Albistea

  • Epeleko konpostatze plantaren finantzaketa akordioa

    2015-02-06
    Partekatu - Compartelo

    epelIturria: Gipuzkoako hondakinen kontsortzioa. Epeleko konpostatze planta eta transferentzi estazioa eraikitzeko lortu den finantzaketa akordioak agerian uzten du finantza merkatuan badaudela enpresa publikoentzat egokiak diren produktuak, herritar guztion diruarekin zuhur eta tentuz jokatzera behartuak daudenak. Zentzu honetan arduraz jokatzea da ahalik eta baldintza onean eskuratzea dirua, swap bezalako arrisku produktuetatik ihes eginez. Epeleko konpostatze planta eraikitzeko lortu den akordioa norabide honetan doa.

    GHK eta AKF BANK Epeleko konpostatze planta eta transferentzi estazioaren eraikuntza diruz hornitzeko akordiora heldu dira. Hitzarmen honen arabera, AKF BANK-ek Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren esku utziko du 8 milioi euroko kreditua, merkatuan aurki daitekeen baldintza ezin hobean. Izan ere, partzuergoak bere beharren arabera erabili ahal izango du kreditu honetatik behar duena, kopurua gainditu gabe, %4,3ko interes-tasan. Hau da, errauste plantarako lortutakoa baino %2,5 merkeago eskuratuko du dirua partzuergoak, swap-ak bezalako estaldura espekulatiborik gabe.

    GHK eta AKF BANK-en arteko lehen harremana 2014ko uztailaren 14ean hasi zen, eta ordutik bi erakundeen arteko erlazioa ona eta etengabea izan da. Horrela, 2014ko abenduaren 1ean akordio honen oinarriak jarri ziren, eta iragan urtarrilaren 15ean kontratua sinatu.

    AKF BANK bankuak Alemanian du egoitza nagusia, eta oinarrizko ekoizpen sektorearekin lan egiten du, ekipamendu eta industria ondasunak finantzatzen, eta bereziki ingurumenarekin erlazio iraunkorra mantentzen duten azpiegiturak. 2006. urtetik Euskal Herriko enpresekin egiten du lan.

    Epeleko konpostatze planta eta transferentzi estazioaren eraikuntza-lanak abiadura onean doaz eta 5 hilabeteko epean amaitua egotea espero da. Hau da, hurrengo ekainean materia organikoa jasotzen eta tratatzen hasiko da.

    Epeleko konpostatze planta eta transferentzi estazioaren eraikuntza faseak eta fase bakoitzaren aurrekontua:

    1. fasea: Lurren mugimendua eta plataformaren egokitzapena. 2013ko abuztuan esleitua, 1,2 milioi eurotan. Epemuga 6 hilabetekoa izan zen.

    2. fasea: Ur deposituak eta saneamendu estolderia. 2014ko irailean esleitua, 700 mila eurotan. Epemuga 2 hilabete eta erdikoa izan zen.

    3. fasea: Obra zibila eta urbanizazioa. 2015eko urtarrilaren 19an esleitua, 5,8 milioi eurotan. Epemuga 5 hilabete eta erdikoa da.

    Epeleko azpiegituren ezaugarri nagusiak

    Konpostatze plantak urtean 9.000 tona bio-hondakin tratatzeko ahalmena izango du. Organiko tona hauekin 2.300 tona konpost lortuko da urtean.

    Transferentzi estazioak, Debagoienako errefusa, papera eta ontzi-arinak elkartzeko funtzioa izango du, dagokion tratamendu plantara eramateko.

    Hauez gain, azpiegitura nagusiei zerbitzu emango dieten beste gune batzuk ere egongo dira: bio-filtroa, baskula, kamioen garbiketa gunea, bulegoak eta aldagelak.

    Eraikin honek ez du izango ur-sareko hornikuntzarik. Ingurumenarekin ahalik eta jasangarriena izateko helburuz, euri urak aprobetxatuko ditu bere funtzionamendurako.

    Kanpoko estaldura tonalitate desberdineko lamina berdez osatuko da, eraikin-multzoa bateratu eta ingurumen naturalean ahalik eta hobekien integratzeko.


    Partekatu - Compartelo