Albistea

  • Hiru, bi, bat…Zero (Zabortegi)! Zabortegi kutsakorrik gabeko Gipuzkoa abian. Zarauzkoa asteartean itxiko da

    2014-12-22
    Partekatu - Compartelo

    Zabortegia itxi ZarautzIturria: Zero Zabor.

    Eusko Jaurlaritzak jarritako oztopoek ez dute zabortegien itxiera has dadin eragotziko. Jaurlaritzaren jarrerak beste bi zabortegien itxieran atzerapenak eragitea, eta, beraz, inguruan bizi direnen sufrikarioa luzatzea ekidin ezingo bada ere, Zarauzko urtetako zabortegia asteartean, hilak 23, itxiko da.

    Zabortegi kutsakorrik gabeko Gipuzkoarako atzera kontua abian izango dugu beraz. Berri pozgarria da, Zarauztarrentzat ez ezik, Gipuzkoar guztientzat, eta, baita ere Euskal Herrian zein mundu osoan etorkizun jasangarri bat eraiki nahi duen ororentzat. Hori dela eta ospatzera dei egiten dugu:

    Abenduak 23, 19:00etan Zarautzen, Musika plazaz. Urteta zabortegiaren itxiera ospakizuna

    Ekitaldearen inguruan informazio xeheagoa emango dugu gure ohiko bideetatik, bloga, twitter, facebook, mailinga…

    Beste bi zabortegien itxiera datak:

    Azpeitia. Lapatx: 2015eko udazkenean.

    Beasain. Sasieta: 2016ko urte bukaeran. 2015eko urtarrilean behin behinean itxiko da hobekuntza lan batzuk egin ahal izateko.

    Gipuzkoako Foru Aldundiaren prentsa bulegoak zabaldutako mezua

    Asteartean itxiko da Zarauzko zabortegia

    2014-12-19 (azken aldaketa 2014-12-19 12:30)

    Ingurumena eta Lurralde Antolaketa

    Eusko Jaurlaritzak Zubietako baimena luzatu ez duela-eta, egokitzapenak egin behar izan dira hondakin plangintzan: Lapatx 2015eko udazkenean itxiko da eta Sasieta, 2016an

    Eusko Jaurlaritzak Zubietan TMB planta egiteko baimena luzatu ez izanak hondakin plangintzan egokitzapenak egin beharra ekarri du. Egokitzapen horien ondorioz, Zarauzko zabortegia asteartean itxiko da, hilak 23; Lapatx, 2015eko udazkenean, eta Sasieta, 2016. urte bukaeran, Zubietako TMB planta eta bizigabetutako materia biltegia behin martxan jarrita. Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakariak, Leire Etxaniz Urola Erdiko mankomunitateko lehendakariak eta Amaia Guruzeta Urola Kostakoak eman dute gaur egokitzapen hauen berri. Azeari Andonegi Sasieta mankomunitateko lehendakariak ez du, azkenean, bertaratzerik izan.

    Gogoan izan azaroan Eusko Jaurlaritzak Zubietan TMB planta egiteko ingurumen baimena ez luzatzea erabaki zuela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta GHKk iragarri zutela horrek atzerapena eragingo zuela zabortegiak ixteko plangintzan. Bi erakundeok gaur gogorarazi dutenez, TMB planta birziklapenean oinarritzen zelako erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak baimena ez luzatzea; “erabaki ulertezina izan da”, adierazi du Iñaki Errazkinek. Erabakia jakin eta berehala, Gipuzkoako Foru Aldundia, GHK eta zabortegiak dituzten hiru mankomunitateak plangintzaren egokitzapen arrazoizko eta eraginkor baten bila hasi ziren, eta gaur jakinarazitako epeak dira lan horren emaitza.

    Iñaki Errazkin foru diputatuak adierazi duenez, “Gipuzkoak zabortegi kutsakorrak ixteko plangintza eta datak ditu. Gipuzkoa zabortegi kutsakorrik gabeko lurraldea izango da, Hego Euskal Herriko lehena; datorren astean beste pauso bat emango du norabide horretan. Eta garrantzitsuena, Gipuzkoa zabortegi kutsakorrak ixteko tresnarik eraginkorrena eta merkeena aplikatzen ari da: birziklapena”.

    Bi datu eman ditu Errazkinek. Batetik, 2014. urtean % 45eko batez besteko birziklatze tasa izango duela Gipuzkoak: iaz baino zazpi puntu gehiago. Eta bestetik, aurten 170.000 tona eramango dituela Gipuzkoak zabortegietara: duela zazpi urte baino ia %40 gutxiago. “Hori da gure errealitatea. Horri esker, eta birziklapenaren aldeko joera horri erantzuten dioten azpiegiturei esker, zabortegiak itxi ahal izango ditugu; nahi baino beranduago, baina itxi egingo ditugu”, gaineratu du.

    Ainhoa Intxaurrandieta GHKko lehendakariak nabarmendu du, bestalde, Gipuzkoak orain arteko bidetik sendo jarraituko duela, “eta gero eta gertuago ikusten dugu 2016an % 60ko birziklatze maila lortzeko helburua betetzea, Europako ingurumen zuzentarauek eskatuko diguten bezala”


    Partekatu - Compartelo