Zubietako errauste plantaren proiektua berriz martxan jartzeko asmoa agertu du Gipuzkoako Aldundiak, eta segidan zabaldu ditu airean kezka eta egonezina.
Zaharrak berri Zubieta aldean. Urte askotako liskar politikoak zeresana ematen segitzen du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun berriek garbi agertu dute asmoa: legealdia amaitzerako, Zubietako errauste planta martxan egongo da. Itxiak ziruditen zauriak ireki egin dira eta Zubieta inguruko herritarrei arnasa larritu zaie berriro. Horren seinale da azken egunotan bi plataforma aurkeztu direla; bata Usurbilen, eta, bestea, Lasarte-Orian.
Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformako Martin Anso, Naroa Iriondo eta Ricardo Ortegarekin bildu da GAUR8, herri mugimendu horren kezkak eta erronkak jasotze aldera.
Zergatik eta zertarako bildu zarete Aire Garbia plataformaren bueltan?
Aldundiko talde berriak berriz hartu du aurrekoek utzita zuten errauskailuaren proiektua, horrek dakartzan arrisku guztiekin. Eta garbi ikusi dugu Lasarte-Oriatik mugitzen hasi behar dugula, jendea berriz sentsibilizatzen, mobilizatzen, erakundeen babesa lortzen… eta bide horretan jarri nahian sortu dugu plataforma.
«Berriz», aipatu duzue. Hainbeste urte bueltaka daramatzan eta politikoki hain korapilatsua den gaiaren bueltan jendea berriz mugiaraztea ez da erraza, ezta?
Beti zailagoa da bigarren aldiz jendea mobilizatzea. Hau, neurri handi batean, herritar askok itxitzat jotzen zuen gaia da eta beti kostatzen da gehiago. Pentsatzekoa da nekea, asperdura eta etsipen puntu bat egongo dela batzuen artean. Baina, beste aldetik, guk ikusten dugu jendeak baduela gogorik. Guk esaten dugu «errauste plantarik ez, ez hemen ez inon». Baina logikoa ere bada sektore batek esatea, «inork nahi ez duena, Lasarten egokitu behar. Beste gauza batzuk ez dira ba hemen egokitzen». Diskurtso hori ulertzen dugu, nahiz eta plataforman ez dugun partekatzen, eta sentsazio horrek jendea mugiarazten du. Guk garbi daukagu ez dugula errauskailurik nahi inon. Baina herritarrei esango genieke, gaiarekin aspertuta eta etsituta egonagatik, arazoa ez dela desagertu; hor segitzen du eta beharrezkoa da horri aurre egitea.
Zein da plataformaren ardatza?
Osasuna. Errauste plantaren kontra egoteko arrazoi asko daude, izaera desberdinekoak. Baina plataforman batzen gaituena Lasarte-Oriako herritarren osasunarekiko kezka da. Alderdikeriak eta zaborrak kudeatzeko metodo desberdinak alde batera utzita, pentsatzen dugu herritarren gehiengoa eta udaleko indar politiko gehienak ere osasunaren inguruko ikuspuntu honetara bil ditzakegula. Gauza garbia delako errauste plantak osasun ondorio oso larriak ekar ditzakeela. Eta ez bakarrik Lasarte-Oria, Zubieta, Usurbil, Andoain eta inguruko herrietan. Aire bidezko kutsadura plantaren inguruan bakarrik gertatuko dela pentsatzea absurdoa da. Gero eta gertuago, gero eta arrisku handiagoa, baina eragina askoz orokorragoa izango da.
Zein arriskuri buruz ari zarete?
Europan dozenaka azterketa epidemiologikok frogatu dute errauste planta batetik gertu bizi direnek aukera gehiago dituztela minbiziak, leuzemiak, malformazio genetikoak, ernalketa sistemaren mutazioak eta bestelako gaitz asko pairatzeko. Batzuek datu zientifikoak diren horiei garrantzia kendu nahi diete, baina frogatuta dago erraustegiek onurarik ez dakartela, eta kalteak asko eta larriak.
Zein fasetan dago proiektua?
