MENDEXA. Zoritxarrez alako albiste onak gitxi eukitzen dugu. Epaitegi Gorenak ere agindu du Karraspio hondartza inguruan egin nahi zuten proiektoa ezin dela aurrera eraman, bertan 24 etxebizitza 2 bloketan banatuta eta aparkalekua egin nahi zuen promotora pribatu batek.
KARRASPIO INGURUA PORLANEZ BETETZEKO PROIEKTUA BERTAN BEHERA GERATU DA HERRITARREN LANARI ESKER.
Proiektu honen bidez, promotore pribatu batek Karraspio inguruan aparkalekua eta etxebizitzak eraikitzeko asmoa agertu zuen, eta, Mendexako Udalak eta Aldundiak babes osoa eman zioten hasiera-hasieratik.
Promotoreak 24 etxebizitza eraiki nahi ditu Karraspio gainean, eta horren truke 180 autorentzako aparkalekua egiteko lurra eskaini du. Baina, norentzat izango dira etxebizitzak? Noren mesederako? Zein eratako etxebizitzak izango dira? Herritarren poltsikoetarako? Gainera, eta larriena, babestutako gune horretan zeuden zuhaitzak ere moztu egin dira 2003-2013 urteen artean lurra soiltzeko helburu bakarrarekin (delitu ekologikoa).
Bestetik, argi dago 180 aparkaleku egiteak ez dituela aparkatzeko arazoak konpontzen. Lekeitioko irteeran badaude aparkalekuak trafikoaren arazoari irtenbidea emateko, eta orain Karraspio hondartzan beste aparkaleku bat egiteak, inguruneari sekulako kaltea egiteaz gain, trafiko gehiago ekarriko luke hondartzara eta arazoa handiagotu. Horren aurrean guk kalterik txikiena egingo duten alternatibak aztertzea proposatzen dugu: garraio publikoan hobekuntzak egin, autobus lantzaderak jarri…
Proiektu honen guztiaren helburua zein den ikusteko ez da betaurreko berezirik behar: promotore pribatu baten negozioa. Harrigarriena da Udalak eta Diputazioak promotore pribatu horrek aurkeztutako proiektua azken muturreraino defenditu dutela.
Proiektua gelditzeko bide luzea egin dugu 2011tik hona. Batetik, ikusita gure alegazio eta kexak ez zirela kontuan hartzen, epaitegietara jo behar izan dugu eta administrazioaren aurrean kontentziosoa jarri. Bestetik, era askotako ekintzak antolatu ditugu gure aldarrikapena kaleratzeko: hitzaldiak, ibilaldia, antzerkia, barazkien salmenta, panel informatiboak, elkarretaratzeak, auzo-lana, sinadura bilketa…
SOS KARRASPIO izeneko mahaian biltzen izan diren talde eta herritarren lana ezinbestekoa izan da egitasmoa gelditzeko (auzokoak, Gu behintzat oinez herri plataforma, Ekozain talde ekologista, Lekitxo bizirik, Mendexako Bildu, Lekeitioko Bildu, Lekeitioko Aralar…), baita gerora, sinadura emanez edo ekintzetan parte hartuz, atxikimendua adierazi duzuen eskualdeko mendi talde (Lumentza, Aurrera, Artibai), talde ekologista (EGUZKI, Ekologistak martxan), eta makinatxo bat lagunen ekarpena ere. ZORIONAK DANORI.
Auzi hau irabazi dugu, baina aurrerantzean ere adi jarraitu beharko dugu gure ingurunearen defentsan.
Epai honek erakusten digu zaila dirudien arren, herritarrok elkar hartuta, guztion lanarekin, gauza handiak lor ditzakegula.
ZORIONAK DANORI !!!
SOS KARRASPIO MAHAIA
KARRASPIO INGURUAN ETXEAK EGITEKO PROIEKTUA
KRONOLOGIA:
2002-MAIATZEAN.Promociones Ichaso Aldegui , S.L. promotore pribatuak Vista Alegre inguruan 10 etxebizitza eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen, udalarekin hitzarmena sinatzeko proposamena egin zuen aparkaleku bat eraikitzeko terrenoaren lagapena egiteko era berean.
2002- ABENDUA.Mendexako Udala eta Promociones Ichaso-Aldegui, S.L. enpresaren artean izenpetutako hirigintza hitzarmenaren ondorioz, Mendexako arau subsidiarioen aldaketa puntuala, Karraspioko lur-zoru ez urbanizagarrian, Promociones Ichaso-Aldegui, S.L. enpresak aurkeztu zuen.
Aldaketa puntual honen bitartez 2 exekuzio unitatearen redelimitazioa eta Vista Alegre kontsolidatutako ordenazio bereziko eremua arautuko dira, eta baita Mendexako hiri-zoruko 7 exekuzio unitate berriari dagozkion ordenazioa, gestioa eta jabeen kargurako terrenoen lagapena ere.
Mendexako Udalak Mendexako arau subsidiarioen aldaketa puntuala onartu zuen HASIERAZ? Karraspioko lur-zoru ez urbanizagarrian.
2003 – APIRILA.Mendexako Udalak Arau subsidiarioen aldaketa puntuala, Karraspioko lur-zoru ez urbanizagarrian, behin-behinean onartu zuen.
