Albistea

  • Birziklagarri diren hondakinak ez errausteko hitza eman du Gipuzkoako Diputazioak

    2015-09-17
    Partekatu - Compartelo

    errausketa 2015 iraila 3Iturria: Berria.

    Europako Parlamentuak uztailean onartutako ebazpenaz mintzatu da Jose Ignacio Asensio diputatua. Berretsi du errauste planta egingo dutela Zubietan. Aurreko agintaldian Bilduk hartutako erabakien auditoria egingo dute, gainera.

    Hondakinen kudeaketaren auzia izango da gatazkatsuenetako bat Gipuzkoan agintaldi berrian ere. Batzar Nagusietan agerraldia egin du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak, lan ildoen berri emateko. Lelo bat aipatu du agerraldian: Zero zabortegi. Aurreko agintaldian ardatz izandako zero zabor leloari erantzun dio, beraz. 

    Europako Parlamentuak uztailean onartutako ebazpen bat hartu du ahotan Asensiok: ekonomia zirkularrari buruzko ebazpena. Hondakinen politikari buruzko neurriak zehaztu zituen parlamentuak akordio horretan. Besteak beste, hondakinen gaikako bilketa %70era iristea 2030erako, eta errauste plantetara soilik birziklagarri edo biodegradagarri ez diren hondakinak eramatea. Azkenik, zabortegiak 2030erako ixteko ere agindu zuen.

    Ebazpen hori bere egin du Ingurumen diputatuak. baina oraingoz ez du eman aparteko zehaztasunik. Adierazi du prestatzen ari direla hondakinen kudeaketarako plana; PIGRUG hiri hondakinak kudeatzeko plana moldatuko dute. Horretarako, bilketaren oraingo egoera ere aztertu nahi dute. Errauste planta agintaldia amaitzerako prest eta martxan egongo dela agindu du.

    Aurreko agintaldian Bilduk egindako kudeaketarekin oso kritiko agertu da Asensio; “Penagarria izan da”. Besteak beste, Europako Inbertsio Bankuarekiko harremana aipatu du: salatu du GHK-k ez zituela interesak ordaindu bederatzi hilabetez, eta “herio zauriekin” dagoela inbertsio bankuak emandako mailegua. Gainera, auditoria bat iragarri du GHK partzuergoan, “kudeaketa faltaren ondorioak” zein izan diren argitzeko. Galera ekonomikoak aipatu ditu, besteak beste.

     


    Partekatu - Compartelo