Albistea

  • Hondakinen kudeaketari buruzko elkarrizketa

    2015-05-14

    Europako hondakin arduraduna 2015 maiatzaIturria: Berria.

    Elkarrizketa: Piotr Barczak. Europako ingurumen bulegoko hondakin politikaren arduraduna.

    Gipuzkoako hondakinen kudeaketa, errauskailua, kontsumoa, murrizketa eta birziklapena dira nagusiki elkarrizketan lantzen diren gaiak. Hona elkarrizketako adierazpen esanguratsuetako bat: “Errefusa gutxitzeko pizgarriak ezabatzen ditu errausketak”

    Europako Ingurumen Agentzia da ingurumeneko gobernuz kanpoko erakundeen federaziorik handiena: 140 kide baino gehiago ditu. Europako Ingurumen Bulegoak haien ordezkari lana egiten du Europako instituzioen aurrean, aholkulari gisa. «Herritarrek zer behar duten adierazten diegu, eta adibide onak ematen dizkiegu, Europa osoan zehar banatutako komunitateek ingurumenaren alde egiten duten borroka erakusteko». Piotr Barczak (Polonia, 1984) Euskal Herrian egon da berriki, Ihoberen hitzaldi batean, eta onetsi du Gipuzkoako hondakinen kudeaketa.

    Zure ustez, zein da hiri hondakinak kudeatzeko modurik egokiena?

    Erantzunak tokian tokikoa izan behar du, tokiko baldintzen eta errealitatearen araberakoa. Edozein kasutan, eta oro har, hondakinak ez sortzea izan behar da hondakinen kudeaketa on baten helburua, sortzen ez dena baita hondakinik onena. Hori da merkeena tokiko herritarrentzat eta onena ingurumenarentzat. Murriztera, berrerabiltzera, beharrezkoak ez diren hondakinak saihestera eta birziklatu ezin direnak desagerraraztera jotzen duten kudeaketa sistemek dituzte emaitzarik onenak ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik.

    Gipuzkoak errauste planta bat atzera bota du, baina oposizioak dio beharrezkoa dela birziklatu ezin diren hondakinak kudeatzeko. Zer iritzi duzu?

    Epe luzera, badira modu hobeak birziklatu ezin diren hondakinei aurre egiteko. Hondakinak gutxitzeak izan behar du lehentasuna, birziklatu ezinezko hondakinek ekonomian, ingurumenean eta gizakien osasunean dituzten kostuak handiak direlako. Produktu bat ezin bada birziklatu, egin behar den galdera da zergatik diseinatu den hala. Gauzek berrerabiltzeko, birziklatzeko eta konpostatzeko modukoak izan behar dute. Epe motzean, baliteke gauzak zabortegietara eramatea, baina Europako Batasunean (EB) errauste planta gehiegi daude, eta berriak egiteak ez dauka zentzurik. Poliki baina seguru, teknologia hau desagertu egin behar da.

    Zergatik ez zaizu egokia iruditzen hondakinak erraustea ?

    Kontua ez da bakarrik ez dela beharrezkoa, baizik eta kaltegarria dela eta zaildu egiten duela hondakinak kudeatzeko sistema. Izan ere, sistema hori hautatuta, hondakin gehiago sortzea sustatzen ari dira komunitateak, batez ere birziklatu ezin diren hondakinak sortzea. Errefusa gutxitzeko pizgarri guztiak ezabatzen ditu errauste planta batek, eta birziklatu eta berrerabili ezin diren produktuak merkatutik kentzeko joera trabatu egiten du. Teknologia zaharkitu bat da, produkzio eta kontsumo sistema iraunkorren aurkakoa.

    Zer iruditzen zaizu Gipuzkoan indarrean den hondakinak kudeatzeko eredua?

    Garrantzitsuena da hondakinak gaika biltzea, baita hondakin organikoak ere, Gipuzkoan egiten ari diren bezala. Modu horretan, aukera izango dugu garbiago jasotzeko nahastuta bilduz gero hondakin organikoek kutsatu eta zikindu ohi dituzten beste gai batzuk. Hondakin organikoak balio handia dauka. Bereizita eta modu egoki batean biltzeak onura handiak dakartza ekonomian eta ingurumenean. Birziklatzeari lehentasuna emateak onura handia dakar; izan ere, aukera ematen du materialak ez desagertzeko eta zirkulazioan jarraitzeko. Modu horretan, material berri gutxiago beharko da, erabilitakoak ez direlako ordezkatu behar.