2003- URRIAN.Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumena Sailak, AURKAKO TXOSTENA idatzi zuen.
Urriaren 21eko 1019/2003 FORU AGINDUA. BFAk Mendexako Arau Subsidiarioen aldaketaren behi betiko onespena ukatzen zuen Karraspioko lurzoru ez urbanizagarrian.
2010-ABUZTUA.Promociones Ichaso-Aldegui , S.L. enpresak Mendexako Karraspio inguruan Arau Subsidiarioak aldatzeko ECIA aurkeztu zuen.
2010- AZAROA.Promociones Ichaso-Aldegui , S.L. enpresak Mendexako Karraspio inguruan Arau Subsidiarioak aldatzeko PROIEKTUA aurkeztu zuen.
2011- URTARRILA.Mendexako Batzorde Kudeatzaileak Mendexako Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala, HASIERAZ? ONARTU zuen.
2011- APIRILA.Alegazioak aurkeztu zituzten:auzokoherritarrak, Lekitxo 2020 Auzo Elkartea, Lekeitioko Udala, Mendexako Gu behintzat oinez herri-plataforma, Mendexako Ezker Abertzalea, Ekozain talde Ekologista.
2011- MAIATZA. Mendexako Batzorde Kudeatzaileak Mendexako Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala, BEHIN-BEHINEAN ONARTU zuen.
2012 URTARRILA.Lea-Artibaiko Udalak mozioak onartu zituzten LURRALDE ANTOLAKETA JASANGARRI BATEN ALDE. Lekeitio, Ondarroa, Markina, Aulesti . BFAra, EJra eta Europako Parlamentura idatziak bidali zituzten hartutako erabakien berri emanez eta ingurua babesteko legedia indartzeko eskatuz.
2012 MARTXOA.Martxoaren 19ko 2037/2012 FORU AGINDUA, Behin betiko onesten da Mendexako arau subsidiarioen Vista Alegre unitateari dagokion aldaketa puntuala. Honako alderdi hauek zuzenduta:
1. Birsailkatu nahi diren lurrek urbanizaezin izaten jarraitu behar dute.
2. Eraikuntzaren solairu kopurua murriztu beharko da, gutxienez solairu bat kenduz, eta ahalik gehien murriztuko da oinplanoko okupazioa ere.
3. Eraikigarritasuna parametro bakar baten bidez ezarriko da, inor nahastu ez dadin.
4. Ingurumen eraginari buruzko behin betiko txostenarekin bat etorriz, babesteko arauak erantsiko zaizkio hirigintzako agiriari.
5. Aldaketaren edukian zonatze akostikoa jaso beharko da.
6. Hiri lurzoruaren barruan, gehienez %6ko malda izango duten ibilbideak aurreikusi beharko dira.
2012 APIRILA.Mendexako Udalak, egin beharreko zuzenketak egin ostean, Arauen Aldaketarako Testu Bateratua bidali zuen BFAra.
2012- EKAINA.Lekeitioko Udalak karraspio inguruko arauen aldaketaren inguruan errekerimendua aurkeztu zuen BFAn.
2012-EKAINA.KARRASPIO SOS PLATAFORMAko partaideak errekurritu egin zuten FORU AGINDUA. Mendexako Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala onartzen zuena.
2012-ABUZTUA.Mendexako udalak Epaiketan parte hartzea erabaki zuen. Vista Alegreko exekuzio unitatearen aurkako 532/2012 auzi-errekurtsoaren aurrean prozeduran parte hartzea.(450 euro prokuradorea + 5.600 euro abokatua )
2012- URRIA.BFAk Lekeitioko Udalak martxoaren 19ko 2037/2012 Foru Aginduaren aurka egindako errekerimendua ezestea erabaki zuen.
Lekeitioko Udalak errekurtsoa jarri zuen EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan , BFAren erabakiaren aurka.
Mendexako Udalak errekurtso honetan parte hartzea erabaki zuen 2013-otsailean . ( gastuak : 3.600 euro abokatua ).
2013-MAIATZA.KARRASPIO SOS plataformako kide batek salaketa jarri zuen proiektuaren inguruan 2003-2013 urte tartean zuhaitzak moztu zirelako, babestutako gunea da. DELITO EKOLOGIKOA. BFAko artxiboetan dauden argazkiak froga, zuhaitzak urtetik urtera desagertzen.
2013- URRIA.BFA-ren erantzuna JARRITAKO DELITO EKOLOGIKOAREN SALAKETAri erantzuna ez dela gune babestua.
2013-URRIA.EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak bertan behera gelditzeko foru Agindua agindu zuen. Onartutako arrazoiak:
1- Ezin daiteke aldaketa puntual baten bidez proiektu hau onartu. 8 urte pasa dira Arauak onartu zirenetik eta proiektu honetan % 20tik gorako eraikuntza gehikuntza planteatzen da.
2- PTSak debekatutako tokian planteatzen da aparkalekua.
2013-AZAROA.BFAk errekurridu egin du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia.
2014-MARTXOA EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu Lekeitioko Udalak jarritako errekurtsoa.
2015-UZTAILA.Epaitegi Gorenak BERRETSI du bertan behera gelditu behar dela Mendexako Arau Subsidiarioak Karraspion aldatzeko proiektua onartzen duen FORU AGINDUA
Zaindu dezagun kostaldea.