Albistea

  • Eguzkik Usapalen eta galeperren ehiza debekatzeko eskaera egin du

    2015-07-23
    usapala 2015 uztaila

    Usapala

    Gipuzkoako Ehiza Kontseilua laster bilduko da eta Foru Aldundiak laster ere argitaratuko du 2015-2016 kanpainarako ehiza-aldiak eta baldintza orokorrak finkatuko dituen Foru Agindua. Horiek horrela, Eguzki talde ekologistak zera eskatzen du:

    usapal arrunta (Streptopelia turtur) eta galeperra (Coturnix coturnix) espezie zinegetikoen zerrendatik ateratzea, hau da, bi espezie horien ehiza debekatzea.

    Arrazoiak, honako hauek:

    1.- Usapalen populazioak gainbehera latza pairatzen ari dira azken hamardaketan Europan. European Bird Census Couincilen arabera, 1980. eta 2009. urte bitartean, batezbeste % 70 murriztu da usapal kopurua kontinentean: Estatu frantsesean, % 50; Ingalaterran, % 70; Portugalen, % 80. Estatu espainolean, berriz, 1998. eta 2013. urte bitartean, murrizketa % 29,9koa izan zen (SACRE programa). Hau ikusita, usapalak babestu eta ehizatzea debekatu dute espezie hau botatzen tradizio handia duten herrialde askotan, hala nola Belgikan, Txekian, Danimarkan, Estonian, Finlandian, Alemanian, Hungarian, Irlandan, Letonian, Luxemburgon, Holandan, Eslovakian, Eslovenian edota Suedian.

    Estatu espainolean bertan ere debekuak egon badaude, hala nola Kanariar Uharteetan eta Kantabrian. Izan ere, Kantabriako Ehiza Kontseiluak, espeziearen egoera larriari erreparatuta, 2015-2016 kanpainan usapalak botatzea debekatu berri du.

    Asko dira espeziearen gainbeheran eragina izan duten eta duten faktoreak, esaterako, nekazaritza intentsiboak nekazaritza tradizionala ordezkatzea, pestizidak erabiltzea, landa-eremuak hustutzea eta, azken batean, usapalen habitat naturalak galtzea. Faktore hauei guztiei gehitu behar zaie gehiegizko ehiza. Horren ondorioz, usapalen pupulazioak nekez suspertuko dira. Horiek horrela, Estatu espainolean, 2006. eta 2012. urte bitartean botatako usapal kopuruak gorantz egin zuen (MAGRAMAren, hau da, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren datuen arabera), 2005ean botatako 450.000 aletik 2012an botatako 800.000 aleetara.  Europar Batasunean urtero 2 milioi usapal eta 4 milioiren artean  botatzen omen dira.  Bikote ugaltzaileak 1,2 eta 2,2 milioiren artean direla kontuan izanda, garbi dago usapal gehiegi botatzen ari direla, espeziearen biziraupena arriskuan jarriz.

    Horregatik, goi mailako aditu talde batek 2015eko apirilaren 29an eskatu zuen usapala Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan sartzea, ‘kaltebera’ gisa sailkatua. Halaber, talde horrek zera eskatu zuen:

    a)     Usapala espezie mehatxatuen beste katalogoetan ere sartzea.

    b)    Autonomia erkidego guztietan usapalak ehizatzeko debekua ezartzea, harik eta populazioak suspertzen ez diren bitartean.

    c)     Espeziearen gainbeheraren zergatiak, bai naturalak bai gizakiak eragindakoak ikertzea.

    Ez da begi-bistatik galdu behar lege batek baino gehiagok, horien artean Ondare Naturalaren eta Bioaniztasunaren Legeak (42/2007, abenduaren 13koa), adierazten dutela ehiza arautu egin behar dela betiere espezieen biziraupena eta ugalketa bermatzeko moduan.

    Hau guztia dela eta, usapala Foru Agindutik espezie zinegetiko gisa desagerrarazi eta, aldiz, espezie mehatxatu gisa sailkatzea eskatzen dugu, kaltebera moduan.

    2.- Galeperren egoera berdintsua da, beraz, horien mesedean ere ehiza-debekua ezarri beharko litzateke.

    galeperra 2015 uztaila

    Galeperra

    Aditu kontserbazionista guztien arabera, galeperren gainbeheraren arrazoirik nagusietako bat nekazaritza eta lehorreko laborei eskainitako landa-lurrak murriztu izana da; azken batean, espeziearen ohiko habitatak aldatu eta desagertu izana. Baina dokumentatutako beste arrazoietako bat gehiegizko ehiza da, batez ere ehiza-debekualdi erdian.

    Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eskainitako datuen arabera, 2005. eta 2012. urte bitartean botatako galeper kopuruak gorantz egin zuen, epe horretan 1,5 milioi galeper botatzetik 1,6 botatzera pasatu baitzen. SEO/Birdlife-ren SACRE programaren arabera, Estatu espainolean, 1998. eta 2013. urte bitartean, galeperren populazioak % 53 murriztu ziren.

    Egia da Gipuzkoan galeper gutxi ikusten direla, baina espezie honek iraungo badu, usapalak bezala, ehiza-debekua ezarri beharko da, populazioek arnasa har dezaten, gainbeheraren kausak zorrotz ikertzen diren bitartean. Gainera, ez da ahaztu behar usapala eta galeperra espezie migrariak direla, eta, horren ondorioz, babesteko neurriak hartu dituzten herrialdeen ondare ere badirela.

    Beraz, galeperra ere Foru Agindutik espezie zinegetiko gisa kentzea eskatzen dugu, eta ehiza-debekua ezartzea espeziearen populazioak suspertu arte.

     

    3. Beste batzuetan bezala, baten batek argudiatuko du hemen aipatu ditugun datuak ez direla behar bezain zorrotzak. Are gehiago, beharbada kontra-txostenen bat ere egingo da, seguru asko diru publikoz ordainduta, gainera. Aitzakiak, espezie hauek biziraun dezaten ehiza egiten jarraitu behar dela argudiatzen jarraitzeko. Baina errealitatea latza da. Eta ehiztariek berek aitortzen dute usapalen eta galeperren gainbehera, gero gainbehera horri aurre egiteko babes-neurririk hartu nahi ez badute ere. Hona hemen adibide pare bat:

    http://www.club-caza.com/articulos/721benjumeda.asp

    http://www.trofeocaza.com/noticia/2147/Entrevistas/Las-tortolas-y-codornices-hay-que-gestionarlas-como-si-fueran-perdices.html

      Donostian, 2015eko uztailaren 14an

KANPAINAK

BIDEOAK

EGUTEGIA

July 2015
M T W T F S S
 12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031  

LIBURUAK

liburuak