Egun hauetan Markel Olano hautagai jeltzalea behin eta berriro ari da esaten Gipuzkoan agintera heltzen bada zaborren errauskailuaren proiektua berriro martxan ipiniko duela.
Baina halako proiektu bat martxan ipini aurretik, komeni da inguruan dauden esperientzietatik ikastea. Gipuzkoak hurbilen daukan errauskailua Bilbon dago. Beraz, egin dezagun galdera hau: zer ikasi du Bizkaiak bere errauskailuarekin, Zabalgarbirekin?
1 – Errauskailuak zabortegiak betetzen ditu. Zabalgarbik urtero 40.000 tona eskoria eta 7.500 tona errauts toxiko bidaltzen ditu Bizkaiko zabortegietan.
2 – Errauskailuak airea kutsatzen du. Urtero 210.000 tona CO2 botatzen ditu airera, eta Bilbon merkurio gehien botatzen duen eraikinetako bat da.
3 – Errauskailua dirulaguntza publikoetatik bizi da. 2012an 34 millioi euroko diru sarrerak eduki zituen energia saltzegatik, eta 38 millioi eurotik gorako gastuak gasa erosten. Hau da, 4 milloi euroko zuloa. Zulo hori dirulaguntza publikoekin estali zuen, estatuak 20 millioi euro eman zizkiolako laguntza lez. Denon poltsikotik ordaindutako 20 millioi euro, hain zuzen ere. Urtero errepikatzen da jokaldi hau. (Gainera, dirulaguntza hauek energia berriztagarriak bultzatzeko dira, eta Zabalgarbik erretzen duen gehiena ez da berriztagarria: %70 gasa baita, eta %15 hondakin ez berriztagarriak)
4 – Errauskailuak ziklo konbinatuko beste energia plantek baino efizientzia energetiko txikiagoa du. Hau da, erretzen den gasari beste ziklo konbinatuek baino errendimendu energetiko txikiagoa ateratzen dio, energia sortzeko prozesuan zaborrak sartzen eta erretzen dituelako. (Adibidez, Santurtziko plantak %55eko efizientzia du, eta Zabalgarbik %40).
Bizkaiak bere errauskailuarekin eduki duen esperientzia txar hau ezagututa, argi dago Gipuzkoak behar duena ez dela errauskailu garesti eta kutsatzaile bat.
Errausketarik ez! Hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzea bai!
Iturriak:
– Gorka Bueno, Sobre los datos de 2013 sobre Residuos Urbanos del Territorio Histórico de Bizkaia, http://issuu.com/herrikolore/docs/residuos_urbanos_bizkaia_-_gorka_bu
– 2014ko apirilaren 14an Zorrotzan (Bilbo) Gorka Bueno eta Carlos Arribasek emandako hitzalditik jasotako informazioa