Albistea

  • Osinbeltz eta errauskailuaren oroitzapen tristea

    2014-10-25
    Partekatu - Compartelo

    cantera desde el aire4

    Zestoako Osinbeltz harrobia

    Legegintzaldia hasi zenetik, Gipuzkoan errauskailua inposatu nahi ziguten alderdi politikoen diskurtso politikoa nabarmen aldatu da. Legegintzaldi hasieran, hondakinen plan alternatiboa ez zuten bideragarria ikusten. Oker zebiltzan. Ondoren, politika higatzailea bultzatu zuten, atez atekoaren eta bosgarren edukiontziaren arteko eztabaidan sakonduz. Gaur egun, eztabaida hau agortuta dagoela esan dezakegu. Horregatik, azken aldian, beraien diskurtsoa zabortegien kritikara bideratu dute. Gai honetan, zorrotzenetan zorrotzen beraiek direla sinetsarazi nahi digute (zorroztasun hau denboran atzera eginda nabaria da itxurazkoa eta faltsua dela) eta bide batez, errauskailua eraiki izan balitz, zabortegiaren inguruan dauden arazoez ez genukeela hitz egin beharko esaten digute.

    en las obras1

    Errauskailuari buruzko azkeneko adierazpena faltsua da. Errauskailuak ez dira zabortegiekiko alternatiba, ezinbestean zabortegia behar baitute. Gainera, zabortegi bereziak behar dira hondakin toxikoak eta arriskutsuak kudeatzeko. Bizkaiara begiratu besterik ez dago, bertan urteak baitaramatzate Zabalgarbiko errauskailuan oinarritutako hondakinen politika egiten eta zabortegiek irekita jarraitzen dute. Gainera, zabortegietako batean, Zallan hain juxtu, errauskailuko zepa irregulartasunez jasotzen dute. Zalantzarik gabe, gai honetan lehen aipaturiko alderdi politiko batzuen zorroztasuna Gipuzkoara bakarrik mugatzen delako.

    Zabalgarbiko zabortegia

    Zabalgarbiko zabortegia

    Noski, baieztapen honek ez ditu ekidingo Gipuzkoako hondakin politika berriaren aurkako erasoak. Eraso hauen egileak, Zubietarako aurreikusitako errauskailuko errautsekin eta zeparekin zer egingo zuten argitzera inoiz heldu ez ziren berberak dira. Aztertu zituzten hipotesietako batzuk larriak izan ziren, esaterako, lurralde osoko errepideetan zabaltzearena. Hondakin politika berriaren barruan, hondakin geldoen biltegia dago. Hondakin geldoei dagokionez, duela urte batzuk PSOEk geldotzeari buruzko proposamena egin zuela gogoratu nahiko genuke. Orain, aldundiak biltegiaren kokapena Zestoako Osinbeltz harrobia izango dela zehaztu duenean, erasoaren estrategia azken muturrera eramango dute.

    “Bai, bai, baina zuek zein iritzi duzue biltegi honi buruz?” Gure iritzia, duela bi urte bezalakoa da, hondakinen plan berria baloratu genuenean. Orduan, alderdi onak eta txarrak bereizi genituen.

    Aurrera pausoa zela genion, bertan behera utzitako harrobia egokitzeko aukera ematen duelako. Hemen geldialdia egingo dugu iradokizun batzuk egiteko: legez, jabeen betebeharra da ustiatutako harrobiaren berreskurapena. Norbaitek azal dezake bistan dagoenaz haratago zergatik dauden bertan behera utzitako horrenbeste harrobi? Norena da erantzukizuna? Gai honetan non dago zorroztasuna?

    Bestalde, desabantailei dagokienean, hondakin geldoak degradatutako inguruneak berreskuratzen erabiltzeko beharrezkoa da ehuneko portzentai batean material biodegradagarria edukitzea eta edozein kasutan, lixibiatuen bilketa osotasunean egitea.

    Ohartarazi genuen: Gipuzkoan bertan behera utzitako harrobien gehiengoa kareharrizkoa da eta beraz, iragazkorra. Geldotze eta bilketa prozesua onak izatea ezinbestekoa da, metaketa kaltegarria izan ez dadin. Hau da duela bi urte pentsatzen genuena eta orain ere berdin pentsatzen jarraitzen dugu.


    Partekatu - Compartelo