Albistea

  • 5. edukiontzia, kale-antzerkia

    2012-06-12
    Partekatu - Compartelo

    Barakaldon, 5. edukiontzia jartzeko proposamenaren aurrean: Udal Gobernuak eta BFA-k hondakinen kudeaketa hobetzeko asmorik EZ.

    5 edukiontzia

    PSOEk-EAJk ERRAUSKAILUEN ETA ZABORTEGIEN ALDEKO APUSTU GARBIA EGITEN JARRAITZEN DUTE: 5. EDUKIONTZIA, KALE-ANTZERKIA

     

     
                Barakaldon, hondakinen kudeaketa egokia lortzeko lehenengo pausutzat 5. edukiontzia jartzeko egindako proposamenaren aurrean, bai Udal Gobernuak eta baita Bizkaiko Foru Aldundiak argi utzi dute ez dutela egungo hondakinen kudeaketa ezegokia hobetzeko inolako asmorik.
                Aurrekariak: 2011ko apirilean, EGUZKI Talde Ekologistak hondakinen erabateko kudeaketa lortzeko lehenengo pausutzat 5. edukiontzia ezartzeko iradokitzen zuen eskaera aurkeztu genuen Barakaldoko Udal Erregistroan eta ohikoa den moduan, ez genuen inolako erantzunik jaso. Eskaera honek helburu argia zuen: barakaldarrok gure etxeetan sortzen ditugun izaera organikoa duten hondakinak biltzeko edukiontziak erabiltzeko aukera izatea.

     

                Urte bat beranduago, eskaera berbera egin dugu, baina oraingo honetan udal talde guztiek, PSOE salbu,  babestutako mozioa aurkeztu dugu. Mozio honek gainera, Udal Gobernuari edukiontzi hauek ezartzeko Bizkaiko Foru Aldundiak eskaini duen diru-laguntza eskatzeko esaten dio. Baina, PSOEk aurrea hartzen du eta Udalbatza baino lehenago, udal talde guztiengana jotzen du Udal Gobernuak egindako eskaeraren berri emateko. Eskaera honek, 5.edukiontzia ezartzeko ikerketa bat martxan jartzeko plana aurkezten du. Ikerketa fase honetan, Udalerriko auzo bakarra, bi gehienez jota, parte hartuko lukete. Aukeratutako auzoak, Urban-Galindo eta San Bartolome (Done Bikendiko Dorreak) dira, eta bien artean 6.634 herritar hartzen dituzte, hau,   Barakaldoko biztanleriaren %7a baino gutxiago da. Sistema honetan parte hartzeko aukera izango luketen erabiltzaile eskasen arazoari, beste alderdi negatiboak gehitu behar zaizkio: edukiontzien erabilera ekintza boluntario bezala proposatzen dute eta gainera, ez daukate proiektu hau indartuko duen informazio eta kontzientziazio kanpaina martxan jartzeko asmorik. Honek, emaitzak eskasak izango direla aurreikustera garamatza. Baina, PSOEk nahi zuena lortu du, guk proposatutako mozioa bertan behera geratu da, ez baitute Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bere planak aurrera darrai.

     

                 EGUZKIk alde betetik, Barakaldoko Udal Gobernuaren azpijokoa salatu nahi du eta beste aldetik, Udal Gobernuari auzo guztietan 5.edukiontzia ezartzeko eskatu nahi dio. Aldi berean, herritar guztiei eskaera honekin bat egiteko eskatzen diegu, hau, gure herrian hondakinen kudeaketa egokia lortzeko abiapuntua izan daiteke eta.
                Agintariei eta baita herritarrei ere gogorarazi nahi diegu, egungo kudeaketa sistemaren ondorioz, gure herritik 8 kilometro eskasera Zabalgarbiko Errauskailua (ezin dugu itxita dagoen Argalarioko Zabortegia ahaztu) daukagula eta honen eguneroko lanari lotutako inpaktuek (kutsadura, dioxina eta furanoen isurpena, inguruko lurren eta uren kutsadura) eragin zuzena daukatela gure osasunean. Izan ere, isuriek zenbait gaixotasun (minbizia, alergiak, arnasteko-arazoak…) garatzeko arriskua handiagotzen dute.

     

                Arazo honen aurrean eskaintzen diguten aukera bakarra, neurririk gabeko kontsumoa, lehengaien xahuketa, beste herrialdeekiko batere solidarioa ez dena, lur eta urak kutsatzen dituena, berdeguneak akabatzen dituena… eta gainera, beranduago erreko diren hondakinak etengabe sortzen dituen eredu jasanezina da. Baina, eredu honek aurrera jarraituko du, herritar gehienak kaltetzen dituen arren, gutxi batzuen patrikak gehiago betetzeko baliogarria izaten jarraitzen duen bitartean.

     

                Guri dagokigu, herritarroi, hondakinen berrerabilpena eta birziklapena eskubidea eta aldi berean, betebeharra izatea eskatzea, bizitzeko egokiagoa izango den mundu bat lortzeko.

     

                EGUZKIn, helburu bikoitza lortzeko lanean jarraituko dugu: sortutako hondakin kopurua murriztea eta hondakinak modu egokian jasotzea, hauek berrerabili eta birziklatu ahal izateko. Nahiz eta, batzuek, Barakaldoko PSOEk egin duen bezala, gure arreta desbideratzeko azpilanak egin.

     

    BARAKALDOKO EGUZKI
    2012ko ekainaren 11an
    eguzkibarakaldo@gmail.com // tlf: 688 69 38 68

    Partekatu - Compartelo