Albistea

  • GANEKOGORTA AURRERA plataformak, larunbat honetan, Ganekogortako mendi martxan parte hartuko du

    2012-04-20
    Partekatu - Compartelo

    Larunbat honetan, hilak 21, Mendiak Aske eta Ganeko Bizirik (Okondoko Auzo Elkartea) taldeek Ganekogortan Zentral Eoliko bat eraikitzeko proiektua salatzeko mendi martxa berri bat antolatu dute.

    Mendi martxa, Mendiak aske eta Gan aurrera, 20-04-2012

    GANEKOGORTA AURRERA PLATAFORMA-k mendi hau maite duen herritar guztiei deialdia luzatu nahi die, guztion artean Ganekogorta naturarekin harremanetan egotea gustatzen zaigun Bilbo Handiko biztanle guztien topalekua izaten jarrai dezan. Makro-proiektu honek gure mendia industrializatuko luke, bere paisaia, natura eta gizarte balioak erabat galduko lirateke eta. Eta hau guztia enpresa gutxi batzuk etekin ekonomikoa lor dezaten. Baina, plataformaren mezua are zabalagoa da, plataformak energia berriztagarrien eta energia eolikoaren hain zuzen ere, kontrolik gabeko erabilera ere salatu nahi du. Hala ere, GANEKOGORTA AURRERA PLATAFORMAK energia berriztagarrien aldekoa dela argi gera dadila, beti ere hauek erabiltzeko benetako arrazoiak daudenean eta gure herriko azkenengo gune naturalak kokalekutzat hartzen ez dituztenean. Energia mota honen (eolikoa) erabilera arautzeko Energia Eolikoaren LPS (Lurralde Plan Sektoriala) egitea eskatzen dugu. Bide batez, administrazio publikoei zentzuz jokatzeko esan nahi diegu, plan hau eragile desberdinen artean adosten ez den arte, epe laburrera aurrera eraman nahi dituzten parke eoliko guztiak geldituz.

    Beste aldetik, aipatzekoa da plataformaren helburuetako bat parke eolikoa gelditzea dela baina ez bakarra, gure azkenengo xedea, Ganekogorta-Pagasarri mendigunearen erabateko babesa lortzea da. Guk etxerako lanak eginak ditugu eta orain, administrazioen txanda da, haien eskuetan dago zonalde hau gaur egun ezagutzen dugun bezala bizirautea.

    Mendi martxa hau hainbat herrietatik abiatuko da, hala nola:

    • Alonsotegi: Andra Mari enparantzan goizeko 8:45etan.
    • Okondo: Landetan goizeko 9:00etan.
    • Bilbon: Iberdrolako Azpiestazioan (Larraskitun) goizeko 8:30tan.

     

    Hala ere deialdi orokorra hauxe da: LARUNBATA, APIRILAK 21, 11:00etan GANEKOGORTAKO TONTORREAN

     

     

     

    GANEKOGORTA AURRERA PLATAFORMA

    Bilbon, 2012ko apirilaren 19an


    Partekatu - Compartelo