Albistea

  • Zaborrak erraustu ez Olaztin ez inon

    2015-09-24
    Partekatu - Compartelo

    errauske ez

    Euskal Herrian ingurumenaren defentsaren alde lan egiten dugunok, Nafarroako Gobernuak  “Cementos Portland” enpresari bere Olaztiko instalazioan zaborra errausteko baimena kendu diolaren albistea poz handiz jaso dugu. Informazio hau, irailaren 8an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari  Ofizialen (185.zkia) irakurri ahal izan dugu.

    Aurreko gobernu-taldeak aipatutako enpresari baimena eman zion bi urteren buruan proiektua martxan jar zezan. Denbora hori igarota eta proiektua geldi dagoela, egungo gobernu-taldeak baimena kentzea erabaki du.

    Ohiko prozedura administratiboa jarraituz, ebazpen proposamenak 10 eguneko entzunaldi-izapidea izan du, denbora tarte horretan instalazioko titularrek ez dute inolako alegaziorik aurkeztu.

    Zementu-fabrikako jabeek proiektu hau gelditzearen arrazoia baliabide ekonomiko falta izan dela esan duten arren, azken urte hauetan zonalde honetako biztanleek proiektu honen aurrean azaldu duten aurkako jarrera ere erabakigarria izan dela uste dugu. Honekin batera, errauskailu batek daukan etorkizun eskasa dago, izan ere Europak 2020an hondakin birziklagarriak desagerrarazteko metodo moduan errausketa ez erabiltzea erabaki du. Eta instalazio honetan erreko lirateken hondakinen (biomasa, gurpilak, araztegiko  lohiak, ibilgailuen zatiak, animali-irinak, plastikoak, margoak, bernizak, zaborrak, etab.)  zati bat behintzat mota honetakoak lirateke.

    Hondakinen errausketa jarduera arriskutsua dela ez dugu soilik guk (ekologistak) esaten. 33.000 mediku eta zientzialarik (kontuan hartzeko kopurua bada) gobernatzaileak errausketari lotutako arriskuez ohartarazteko helburuarekin lan bat aurkeztu berri dute Europako Legebiltzarraren aurrean.  Izan ere, errauste prozesuan kutsatzaile toxiko ugari isurtzen dira ingurumenera, besteak beste, dioxina eta furanoak, airea, ura, lurra eta izaki bizidunetan inpaktu zuzenak dituztenak. Honetaz gain, nahikoa datu dauzkagu hainbat gaixotasunen intzidentzia tasaren igoeraren inguruan kezkatuta egoteko, esate baterako: minbizi mota batzuk, alterazio endokrino (diabetesa) eta hormonalak, fetuen garunaren garapenean funtzio kognitiboen ezarpen ez-egokia.

    Olaztin lortutakoak, Gipuzkoako gobernari berriek (EAJ eta PSOE) bertan behera gelditu zen Zubietako errauskailuaren proiektua berpiztu nahi izanaren aurrean daukagun kezkarekin talka egiten du. Baina Olaztin gertatutakoak esperantzarako arrazoiak ematen dizkigu, guztion artean mota honetako proiektuak gelditu ahal ditugu eta. Proiektu hauek gizarte aurreratu baten azkenengo helburuaren aurka doaz; zaborren kudeaketa jasangarria lortzea ikuspegi ekonomiko, ekologiko eta sozialetik, oinarrizko lema “zero zabor” delarik.


    Partekatu - Compartelo