Albistea

  • Otsoa mehatxatutako espezie izendatzeko eskatu diote Jaurlaritzari 24 elkartek, Eguzki barne

    2015-01-28
    Partekatu - Compartelo

    otsoak

    Otso talde bat, mendian, aske. Andoni Canellada, Argazki Press

    Iturria: Berria.

    Ekologistek gogoratu dute otsoa babesteko agindua Europako Batasunaren zuzentarau batek ezartzen duela, baina hori babes hori bermatzeko neurriak hartzea tokian tokiko administrazioei dagokiela; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasuan, Eusko Jaurlaritzari. “Eskaera honekin lortu nahi duguna da Jaurlaritzak jarrera bat hartzea, erabaki dezala otsoa katalogoan sartu behar duen edo ez, eta erabaki hori hartzeko arrazoiak azal ditzala.

    Horrela, gizarteak jakin ahal izango du zein den administrazioaren politika bioaniztasunaren gestio eta berreskuratzeari dagokionez”, esan du Jorge Etxegaraik, otsoa mehatxatutako espezieen euskal katalogoan sartzeko eskaera egin duten elkarteen bozeramaileak.24 elkarte horien aburuz, otsoa espezie autoktonoa da, ondare naturalaren osagai garrantzitsua da beste arrazoi batzuen artean basurde, orkatz, orein eta beste zenbait espezieren harrapari bakarra delako, eta orain arteko egoera mantenduz gero ezinezkoa da hura Euskal Herrian berreskuratzea. Horregatik eskatu diote mehatxatutako espezieen katalogoan sartzeko. Katalogo horretan hainbat maila daude, espezieak nozitutako arriskuaren arabera. Ekologisten ustez, arrisku mailarik altueneko atalean sailkatu beharko lukete otsoa, hau da, “desagertzeko zorian dagoen espezie” gisa.

    Une honetan, Bizkaiko eta Arabako mendebaldean baino ez dira noizean behin ale bakar batzuk agertzen, mugan dauden Espainiako probintzietatik etorriak. Azken hamarkadetan hildako otso guztietatik, %40 gizabanakoek legez kanpoko bideak erabilita hil ziren -ehiza, pozoitzea eta beste- eta %50 administrazioek legez ezarritako kontrol neurrien ondorioz.


    Partekatu - Compartelo