    Uste duzu ondo egokitzen zaiola gai honetan Europatik datozen aginduei?

    Hondakinen kudeaketaren ereduari dagokionez, behintzat, bai. Arlo honetako nazioarteko adituen aholkularitza eskatu ostean proposatu zuten tokiko erakundeek Gipuzkoako eredua. Dudarik gabe esan daiteke Europa hondakinen kudeaketari buruz planteatzen ari den aldaketen norabidean doala Gipuzkoan indarrean dagoen eredua.

    Hondakinen kudeaketari dagokionez, zure ustez, zeintzuk dira indarrean dauden eredu egokiak?

    Eredu on pare bat daude, eta Gipuzkoa da haietako bat. Horrez gain, praktika egokien multzoan aipa daitezke, alde handiz gainera, Milan, Treviso eta Argentona (Italia), Vrhinka eskualdea (Eslovenia) eta Flandria osoa. Eskualde batzuk besteak baino hobeto ari dira, baina badira oso atzean geratzen ari diren estatuak ere. Hondakinen gaineko zuzentarauak EBko estatu guztietan jarri behar dira indarrean, eta helburua da bakoitzaren egoera hobetzea; besteak beste, materia organikoaren gaikako bilketa sustatuz eta ekoizleen gaineko ardura zabalduz. Europa ahaleginak egiten ari da ekonomia zirkular batean sartzeko, eta hondakinen kudeaketak zeregin oso garrantzitsua dauka alor horretan. Beraz, ezinbestekoa da Europako Batzordeak anbizio handiko zuzentaruak onartzea oinarri hauekin: hondakinak gutxitzea; errefus kopuruak murrizteko, produktuen diseinua hobetzea; eta zabortegiak eta errauste plantak mugatzeko neurriak indarrean jartzea.

    Ari al dira neurri horiek ezartzen?

    Hondakin gutxien sortzen dutenak dira eskualderik onenak. Sarritan ikusten dugu hondakinen kudeaketaren irtenbidea ez dagoela teknologiarekin lotuta, baizik eta herritarren portaerarekin, tradizio eta ohituretan arras sustraituta. Heziketak ere zerikusi handia dauka. Hondakinak gutxitzeari buruz herritarrak sentsibilizatu ondoren, arrakastarik handiena lortu duten eskualdeek azpiegitura egokia aurkitu dute gero eta gutxiago sortzen dituzten hondakinei aurre egiteko.

    Baina azken errefus hori erraustea irtenbide bat izan liteke?

    Errausketaren alderik txarrena da ez duela sustatzen hondakinak gutxitzea. Aitzitik, hondakinak sortzea sustatzen du. Esloveniako hainbat hirik —hiriburuak barne— ikuspegi hori barneratu dute, eta, batez beste, askoz ere hondakin gutxiago sortzen dituzte mendebaldeko herrialde garatuenek baino. Lanean jarraitzen dute hondakinak murrizteko, eta, gainera, gaikako bilketa hobetzen saiatzen ari dira, atez ateko eredu batekin, baita hondakin organikoentzat ere. Beste eredu on bat Treviso da. Zero zabor estrategiaren Europako sorterria izanik, lehen birziklatu ezin ziren produktuak murrizteko estrategia diseinatu eta landu dute ekoizleekin batera, hala nola pixa oihal eta kafe kapsulak. Garrantzitsua da hondakinei begiratzea eta gradualki desagerrarazten joatea hondakin gutxiago sortzearekin bat ez datorren guztia.

    Neurri garrantzitsua da, sistema horrekin etxeek eta enpresek sortzen duten hondakin kopuruaren arabera ordaintzen dutelako, eta hori pizgarri on bat da hondakin gutxiago sortzeko. Antzeko sistemak badira Flandrian, Italian eta zero zabor herri gehienetan.