Lanen zati handi bat egina dago, baina aurreko legealdian lanak gerarazi ziren eta geldirik daude. Gipuzkoako Aldundiko talde berriak esana du urtea bukatu baino lehen aurkeztuko duela bere proiektu berria. Neurri batean behartuta dago lehengo proiektua aldatzeko, proposatutako errauste planta gaindimentsionatuta dagoelako. Batetik, kalkulatu zuten benetakoa baino kopuru askoz handiagoa, krisiaren ondorioz asko jaitsi dena. Eta, bestetik, azken urteotan birziklatze bidean aurrerapauso nabarmenak eman dira. Nahi eta nahi ez hasierako proiektua moldatu egin beharko dute eta dimentsio berria eman. Horren zain gaude. Sartzen dituzten aldaketen arabera, ikusi beharko da proiektu berria aurrekoaren segidan ote datorren edo zerotik abiatzen ote den.
Proiektu berriak ez du baretuko herritarren kezka, ezta?
Bistan da azpiegitura horrek onurarik ez duela ekarriko herritarren osasunarentzat, erreko dituen zabor kiloak direnak izanda ere. Ez dago dosi segururik osasunarentzat. Kutsadura iraunkorra izango da eta hori da larriena.
Herritarrei begira ez ezik, erakundeei begira ere egingo du lan zuen plataformak.
Hasiera batean mozio bat aurkeztu dugu Lasarte-Oriako Udalean. Datorren astean udalbatzan eztabaidatuko da eta ikusiko dugu zer ematen duen. Mozio horretan gure kezka azaltzen dugu herriko hirigunetik kilometro eta erdi eskasera eraiki nahi duten erraustegiak Lasarte-Oriako herritarren bizi kalitatean eta osasunean izango duen eragina dela-eta. Dominique Belpomme kantzerologo frantses ezagunak dioenez, «errauste plantaren aldeko apustua egitea minbiziarekin bizitzeko arriskua onartzea» da. Guk ez dugu halakorik nahi eta hori jasotzen du mozioak.
Azkenik, Udal Batzarrak Aldundiari, mankomunitateei eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari errauste plantaren proiektua bazter dezatela eskatzeko jasotzen du mozioak.
Gainera, herrian manifestazioa deitu duzue datorren azaroaren 21ean.
Bai, eta herritarrak eta gipuzkoarrak orokorrean deitu nahi ditugu parte hartzera. Gure osasuna dago jokoan, denona, eta arduraz jokatu eta mobilizatu egin behar dugu.
Plataformaren ardatza osasuna da. Baina errauste plantaren alternatiba zaborra biltzeko moduan egongo da, ezta?
Ez dagokigu guri zaborren kudeaketa moduetan sartzea, baina garbi dugu bidea birziklatzean dagoela. Gero eta gehiago birziklatu, gero eta zabor gutxiago sortu, arazo gutxiago izango dugu. Baina askotan errauste planta zabortegien alternatiba modura saltzen da eta hori ez da egia. Errauste plantak nahi eta nahi ez zabortegiak behar ditu, bi motatakoak gainera; batetik, errauts toxikoentzat zabortegi bereziak, eta, bestetik, zepak jasotzeko zabortegiak.
Eta errauste plantek zabortegiak behar dituzten adibide garbia Bizkaia da. Duela egun batzuk ospatu da Zabalgarbiko errauste plantaren hamargarren urteurrena. Hamar urte daramatzate jada erraustean oinarritutako hondakin politikarekin, eta, hala eta guztiz ere, joan den urtean Bizkaiko Aldundiak Artigaseko zabortegiaren lizitazioa 26 urte eta erdian luzatu zuen. Argi dago gauza batek ez duela bestea kentzen, errauste plantek zabortegiak behar dituztela.
Europatik datozen joerak eta irizpideak ere ez dira errauste planten aldekoak.
Azken hamar urteotan birziklatzearen aldeko jarrerak asko indartu dira orokorrean. Europatik datozen irizpideen arabera, 2020. urterako errausketa bakarrik erabili ahal izango da konpostagarria edo birziklagarria ez den materialarekin. Irizpide hori Gipuzkoara ekarriaz, aterako litzatekeen zabor kopuruak inolaz ere ez luke justifikatuko proposatzen ari diren tamainako proiektu bat. Errauste planta ez eraikitzeko aukerak badaude, eta indarra jarri nahi dugu horietan. Espainiako Senatuan bertan erraustegiak zigortzearen aukeraz hizketan ari dira. Pentsa, fase horretan gaude.
