Albistea

  • EAJ-PSE natur kontserbazioaren kontra Gipuzkoan

    2015-02-22
    Partekatu - Compartelo

    Leitzarango basoa. Irudietako harkaitzak txapela izena du eta Tren txikin kokatzen da Andoainetik 5 km-ra.

    Leitzarango basoa. Irudietako harkaitzak txapela izena du eta Tren txikin kokatzen da Andoainetik 5 km-ra.

    -EAJ/PNV eta PSE alderdiek mendi araua berritzeko proiektuari ezetz esatea onartu dute.

    – Ez dira aldaketa handiak egin nahi zirenak baina  beharrezko ekarpenak dira XXI. mendeko natur kontserbazioaren paradigma berrian.

    -Pinudi handiak ez daude baserritarren esku; titularren % 1,9a pinudi-azaleraren %14,2aren jabeak dira; pinudien jabeen % 40ak ez dauka inolako loturarik baserriarekin.

    – PNV eta PSE alderdiek argi erakutsi dute ondasun publikotik onura pribatuak eskuratzea dela euren apustu bakarra.

    Otsailaren 4an jaso dugu azken atsekabea Gipuzkoako natur taldeok: Gipuzkoako Batzar Orokorretan oposizioak atzera bota du EH-Bilduk aurkeztutako Mendietako Araua berritzeko egitasmoa. EAJ/PNV eta PSE alderdiek araua berritzeko proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa onartu dute, PP alderdiaren abstentzioarekin.

    Prentsan baino ez ditugu irakurri zuzenketa hori aurkezteko baliatu dituzten arrazoiak PNV-PSE alderdiek, eta dirudienez hauxe da nagusiena: baserritarrak kaltetzen dituela. Baserritarrek egurretik eskuratzen duten ordaina ezinbestekoa dela diote, eta arauak aurreikusten duen gehiegizko esku-hartzeak baserritarrak kaltetuko dituela. Ondo baino hobeto dakitenean esku-hartze hori dela egurraren negozioa eusteko baliatu dutena egundaino, eta ez baserritarren mesedetan, argi erakutsi dugun bezala. Prentsan salatu dugu lehendik ere, eta Gipuzkoako pinudi handiak ez daude baserritarren esku; Instituzioen eta Kutxa bezalako enpresa handien esku daude (gutxi dira, titularren % 1,9a baino ez, baina pinudi-azaleraren %14,2aren jabeak dira). Pinudien jabeen % 40ak ez dauka inolako loturarik baserriarekin, eta gainerako %60tik oso portzentaje txikia osatzen dute baserritar profesionalek. EHNE Gipuzkoa eta ENBA sindikatuek hauen izenean hitz egiten dute, baina zaila egiten da arlo honetan haien interesak ordezkatzen dituztela sinestea. Baserritarrak ahotan, baina basozaleen eta lurjabeen defentsan ari dira gure ustez.

    Iratiko basoa

    Iratiko basoa

    Mendietako arauak egin nahi zituen ekarpenak behar beharrezkoak dira XXI. mendeko natur kontserbazioaren paradigma berrian. Natura 2000 Sarearen barruan arautu diren babestutako eremuetan (KBL-etan) ezinbestez hartu beharko diren neurriak, eta bide horretan lagungarria litzatekeen lege-aldaketa berau. Ez dira aldaketa handiak egin nahi zirenak, gure ustez, eragingo lituzketen aldaketetan baino, arlo horretan eman beharreko ikuspegi aldaketan izango zukeen eragina. Horrela baloratu genuen eta horrela jakinarazi genion Mendiak eta Natura Ingurunea saileko zuzendaritzari. Funtsean proposatzen diren berrikuntza nagusiak dira: diru publikoarekin aire-fumigazioak ez ordaintzea; mendietan pistak egiteko eta aldapa handietan makina pisutsuak erabiltzeko prozedurak zorroztea, eta horiei mugak jartzea; eta diru-laguntzetan bertako espezieen landaketak lehenestea; horrekin batera, mendien erabilera publikoa (motordun ibilgailuena etab.) hobeto arautzea. Honi esaten diote ez PNV-PSE alderdiek.

    2013ko Leitzarango erreka jetsierako irudia

    2013ko Leitzarango erreka jetsierako irudia

    Ez da gaurkoa bi alderdi horiek arlo horretan erakusten duten jarrera. Diru publikoarekin onuradun pribatuak saritu izan dituzte betidanik gure ustez, eta horretan jarraitu nahi dute.

    PNV eta PSE alderdiek argi erakutsi dute ondasun publikotik onura pribatuak eskuratzea dela euren apustu bakarra, kanpaina ofizialki hasten dutenean bestelako diskurtsorik azalduko badute ere. Mendien arauaren aldaketaren kontra azaltzean argi erakutsi dute guztiona den natur ondarea babestearen aurretik badituztela hainbat interes pribatu eta alderdikoi,  eta hori argi gelditzea da idatzi honen helburu nagusia.

    Gipuzkoan, 2015eko otsailaren 20an

    Sinatuta:

     Itsas Enara OE

    Arkamurka Zarauzko NT

    Eguzki

    Mutrikuko NT

    Herrio Orioko NT

    Ugatza OE

    Ekologistak Martxan

    Zumaiako NT

    Erkaxo Azpeitiko NT

    Katamarrua Zestoako NT

    Landarlan Goierriko NT

    Ondarroa 12 milia

    Haritzalde Naturzaleen Elkartea

    Okil Beltzak Elgoibarko NT

    Osina Natur Taldea


    Partekatu - Compartelo