Albistea

  • Bizkaia, organikoa ezin jasota

    2014-12-25
    Partekatu - Compartelo

    bizkaiko organikoa 2013Iturria: Zero Zabor.

    Bizkaiko Foru Aldundia gutunak bidaltzen ari da lurraldeko udaletxe guztietara, 5. edukiontzira apuntatzera animatzeko.

    Izan ere, Bizkaiko herrien erdiek ipini dute bakarrik 5. edukiontzia, eta herri horietan oso organiko gutxi ari dira jasotzen (0,35 kilo pertsonako hilean, 7-8 kg sortzen ditugunean). Bizkaiko herri askotan ez dago organikoa sailkatzeko aukerarik ere.

    Motzean esanda: Bizkaian hondakin organikoa ezin jasota gabiltza.

    Bizkaiko Foru Aldundiak helburu bat ipini zuen 2005ean: 2016rako 24.000 tona inguru organiko jasotzea urtean. Hala ere, iaz Bizkaian 5.000 tona hondakin organiko jaso ziren bakarrik. Lortu nahi zenaren bosten bat soilik. (Konparaziorako, Gipuzkoan urte berdinean 14.000 tona materia organiko jaso ziren, nahiz eta populazio ia erdia daukan). Bizkaiko Aldundiak berak onartu du helburuak ez direla bete, inondik inora. Europak eskatzen dituen birziklapen minimoetatik urruti dago oraindik Bizkaia.

    Zergatik jasotzen da hain organiko gutxi Bizkaian? Herrialde horretan bultzatzen ari diren politikek ez birziklatzeko eta kutsatzeko aukera ematen dutelako. 5. edukiontzia ipini, baina zabor nahasiarentzako edukiontzia kontrolatzen ez bada, pertsona askok zaborra nahasita botatzen jarraitzen dute.

    Gainera, Bizkaiko 5. edukiontzian arrain eta okelarik ezin da bota, nahiz eta Europako leku gehienetan hondakin horiekin ere kalitatezko konposta egiten den.

    Herrietan hondakinak nahasita bota eta kutsatzeko aukera dagoenez, Bizkaian milaka eta milaka kilo material birziklagarrik erreta eta zabortegietan amaitzen dute. Bizkaiko zabortegiak milaka eta milaka kilo errauts eta zabor jasotzen ari dira egunero egunero. Eredu hori, jasanezina da. Ezin da bide horretatik jarraitu.

    Bizkaitik oso gertu, hondakinak gaika batzeko beste eredu hobeago batzuk daude martxan. Gipuzkoan edo Nafarroa iparraldean badaude herriak hilean pertsonako 7 kilo organiko jasotzen dituztenak. Herri horietan zaborrarentzako edukiontziak kontrolatuta daude. Herri horietan kutsatzea ez da eskubide edo aukera bat. Birziklatzea, ostera, herritar guztien eskubide eta ardura da.

     Zero Zabor ingurumen babeserako elkartea prest dago Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaiko udalei laguntzeko, hauek birziklatze tasak hobetu nahi badituzte. Baina argi eduki behar da gauza bat: gaikako bilketa eta birziklatze tasak hobetzeko, politika publiko ausartak martxan ipini behar direla. Kutsatzea ezin da aukera eta eskubide bat izan!

     Zaborrik gabeko Bizkaia eta Euskal Herria nahi ditugu, geure seme-alabei mundu hobeago bat lagatzeko!


    Partekatu - Compartelo