Albistea

  • Ohiko ezustekoa AHTren lanetan

    2014-10-24
    Partekatu - Compartelo

    AHT HernialdeIturria: AHT Gelditu Tolosaldea

    Atzo gauean, Hernialdeko AHTren lanetan “tximinia” izeneko zulo bat dagoela informatu ginen. Tunelean lanean aurrera egin ahala, ezustean gertatzen den zulo mota omen da eta lur ugari erortzen da bat-batean. Ezustekoa esatean, duen arriskua adierazi nahi dugu; dirudienez, kasu honetan ez da istripurik egon baina horrelako gertaera baten aurrean itzulezineko istripu larriak noiznahi ager daitezke.

    Tamalgarria bada ere, horrelako berriak izatea, ohikoa dela esan behar dugu. Behin eta berriz, AHTren lanetan ezbeharrak daude eta kasu hau esaterako, iturrien arabera, “ohikoa” da lan hauetan. Hori dela eta, onartezina deritzogu jendeak egunero AHTren lanetan bere bizia arriskuan jartzea, bai lanean ibiltzeagatik, edota bai lanen inguruan bizitzeagatik.

    Honekin guztiarekin batera, Anoetan gertaturiko beste “ohiko ezustekoa” aipatu nahi dugu. Bi erreka agortu dira, hau da, Anoetara zetorren Sorgintxulo eta Asteasu aldera zioan Zumalikardi, eta AHTren lanetako ur-arazgailutik Alkiza errekara eginiko isurketen ondorioz, ehundik gora amuarrain agertu ziren hilik abuztuan. Honi, eta abar luze bat ezar geniezaioke gertatzen ari diren beste hainbat ezbehar direla eta.

    Beraz, gera dezatela AHT “ohiko ezustekoak” segituan desager daitezen. Argi eta garbi ikusten da hemen, gu geu lurraren zati garela eta lurra bai ala bai errespetatu eta zaindu behar dugu. Gainera, egoera hobera jo beharrean, okerrera doala dakusagu: momentu honetan Estatu Batuak eta Europar Batasuna hain ezkutuan lantzen ari diren TTIPa sinatu eta martxan jarriz gero, geroz eta zailagoa egingo zaigu hainbat egoera lazgarriri aurre egitea.

    Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlana


    Partekatu - Compartelo