Iturria: Berria.
Auzitegi Konstituzionalak indarrik gabe utzi du haustura hidraulikoari bide ematen dion teknika debekatzen zuen Nafarroako legea.
Ustekaberik ez da izan. Espainiako Gobernuari arrazoia eman dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, beste behin: bertan behera laga du fracking-a debekatzeko Nafarroako Parlamentuak onarturiko legea. Auzitegiak ebatzi du ez dagokiela erkidegoei haustura hidraulikoari bide ematen dion teknika horren erabilera arautzea, Madrili baizik. «Inolako eskumenik ez dute horretarako». Espero zen Konstituzionalaren erabakia, aurretik eman dituelako antzeko epaiak halako legeekin. Orain ere, ezarritako doktrinari jarraikiz hartu du erabakia.
Lehen, Kantabriako eta Errioxako fracking-aren kontrako legeak baliogabetu zituen Konstituzionalak, Madrilgo gobernuak jarritako helegiteak onetsita. Bide bera hartu du oraingoan ere Nafarroako legeak; auzitegiak konstituzioaren kontrakotzat jo du eta.
Antzeko argudioak erabili ditu auzitegiak legearen aurka egiteko. Errioxako eta Kantabriako legeei buruzko ebazpenetan bezala, Konstituzionalak argudiatu du hidrokarburoen gaineko politikei buruzko erabakiak Madrilgo gobernuari dagozkiola eta autonomia erkidegoek ezin dutela jo horiek arautzera. Auzitegiaren esanetan, gainera, ingurumena babesteko argudioak ez du inolako baliorik, Madrilek orain arte aplikatu dituen baldintzekin «ingurumena babesteko printzipioari» eusten zaiola uste baitu. Ez direla neurri zorrotzagoak behar, beraz.
Azterketak, banan-banan
Salbuespenik ez du egin Nafarroarekin auzitegiak. Irizpide berberei eutsi die: «Erkidegoen artean sor daitezkeen ezberdintasun eta desorekak saihestea da asmoa».
Nafarroako Parlamentuak iaz eman zion onespena haustura hidraulikoa debekatzeko lege horri, urrian; ez ziren aski izan UPNren eta PPNren aurkako botoak. Besteak beste, gas ez-konbentzionala lur azpitik erauzteko teknika hori erabiltzea galarazten zuen legeak; akuiferoei kalte larriak eragin ziezazkiokeelakoan, probak egitea ere ez zuen baimentzen. 27 parlamentarik bozkatu zuten legearen alde, eta 23k kontra. Fracking-a galarazi nahi zuten taldeen iritziz, teknika horren ondorioak «atzeraezinak» dira ingurumenean.
Bestetik, Eusko Legebiltzarrak baztertu egin du fracking proiektuen ingurumen eragina baturik neurtzeko EH Bilduk eta PSE-EEk eginiko proposamena. Egitasmoek ekonomian, gizartean eta ingurumenean duten eragina ikertzeko eskatu arren, EAJk, PPk eta UPDk atzera bota dute lur azpitik gasa fracking teknikaren bitartez erauzteko proiektuei buruz neurketa bakarra egitea. Hartara, banan-banan egitea lehenetsi dute.
Geminis proiektuaren eskutik ailegatu da eztabaida Eusko Legebiltzarrera. Baimena lortuta, lurpea bakarrik ez, itsasoa ere arakatuko du egitasmo horrek. Berezitasunak ditu: Bizkaiko kostaldea hartuko du aldez alde; ia 48.000 hektarea, orotara. Alderdien arteko eztabaidak agerian utzi du beste behin ere fracking-aren inguruan dauzkaten desadostasunak.
Proiektuen artean bereizketak jartzea «iruzurtzat» jo du EH Bilduko legebiltzarkide Dani Maeztuk, eta teknikak daukan «eragin globala» aintzat hartzeko exijitu du. PSE-EEko Natalia Rojo kritiko agertu da. Fracking-a «ahalik eta berme gutxienekin» abian ipini nahi izatea aurpegiratu dio EAJri.