Eraikiko den errauste planta azken belaunaldikoa omen, puntakoa eta gutxi kutsatuko duena.
Argudio hori indartu nahian dabiltza, baina ez da fidatzekoa. Zabalgarbiko errauste planta, azken belaunaldikoa ez bada, azkenaurrekoa izango da eta Bizkaian gehien kutsatzen duten enpresetan hirugarrena da. CO2 isurketak kontuan hartuta, Zabalgarbi Bizkaiko hirugarrena da kutsaduran. Eta, hori, haiek emandako datuen arabera.
Garbi dagoena da Zubietako errauste planta Gipuzkoak klima aldaketari egingo dion ekarpenik handiena izan daitekeela ondoko urteetan.
Zaborren kudeaketa liskar politikorako tresna bihurtuta dago azken urteotan. Horrek, ezinbestean, nahasmena, nekea, desinformazioa ekar ditzake.
Bai, eta ulertzekoa ere bada. Baina nekatuak eta aspertuak egonagatik arazoak hor segitzen du. Eta garbi dagoen gauza bakarra da errauste plantak kaltea dakarrela osasunarentzat. Datu objektiboak eta zientifikoak dira horiek, ez dira kolore politiko bateko edo besteko iritziak. Eta hori da guk nabarmendu nahi duguna, liskar politiko guztien gainetik. Herritar bezala kontzientzia hartu behar dugu gainera datorkigunaz eta horren kontra borroka egin behar dugu. Hori da garrantzitsuena.
Herritarren artean sumatu daiteke etsipen puntu bat. «Zertarako hainbeste borroka, berdin-berdin egingo dute-eta».
Ez da hain erraza. Aldundiak esan du urtea bukatu baino lehen aurkeztuko duela proiektu bat eta paperak den-dena agoantatzen du, baina gero arazo latzak daude. Europatik datorren araudiak ere arazoak ekar ditzake. Akaso jarrera izan daiteke errauste planta modu guztietara egitea, nahiz eta jakin gero erdibidean gera daitekeela. Baina egitean dago negozioa eta horrelakoak ikusi izan ditugu. Baina garbi izan behar dugu kontua ez dela hain erraza. Hasteko, aurreikusia zeukatena baino errauskailu txikiagoa egin beharko dute.
Oraindik gauza asko gertatuko dira. Mehatxua larria da, baina dena ez dago lotuta. Finantzaketa bera ez daukate erabat lotuta eta zaila izango dute.
Egia da Zubietako mehatxua baino lehenagokoak direla Zaldunbordakoa, Landarbasokoa, Urnietakoa, Aritzetakoa…
Honakoa errauste proiektu ibiltaria izan da, kokagune batetik bestera aldatzen joan direna. Zergatik? Gipuzkoan inork ez duelako nahi erraustegi bat bere herrian.
Toki horietako herritarrek beren burua saldutzat eman izan balute, ez balute borrokatu erraustegiaren kontra, akaso dagoeneko eraikita zegoen.
Urnietan, esaterako, puri-purian egon zen kontua. Bazirudien proiektuak aurrera egingo zuela bai ala bai eta esanguratsua da kokapen azterketan zehazten zela Urnieta aukeratu zela, besteak beste, «ez zegoelako herri mugimendu tradiziorik». Urnietako herria minduta sentitu zen eta oso ondo erantzun zuen.
Garbi dago azken hitza esan gabe dagoela. Egia da batzuek sinestarazi nahi dutela ez dagoela beste alternatibarik, bai ala bai errauste planta egin egingo dela. Baina hori ez da egia. Azkeneko hitza herritarrek daukagu zalantzarik gabe.
Hartu hitza eta hautatu: aire zikinerako mozorroa ala lore-errota
Aire Garbia plataformak prestaturiko informazio orriak garbi erakusten du bi aukera baino ez dituela herritarrak: errauste plantaren proiektuaren aurrean men egin eta «aire zikinerako mozorroa» jantzita bizi kutsaduraren kalteak samurtzeko; edo aire garbiaren eredu bihurtu den lore-errota altxatu eta astindu, bizitzeko eredu baten aldeko apustua eginez.
