

    Kontaktatzeko 688 68 13 67


    Partekatu - Compartelo