Albistea

  • Frackinga debekatzeko Herri Ekimen Legegilea izapidetu da

    2014-12-05
    Partekatu - Compartelo

    fracking sinadurakIturria: Fracking Ez Araba.

    2014ko abenduaren 4a.  Lehenbizi, gaur pozik gaudela aitortu beharrean gaude. Aurreko irailaren 13an legebiltzarrean utzitako 100.000tik gorako sinaduren indarraren bitartez alderdi politikoek aho batez Herri Ekimen Legegilea izapidetu dute. Ekimenak frackinga debekatu eta baliabide ez konbentzionalak bilatzeko saioak bertan behera uzteko asmoa du, ingurumenarekiko kalte handiengatik. Ekimena sinatu duten guztiei zorionak, beraz, bereziki sinadurak biltzen aritu den jende mordoari, herri mugimenduaren arrakasta hau beraiena bait da.

    Hala ere, naiz eta orain arte izan ditugun zailtasun eta oztopoak gainditu baditugu ere, ez gara iritsi helmugara. Tramitera onartze honekin laister frackinga arautuko duen lege autonomiko bat izango dela espero dugu, baina lege horren behin betiko testua laister osatuko den batzorde txostengilearen eskutik etorriko da.

    Orain hasiko den prozesuan, hiru aukera ezberdin aurrikusten ditugu:

    Lehendabizikoa hau litzateke: legea aurkeztu dugun testu berdinarekin onartzea. Hau horrela balitz, Espainiako gobernuak, orain arteko bidea jarraitzen badu, auzitegi konstituzionalean errekurtsoa aurkeztuko duenaren susmoa dugu. Aurrekariak ikusita, auzitegiak lege berria bertan behera uztea posible da. Hau gertatuko balitz, bai Euskal Gobernuak zein Legebiltzar honek eragozpenak gainditzeko beharrezko mekanismoak martxan jarriko dituztela espero dugu. Auzitegi Konstituzionalak ipini ditzaken oztopoak ez dute zertan behin betikoak izan behar horretarako borondate politiko irmoa badago. Adibide desberdinak ikusten ari gara azken aldi honetan. Katalunian gertatutakoa kasu.

    Bigarren eskenatoki batean gerta daiteke batzorde txostengileak, frackingaren aurkako zalantzarik gabeko jarrera argi batetik abiatuta, legearen idazketa hobetu bat lortzea, estatuko gobernuaren eta auzitegi konstituzionalaren eragozpenak gainditu ditzakeena. Lana zentzu horretan badoa, seguruenik ere elkar ulertze bat izango dugu. Horretarako EAEn frackingaren aurkako erizpide politiko argia erakutsi beharko dute alderdiek behingoz.

    Asko kezkatzen gaituen hirugarren aukera bat ere badago. Gaur gertatu dena estalki hutsean gera daiteke alderdien benetako intentzioa etorriko diren emendakinekin frackinga ahalbidetzea bada. Aurkezturiko Ekimenak, bere xumetasunean, ez dio uzten lekurik horrelako interpretazioei. Batzordea matxan jartzen denean, ordea, aurkeztutako legea desitxuratu dezakete, zulatzaileei bidea erraztuz. Mugimendu guztiak arretaz jarraituko ditugu eta horrenbeste pertsonen babesa duen legearen indargabetze saioak salatuko ditugu.

    Amaitzeko, frackingaren eztabaida irekia badago ere, bitartean lanak aurrera jarraitzen dutela gogora arazi nahi dugu. Bai finanatzaketa publikoa duen Hidrocarburos de Euskadi, bai beste enpresak ere, pausoak ematen ari dira. Bizkaiako kostalde inguruan dagoen Geminis baimenean, Frontera Energy konpainiaren eskutik laister iritsiko dira sismika lanak, frackinga egiteko kokaleku onenak bilatzeko helburuarekin.

    Gaiak duen garrantzia ikusirik, legea ahal bezain laster erabakitzea eskatzen dugu. Baita frackinga egiteko egitasmoetatik diru publikoa erabiltzeari uztea. Gogorarazi nahi dugu badagoela Eusko Jaurlaritzak frackinga galerazteko hartu dezaken neurri azkar eta zehatz bat: Hidrocarburos de Euskadik dituen esplorazio baimenak bertan behera uztea. Erabaki hori eraginkorra litzateke eta erabaki horri kontra egiteko ez dago auzitegirik.

    Gaur hemen eskatzen dugun determinazioa aspaldian hartu zuen bere gain frackingaren aurkako herri mugimenduak. Frackingaren erabilpena baztertzen ez den bitartean, mobilizazioak aurrera jarraituko du.


    Partekatu - Compartelo