Aste honetan marea biziak izango direla eta, legez kanpoko arrantza eta itsaski-bilketa zorrotz kontrolatzeko eskatzen du Eguzkik
2015-09-26
Partekatu - Compartelo
Aste honetan, marea biziak aprobetxatuz, hamaika arrantzale eta itsaski-biltzaile legez kanpo arituko dira berriz ere itsasertzean. Hori dela eta, Eguzkik Eusko Jaurlaritzari eskatu dio furtibismoari eraginkortasunez aurre egiteko eta, ondorioz, arazoa konpontzeko baliabide gehiago bideratzeko.
Egunotan itsasbehera ikusgarriak izango dira. Horren ondorioz, espezie askotako arrain eta itsaski ugari arroka tartean geratuko dira, babesgabe. Kontzientzia edota eskrupulu gutxi duten furtibo askok harrapakin bihurtuko dituzte, debekualdi, ordutegi, gehienezko kopuru, gutxienezko neurri edo legezko beste edozein mugari erreparatu gabe. Olagarrorik txiki-txikiena ez da libratuko, ezta itsas trikua eta beste espezie babestuak ere. Eta hau ez da paraje jakin batean edo bestean gertatuko, kosta osoan nahiko modu orokorrean baizik, baita legez babestuta dauden inguruetan, esaterako, Gaztelugatxen edo Zumaiako biotopoan, Bidasoan eta Ondarretan… Inpunitatea izugarri handia da. Horren lekuko da azken marea bizietan baten bat Ondarretako hondartzan arrantzan ibili izana, gauean eta fokuen argitan. Esan gabe doa hura guztiz debekatuta dagoela.
Bestalde, ez da begi-bistatik galdu behar legez kanpo harrapatutakoa, sarri, komertzializatu egiten dela, legez kanpo komertzializatu ere, noski.
Eguzkiren iritziz, herri-erakundeek eta batez ere konpetentzia nagusia duen Eusko Jaurlaritzak ez dute behar beste egiten furtibismoaren kontra. Arrantza-ikuskatzaileen kopurua minimoa da, eta ez dirudi Ertzaintzak alor honetan agindu berezirik duenik. Jaurlaritzaren jarrera pasiboa dela ere esan daiteke, batez ere ikusirik Kantauriko beste komunitateetan jarduera honi aurre egiten diotela. Izan ere, Galizian, Asturiasen eta Kantabrian, SEPRONAk legez kanpoko arrantzaren eta itsaski-bilketaren kontrako salaketa ugari jartzen ditu, behintzat.
Gauzak horrela, Eguzkiren iritziz Jaurlaritzak gaiari (harrapatutakoa legez kanpoko merkaturatzeari barne) serio heldu behar dio, eta konponbideak jarri, furtibismoak kostaldeko bioaniztasunean duen eragina ez baita hutsaren hurrengo.