Sopelaren emaitzen harira. Bizkaiko 5. edukiontzia: porrot baten istorioa
2014-11-20
Partekatu - Compartelo
Iturria: Sopela Gurea. 2014-azaroa
Bizkaiko beste herri batzuetan bezala Sopelan 5. edukiontzi borondatezkoa ipini zuten, nahi zuten herritarrek material organikoa birziklatzeko. Urte bat baino gehiago igarota Sopelako Udalak balantzea egin du eta emaitza oso ezkorra da. Batetik, birziklatze tasa oso gutxi igo delako, eta oraindik ere hondakinen %16 bakarrik jasotzen dutelako gaika Sopelan. Bestetik, 5. edukiontzian jaso den organikoaren kalitatea oso txarra izan delako, eta sarritan errauskailuan amaitu duelako, konpost plantan amaitu beharrean.
Sopelako Udala zoriondu nahi dugu adierazi duen kezkagatik eta datu hauek publiko egin dituelako; gai honekin ez da ohikoa gardentasun instituzionala. Argi daukagu kritikoak eta autokritikoak izanda bakarrik lortuko dugula sortzen ditugun zaborrarekin daukagun arazoa konpontzea.
Baina Sopelako emaitza kaxkarrak ez dira salbuespena Bizkaian. Egin dugun azterketa batean ikusi ahal izan dugunez, 5. edukiontzia ipinita daukaten herrietan oso material organiko gutxi jasotzen da, eta gaikako bilketa oso baxua da oraindik ere. Adibidez, Deustun (*) pertsonako eta hileko 0,33 kilo material organiko jasotzen dira. Konparazio baterako, atez ate hondakinak biltzen dituen Oñatik 7kilo jasotzen ditu pertsonako eta hileko.
Zergatik ez du funtzionatzen Bizkaiko 5. edukiontziak? Arrazoi nagusi bat dagoela uste dugu: borondatezko sistema dela. Hau da, nahi duenak birzikla ditzake bere hondakinak, eta nahi duenak ez. Hori aldatzen ez dugun bitartean, Bizkaiko gaikako bilketa oso txarra izango da. Gaur egun %36 birziklatzen dugu bakarrik Bizkaian.
Susmo bat ere badaukagu: Bizkaian martxan dagoen errauskailuari jaten ematen jarraitzeko, agintariek ez dute nahi herrialdeko birziklatze tasak handitzerik. Zenbat eta birziklapen gutxiago, errauskailuarentzako janari gehiago. Zenbat eta errausketa gehiago, orduan eta kutsadura handiagoa….. guretzat.
Herrialdeko arduradun politikoek eta hiritarrok argi eduki behar dugu birziklatzea herritar guztion betebeharra dela. Eta hori horrela izan dadin, hondakinen bilketa sistema eraginkorrak ipini behar dira martxan. Horretarako, hondakinen bilguneak sortu beha dira herri guztietan, eta parte hartze prozesuak bultzatu.
Gu, Eguzki, prest gaude laguntzeko, Bizkaia birziklapenaren lurralde bihurtzeko, eta ez errauskailua eta zabortegi arriskutsuen feudoa.