Albistea

  • Oria ibaiaren garbiketarako auzolana Andoainen Urgarden eta Eguzkiren eskutik

    2012-05-14
    Partekatu - Compartelo

    Urgarden eta Eguzki talde ekologistak Oria ibaiaren garbiketa antolatu dugu Andoainen.

    Auzolana, Oria ibaiaren gabiketa, Eguzki Andoain

    Urgarden eta Eguzki talde ekologistak Oria ibaiaren garbiketa antolatu dugu Andoainen, herrigunean, hiritartutako igurunean, Txistokiko zubitik gorako meandro inguruan, zabor hori biltzeko asmoz baina baita kontzientzia sortzeko ere, denok (administrazioak, lantegiak eta herritarrok) egin bait dezakegu zerbait gehiago kutsadura mota hori saihesteko. Deialdia, larunbata maiatzaren 19rako da eta 15.30etan Allurralde Kiroldegiaren atean elkartuko gara.

    ZERGATIK IBAI GARBIKETA?
    Ibaiak, urte askotan bizkarra eman zaien arren, egun herri naiz hirietako ardatzetako bat bihurtzen ari dira. Horren ondorio da ibai egietan ibilbideak, gune berdeak… edo ibai azaleratzeak gero eta ugariagoak direla. Honekin batera krisiak lantegi kutsakor asko itxi arazi izanak batetik eta araztegiak abian jartzearen ondorioz bestetik, isurketen kontrola handitzearekin batera, ibaietako ur kalitatearen ontzea ekarri du.

    Ekintza hauen eraginez ( kontzientziazioak ere bere papera jokatzen du), ibai naiz errekei gero eta gehiago begiratzen diegu herritarrok eta bertan ikusten duguna ez zaigu gehiegi gustatzen. Izan ere, ahate naiz ur-oilo baten alboan plastiko zatarrak eta ibilgailuen gurpilak ikusten ditugu. Ibai inguruan ikusten ditugun zakar guzti horiek, paisaia zikindu eta itxura txarra emateaz gain, kalteak ere eragiten dituzte ibaian lehenik eta bertan kateatuta geratzen ez direnak itsasoan ondoren:

    • “Zakar” horiek desegiten diren neurrian gai kimikoak askatuz joaten dira, kutsadura sortuz.
    • “Zakar” horiek, plastikoa nagusiki, hegazti eta arrainetan kateatzen dira luzarorako “apaingarri” bihurtzen delarik, zenbait kasutan izaki hauek akabatzea eraginez, itota adibidez.
    • Irentsi ere egiten dute zaborra eta kasu batzuetan plastiko digestio aparatuan geratzen da hauek akabatuz.

    Mota honetako arazoetan, denok esku hartu behar dugu, instituzioak, lantegiak eta herritarrok. Ezin dugu irtenbidea soilik besteren eskutan utzi.

     

    Administrazioari ( Eusko Jaurlaritza, Aldundia, Udala), arauak betearazteko premiarekin batera, herritarrengan kontzientzia bultzatu behar dela gogorarazi behar diogu, hala nola, araztegia bezalako azpiegituren premia ere, zeinak gure eskualdean ia hamarkada bateko atzerapena daraman.

    Lantegiei, bere zaborra, isurketak… kudeatzeko garaian, indarrean dauden arauak betetzeaz gain, gauzak ondo egitean duten ardura gogorarazi behar diegu. Izan ere, ez da nahikoa gaur egun hain arruntak diren ISO ziurtagiri bat lortzea, eguneroko jardueran ingurumena errespetatuko duen kudeaketa garbi egiteari ekin behar diote eta ez arau nola saihestuko duten pentsatzeari.

    Herritarrei dagokionean berriz, guk ere ezin dugu beste aldera begiratu, ibaiak ez dira zakarretaz desegiteko lekuak ezta gure etxetako desagueak edozer gauza botatzeko lekuak ere.

    Aurrerapauso hau ematerakoan, auzolanaren filosofia jarraituz egin nahi izan dugu, denok dugulako ( maila handiagoan ala txikiagoan) ardura gai honetan eta askoren artean, gizartean aurrerapauso bat eman dezakegulako. Horrela, elkarlanean aritzeak kontzientzia eta harremanak sortzen laguntzen du eta gainera lanak arinagoak egiten dira.

     

    Urgarden eta Andoaingo Eguzki, 2012ko maiatzaren 14an

    http://eguzkiandoain.blogspot.com


    Partekatu - Compartelo