Mutrikuko itsas energia instalazioak: sentipen kontrajarriak
2011-07-10
Partekatu - Compartelo
Eguzkik Mutrikuko itsas energia instalazioen gaurko inaugurazioari buruzko iritzia eman nahi du, gertakari honek sentsazio kontrajarriak sortzen baitizkigu.
– Hasteko, positiboa iruditzen zaigu olatuen indarra energia berriztagarri lez erabiltzea. Pauso txiki bat da -instalazioak 660.000 kWh sortzen baititu urtean, denbora horretan 600 pertsonak kontsumitzen dutena, hain zuzen ere – baina bide zuzena iruditzen zaigu.
– Halako instalazioak dikeak eginda dauden lekuetan ipini beharko lirateke (Santurtzin, Bermeon, Orion, Hondarribian…), baldintza teknikoek ahalbidetzen duten heinean, beti ere. Izan ere, ez dugu uste instalazio mota hauek asko heda daitezkeenik euskal kostaldeko 200 kilometro eskasetan, nahiz eta proiektu honen bultzatzaileek bestelakorik esan.
– Hori bai, ezin ditugu halako instalazioak erabili ingurumenarentzako kaltegarriak diren obrak justifikatzeko. Hainbeste eztabaida sortu duen Mutrikuko dikea justifikatzeko, adibidez. Energi azpiegitura honek ez du justifikatzen Mutrikun egin den obra guztia.
– BIMEP proiektua dela eta, berriro ere moratoria bat eskatu nahi dugu, oraindik ez baita aztertu halako azpiegiturek itsas ingurumenean duten eragina. Baliteke eraikuntzan erabiltzen den produkturen bat kaltegarria izatea, adibidez. Gainera, uste dugu azpiegitura hauen erabilera ez datorrela bat itsasoan 12 miliak babestearen aldeko proposamenarekin. BIMEPen kasuan, bere kokapena guztiz gaitzesten dugu.
– Agian, egunen baten, gure instituzioek gure energia produkzio moduei buruzko eztabaida hasi eta bultzatzeko duintasun nahikoa edukiko dute, eta gutxieneko akordioetara heltzen ahaleginduko dira, inposaketak albo batera lagata. Momentuz inposaketak besterik ez ditugu ikusten: Boroako zentral termikoa, Muskizeko Coke instalazioa, mendiak errotaz betetzen…
Behar-beharrezkoak dira eztabaidak eta erabaki onak, geure lurrak eskatzen digu.