Albistea

  • Arabako hondakinen kudeaketa

    2015-04-21
    Partekatu - Compartelo

    arabako hondakinak 2015 apirilaIturria: Berria. Arabako hondakinen kudeaketak Gardelegiko zabortegia du oinarri, bukaera tratamendu nagusia baita. Gasteizko hondakinen %25 birziklatzen dira egun, Europako irizpideetatik urrun.

    Ardo kupelen bakterioek hartzidura alkoholikoa egiten dute. Mahatsaren azukrea jan eta alkohola sortzen dute hondakin. Hondakin horren kontzentrazioa %12ra hurbiltzean, geratu ordez, aurrera segi eta euren kakan itotzen dira. Hortik dator ardoaren graduazio alkoholikoa». Prozesu natural horrekin konparatu dute Gasteizko hondakinen kudeaketa Gasteiz 0 waste, Greendu zure zaborra artikuluaren sinatzaileek. Azken hilabeteetan Arabako hondakin kudeaketari buruzko hainbat hitzaldi eskaini dituzte, gaiaren inguruko eztabaida pizteko asmoz.

    «Gardelegi da Araba osoari irtenbidea ematen dion zabortegia», azaldu du Dani Zuazagoitiak; EHUko kimika analitikoko irakaslea da, eta Gasteiz 0 waste, Greendu zure zaborraartikuluko sinatzaileetako bat. Haren arabera, Araban ez da errespetatzen hondakinen kudeaketarako Europak ezarria duen hierarkia. «Prebentzioa, berrerabilera eta birziklapena dira bultzatu beharreko lehen neurriak. Soilik horren ostean dator balorazio energetikoa, hau da errauste plantak, eta, azkenean, zabortegiak».

    Iritzi berekoa da Andres Illana Ekologistak Martxan-eko kidea: «Ez ditugu bat ere landu hondakinen gutxitzea eta berrerabilera, eta horiek dira lehenengo pausuak. Herritarrok horren alde egin behar dugu noski, baina instituzioek ere bai». Izan ere, Illanak uste du Arabako erakunde publikoek ez dutela behar beste lanik egin birziklatzea bultzatzeko. «Birziklatze datuak %25ean daude. Zerbaitek huts egiten du: jendea saiatzen ari da birziklatzen, edukiontziak beteta egoten baitira».

    Araban lau hondakin mota banatzen dira edukiontzietan: beira, papera, ontziak eta errefusa. Gasteizen 2010ean hasi ziren hondakin organikoa biltzeko bosgarren edukiontzia jartzen, baina 2014ra arte ez dira hiri osora zabaldu. Hala ere, ez dago inolako kontrolik. Zuazagoitiaren aburuz, erakunde publikoek «sistema diskriminatuak» bultzatu beharko lituzkete: «Edonork anonimoki edozer bota dezake edukiontzietara».

    Birziklatzeko arazoak

    Gasteizen bizi dira Arabako biztanleen hiru laurdenak. Hiri nagusian, hondakinen %25 birziklatzen dira. Europako legediaren arabera, 2020. urterako hondakinen %50 birziklatu beharko dira. Helburu horiek betetze aldera, Arabako Foru Aldundiak Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala martxan jarri zuen 2006an. Heldu den urtean bukatuko da plan hori, eta helburuak betetzetik urrun daude.

    Planak 2004. urteko hondakin kopurua hartu zituen oinarri, eta haren arabera ezarri zituen helburuak. Adibidez, 2012an 2004ko paper eta kartoi hondakinen %75 birziklatu beharko direla agintzen du. Zuazagoitiaren aburuz, Gasteizko Udaleko iraunkortasun txostenak urte bakoitzean birziklatutako hondakin tonak eskaintzen ditu, baina udalak ez ditu 2004ko datuak; beraz, ezin dira alderatu. «Inon ez dira ageri helburu horiekin konparatzeko datuak».

    Gardelegiko zabortegira doaz Arabako hondakin gehienak, tratatuak zein tratatu gabeak. Frakzio bakoitzak, ordea, bere bidea egiten du. Errefusa Jundizko TMB tratamendu mekaniko-biologikorako plantaren eramaten dute. Han hondakinak banatu, eta geratzen den materia organikoari tratamendu biologiko bat ematen diote. «Hondakin organiko horretan beti geratzen dira banatu ezin diren hainbat gauza; horregatik, legez ezin da konposta deitu». Hala ere, kontuan izan behar da Gasteiztik kanpoko errefusa Gardelegira doala zuzenean, inolako tratamendurik gabe. «Berez, zabortegietara ez litzateke tratatu gabeko ezer bota behar. Araban egiten dena alegala dela esango nuke».

    Papera, beira eta ontziak ere Jundizen dagoen Ecoembes plantara eramaten dituzte. Han, birziklagarriak direnak berreskuratzen dituzte. Hala ere, edukiontzietan birziklagarriak ez diren hainbat hondakin ere egoten da: Gardelegira eramaten dituzte.

    Zabortegia da Europak hondakinentzat gomendatzen duen azken neurria. Araban Gardelegi da bukaera tratamendurik ohikoena, TMB planta bitarteko azpiegitura baita. Zabortegien aurretik, Europak konposta, birziklatzea eta balorazio energetikoa lehenesten ditu. Ez dago errauste plantarik Araban, beraz, ez da balorazio energetikorik egiten. Konpostari dagokionez, Arabako zenbait herritan izan ezik, erakunde publikoek ez diote gai horri heldu. Birziklapenaren arloan, berriz, jasotako datuak aldundiko planetik eta Europako zuzentarautik aski urruti daude. «Zabortegiak ixtera jo behar dute, baina Araban ez dago alternatibarik. Duela urte batzuk PPk eta PSEk Gardelegi 2030a arte irekita mantentzea sinatu zuten». Hondakinak zabortegitik atera ezinik dabiltza.

    Bilketa pneumatikoa

    Gasteizen auzoz auzo zabaltzen ari dira hondakinak biltzeko sistema pneumatikoa; hala, martxan da Alde Zaharrean, Salburuan, Zabalganan eta Ibaiondon. Sistema horrekin zaborra lur azpiko hodietatik doa dagozkion biltegietara. Kaleetatik edukiontziak eta zabor biltzaileen kamioiak kendu dituen arren, kritika ugari jaso ditu sistema horrek.

    Illanak gogoratu duenez, Patxi Lazkoz alkate ohiak bilketa pneumatikoa ikuspegi energetikotik kolokan jartzen zuen txosten baten inguruan hitz egin zuen. «Askotan eskatu dugu txosten hori eta ez digute sekula eman».

    Zuazagoitiaren ustez, hondakinak nahastu egiten dira biltegirako bidean. «Hobi bakarra dago hondakin guztietarako, eta txandaka mugitzen badituzte ere, bidean poltsak apurtu eta hondakinak nahastu egiten dira». Gainera, nabarmendu du sistema horrek ez duela lortu zabor biltzaileak kaleetatik kentzea. «Askotan blokeatzen da. Jendeak poltsak lurrean uzten ditu hondakinak sartzeko ahoen ondoan, eta zabor biltzaileek kamioiekin pasatu behar dute». Haren iritziz, sistema horrek funtzio estetikoa baino ez du betetzen.

     


    Partekatu - Compartelo