Albistea

  • Bizkaia: Artigas zabortegi alboko mendialdea plastikoz beteta dago duela bi astetik

    2015-01-30
    Partekatu - Compartelo

    artigas plastikoak 2015-01-30 tx

    Argazki bilduma: berria.eus

    Iturria: Berria.

    Bizkaiko hondakinak jasotzen dituen TMB planta geldirik izan da; itxura guztien arabera, zaborra tratatu gabe bota dute, ez dute estali, eta haizeak mendira zabaldu du. Bi aste darama garbitu gabe. Bideoa, albistean.

    Ez dago oina jartzeko tarterik. Plastiko pilaketak ez du uzten azpian lurrik ba ote den igartzen. Malkartsua da mendi aldea, eta zaila da lokatza edo zuloa dagoen asmatzea. Pauso sendorik ematea kosta egiten da, eta saiatzerakoan trabatu egiten dira oinak; sasiek eta horietan trabatutako plastiko zatiek oratzen diete orkatilei. Zutik ezin da igaro. Lurzoruan adina poltsa zati daude zintzilik, zuhaixka, adaxka eta zuhaitzetan kateatuta. Gora begiratu, eta zerurik ez da ikusten gunerik kaltetuenean. Kolore, forma eta tamaina guztietako plastikoek estaltzen dute zeruaren grisa. Itolarria ematen du bertan sartzeak. Amesgaiztoa balitz bezala, plastiko zatiak oldartu, eta irteera galaraziko duen sentsazioa eragiten du zabor basoaren itxitasunak. Maldan behera datorren errekatxoaren ur gardena ere milaka zabor poltsek janda dago.

    Ez dira urrutiko kontuak. Ez da protestarako egindako artelan bortitz bat. Ez da lotan izandako amesgaiztoa. Bizkaian dago plastikoak jandako baso zatia. Bilboko kanpoaldean, Pagasarri eta Ganekogorta mendi esanguratsuetatik gertu, Arraiz eta Arrastaleku aldean. Ahuntzak inguruetan dabiltzan lur eremu publikoa da. Mendizale gutxi ibiltzen dena, baina nahi duenarentzat irekia dagoena. Badira hamabost egun zaborrez eta, batez ere, plastikoz beteta dagoena.

    Artigas zabortegia du alboan triskantza izan duen mendiak. Hesi batek banatzen du Bizkaiko zaborrak jasotzen dituen eremutik. Zabortegiko gunea garbi dago egun, baina zabortegitik kanpokoa duela bi aste bezain zikin; egunotako haizeteek barreiatu zituzten hondakinok.

    artigas bideoa plastikoak 2015-01

    Bideoa

    2013an abiatutako planta

    Europak zaborren tratamenduari buruz onartutako zuzentarau bati jarraituta, zaborrak ezin dira zabortegietan bere horretan lurperatu. Banatu eta tratatu egin behar dira aurrez. Hori egiten ez duten zabortegiek itxita behar dute 2016. urterako. Hori dela eta, TMB tratamendu mekaniko-biologikorako planta abiatu zuen 2013an Bizkaiko Foru Aldundiak, zabortegitik gertu —gune berean dago Zabalgarbi errauste planta—.

    Birziklatzeko bereizten ez den zaborra jasotzen du TMB plantak: edukiontzi berdeetan biltzen den errefusa. Bizkaia osokoa. TMB lantegian bereizi egiten da, lehenik, zaborra: birzikla daitezkeen paperak eta plastikoak, besteak beste.

    Bereizitako materiala birziklatze guneetara eramaten dute, eta gainontzekoa, TMB plantan tratatzen dute: lehortu, zaborrek isurtzen duten metanoa, karbono dioxidoa eta lixibiatuak atera, eta soberako hondakin lehortua txiki-txiki egiten da. Prozesu horren bidez, erabat trituratuta eta isuri kaltegarriak kenduta eramaten dute hondakinen parte bat Artigasko zabortegian lurperatzera —beste zatia Zabalgarbin erretzen dute—. Tratamenduren ondorioz, hasieran baino hiruzpalau aldiz leku gutxiago hartzen du zaborrak. Lurperatze lana tratatutako zaborra bota ahala egin behar da; jarraian.

    Duela bi aste, ordea, plastikoz josia agertu zen zabortegiaren ingurua. Trituratu gabeko milaka eta milaka plastiko osoz. Agerikoa da TMB plantak ez zuela bere lana egin, ihes egindako plastikoa txikituta litzatekeelako, bestela.

    BERRIAk jakin duenez, planta hori itxita egon da astebete baino gehiagoz. Eta Artigas zabortegira, zarama poltsak kamioietan iritsi bezala bota dira. Bereizketarik eta tratamendurik gabe. Ondorioz, ohi baino askoz hondakin gehiago pilatu da zabortegian. Ez hori bakarrik: zaborra ez da jarraian estali. Egunetan egon da eremu oso zabalean botata. Milaka kaio pilatu dira zaborretan. Zarama poltsak apurtu eta hondakinak jaten aritu dira, egunetan.

    Hori hala, duela bi aste, haizete handiak izan ziren. Haizeak zabortegian estali gabe zeuden hondakinak eraman zituen. Batez ere, pisurik gutxien duena: plastikoa. Eta duela hamabost egun alboko mendialdean egindako triskantzak bere horretan jarraitzen du. Are; garbiketarik ezean, plastikoak gero eta eremu zabalagora hedatzen ari dira, eta garbitzen zail den sakabanatutako zaborra biltzea ia ezinezko bihurtzen ari da.


    Partekatu - Compartelo