“Kezka bat dut” izenburua duen eskuorrian kezka horren zergatiak zehazten ditu herri ekimenak: «Esaten digute segurtasun neurri zorrotzak eta puntako teknologia izango dituela, lasai ibiltzeko, kalterik ez dela izango, dena kontrolpean dagoela, dena aztertuta dela, dena legezkoa izango dela. Beldur naiz ea zer egingo duten ‘legezko’. ‘Legezkoa’ izango da kutsadura indizea, eta gora egiten badu, neurri berean egingo du gora ‘legezkoa’ den kutsadura mailaren langak. Beraz, ‘legezkoak’ izango dira kutsadura horrek sortuko dituen gaixotasunak eta horien intzidentziak. Eta esango digute errauskailuaren isurien eta zenbait gaixotasunen hazkundearen arteko harremana frogatzen duten ikerketa nahikorik ez dagoela. Eta tragedia gertatzen denean, legeak agintzen zuena bete zela esango digute, dena legearen barruan egin zela, ezinezkoa zela natura kontrolatzea. Hartara, inpunitatea ere ‘legezko’ egingo dute».
Aire Garbia herri ekimenak garbi esan duenez, «kezkatuta gaude eta ez dugu nahi legezkoa izatea herritarrontzako neurri horretako arrisku egoera bat». Mezu hori hartuta, manifestazioa deitu dute azaroaren 21ean, Lasarte-Orian.
Usurbilgo erraustegia erabakia plataforma, herri kontsultaren bidean
Duela egun batzuk Usurbilen plataforma berri bat aurkeztu zuen Zubieta eta Usurbilgo herritar talde batek. “Erraustegia Erabakia” lelopean bildu diren herritarrek beren eskaera zuzen eta garbi azaldu zuten: «Erraustegia egingo den ala ez, herriak erabaki dezala».
«Badira urteak erraustegiaren kontu horrekin gora edo behera gabiltzala, Diputazioaren kolorearen arabera. Erraustegi hori guk, herritarrok, ordaindu beharko genuke gure diruarekin eta gure osasunarekin, baina inork ez digu galdetu ea hori nahi dugun ala ez. Bada garaia gizartean hainbesteko eztabaida harrotzen duten gaietan herriari hitza ematekoa», zehaztu zuen plataformak aurkezpenaren egunean.
Erraustegia egingo den ala ez herriak erabaki dezala da plataformaren erronka nagusia, «finean herrian eta, bereziki, agintarien artean kultura demokratikoa zabaldu nahi dugu. Gai batek gatazka eta desadostasuna pizten dituenean, herriak erabaki behar du, zuzenean eta bitartekorik gabe». Bide horretan, Usurbilen bertan galdeketa bat egitea proposatzen dute, «berme guztiekin eta Udalak berak antolatuta».
Udalari eskaera hori egiteko sinadura bilketa bat abiatu du plataformak eta, bide berean, herrian kontzientziazioa eta sentsibilizazioa zabaltzeko bideak abiatu ditu. Hain juxtu, gaurko, azaroak 7, dago deituta bilera irekia Potxoenean, 11.00etan. «Laguntzeko prest dauden herrikide guztiak ongi etorriak izango dira».
2010. urteko herri galdeketa
Usurbilen 2010. urteko otsailean ere izan zen herri galdeketa bat. Ordurako atez ateko zabor bilketa sistemak urtebete inguru zeraman martxan eta Usurbilgo Udalak herritarrei galdera egin zien hiri hondakinen kudeaketaren inguruan. Honakoa izan zen galdera: «Zein bilketa sistema nahi duzu Usurbilerako?». Eta hiru erantzun izan ziren aukeran: lehena, atez atekoa; bigarrena, aurretik zegoen lau edukiontzien sistema; eta, hirugarrena, edukiontzien sistema hori gehi bosgarren edukiontzia organikoarentzat.
Parte hartzea sekulakoa izan zen, %70ekoa, eta atez ateko bilketa sistema nagusitu zen botoen %56,23rekin. Lau edukiontzien aldekoak %0,76 izan ziren, eta, bosgarren edukiontziaren aldekoak, %42,95.