Zabalgarbi da gas gehien isurtzen duen EAEko bosgarren enpresa
2015-10-07
Partekatu - Compartelo
Iturria: Berria.
Ekologistak Martxan-en ustez, aitortu baino CO2 isuri gehiago egin ditu errauste plantak. Kontsekuente izateko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.
Zabalgarbiko errauste plantak 223.000 tona hondakin baino gehiago erre zituen 2014. urtean, eta errausketa prozesuan 235.000 tona CO2 isuri zituen. Datu horiek aztertuta, Ekologistak Martxan elkarte ekologistak ohartarazi du Zabalgarbi Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa kutsatzaileenen artean dagoela. Areago, zehaztu du berotegi efektuko gas gehien isurtzen duen bosgarren enpresa dela.
Ekologistak Martxan-ek bi iturrietatik eskuratu ditu aipatu datuak: PRT Isurien Espainiako Errolda eta Zabalgarbiko Ingurumen Zaintzarako Programa. Ordea, isuriak are handiagoak izan zirela salatu du. Hain zuzen ere, datu horietan ez dituzte zenbatzen gai organikoetatik eratorritako hondakinen isuriak: egurra, landareak… Erretako hondakin horien isuriak zenbatuz gero, 375.000 tona CO2 isuri direla zenbatetsi du elkarte ekologistak; horren %58 hondakinen errausketen ondoriozkoa izan zen, eta %42 gas naturala erabiltzearen ondorioz.
Edonola ere, datu ofizialak baliatuta, Ekologistak Martxan-ek jakinarazi du soilik lau enpresak isurtzen dutela CO2 gehiago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: Muskizko Petronorren findegiak, Abantoko ziklo konbinatuko zentralak, Galindoko Ur Araztegiak (Sestao) eta Añorgako Cementos Rezolak.
Eskaria Eusko Jaurlaritzari
Berotegi efektuko gasen isurketa murrizteko konpromisoa hartzea «atzeraezina» dela ohartarazi du elkarte ekologistak. Hartara, egoerak eskatzen dituen erronkekin «kontsekuente» izatea galdegin dio Eusko Jaurlaritzari, eta eskura duena egin dezala. Hau da, enpresa zein erakundeei eska diezaiela isuriak murrizteko neurriak abiarazteko, eta hori lortzeko plan errealak lantzeko.
Ekologistak Martxan-ek zenbait iradokizun egin ditu, Zabalgarbiko kasua aztertuta. Hondakin organikoen bilketa selektiboaren bitartez aipatu CO2 isuriak urritzeko aukera dagoela oroitarazi du, eta gaineratu du gai organiko horiekin konposta egin daitekeela. Konpostatze prozesuan CO2 isurtzen dela aitortu arren, isuri «mantsoagoa» dela azaldu dute, eta azkenean CO2aren zati bat lurrean geratzen dela. Erraustearen kasuan, aldiz, zuzenean atmosferara isurtzen da.
Zabalgarbik errausten duen hondakinaren ia herena organikoa da; %31,3, hain zuzen ere. Zabalgarbiko jatorri organiko erregai horretatik gehiena hiri hondakinetatik hartzen du.