Albistea

  • Txerri vietnamdarren arriskuaz ohartartarazten du Eguzkik

    2014-12-16
    Partekatu - Compartelo

    cerdo vietnamitaTxerri vietnamdarrak Gipuzkoan ere libre ibiltzen hasi dira. Orain arte arazo hau Estatuko beste lekuetan azaleratu da, bai abeltzain batzuek libre utzi dituztelako, bai txerriok maskota gisa zituzten pertsonek askatu dituztelako. Baina, esan bezala, arazoa Gipuzkoara ere iritsi da. Begiratu, bestela, honako bideoa https://www.youtube.com/watch?v=AXSdn7chcPk non txerrama eta hiru txerrikume ikusten diren. Irudiok Tolosa eta Altzo bitartean ateratakoak dira, Ollagon menditik gertu.

    Eguzkikook ohartarazi nahi dugu txerri hauek itxituretatik kanpo mendian libre ibiltzeak bioaniztasunari kalte egin diezaiokeela. Izan ere, basurdearekin nahastu daitezke, bertako espeziearen ondare genetikoa arriskuan jarriz.

    Ez dakigu zenbat txerri vietnamdar libre dabilen Gipuzkoan eta, horren ondorioz, ez dakigu basati bihurtzeko gaitasuna zenbatekoa duen. Baina Estatuan dagoeneko 42 txerri vietnamdar basatiren kasu dokumentatu dira.

    Horregatik gaur egun bakanak izan daitezkeen kasuak benetako arazo bihurtu baino lehen, neurriak hartzeko eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun Sailari zein Foru Aldundiko Mendi Sailari. Bati zein besteari zera galdetzen diegu: ea txerri vietnamdarrik Gipuzkoan libre ibiltzeko notiziarik ba ote duten eta ea neurriak hartu dituzten edo hartzeko asmoa ba ote duten. Eta erantzuna ezetz bada, txerri vietnamdarren eta basurdeen arteko nahasketa gertatuko balitz, nolako neurriak hartuko litzuketen.

    Bien bitartean, txerri vietnamdarron jabeei ohartarazi nahi diegu libre ez uzteko, nahigabeko nahasketarik gerta ez dadin. Halaber, herritarrei dei egin nahi diegu txerriok maskota gisa ez erosteko.

    cerdo mascota regalo

    Egoera ez da larria, baina bioaniztasun galera, sarri, horrela hasi da, moda batengatik. Eta arazoari heltzeko neurriak hartzen hasten denerako, berriz, beranduegi da. Ea txerri vietnamdarrarekin ez den hori gertatzen.

                                              EGUZKI

    2014ko abenduan.

    http://eguzkidonostia.blogspot.com.es/

    Informazio osagarria

    Txerri vietnamdarrak erosteko moda orain dela urte batzuk hasi zen, eta zerikusi handia izan zuen George Clooney aktore iparamerikarrak espezie horretako txerrikume bat maskotatzat hartu izanarekin. Oso denbora laburrean, txerri vietnamdarrak noranahi iritsi ziren.

    Arazoa da 6 bat kiloko txerrikumea hazi eta 60 eta 100 kilo bitartean pisatzera iristen denean. Orduan jende askok txerriak libre uzten dituzte, eta hortik basurdearekin hibridatzera pauso bat baino ez dago. Arazoa Penintsulako leku desberdinetan eta Balear Uharteetan ere dokumentatu da.

    Miguel Delibes-Mateos naturzale ezagunak taxuz aztertu du hibridazio arazoa.


    Partekatu - Compartelo