CSNk oniritzia eman die Garoña 2031. urtera arte ireki ahal izateko Nuclenorrek hartu beharreko neurriei. Erreaktorearen ontziari dagozkion ikuskapen proposamen guztiak onartu dizkio.
Beste urrats bat. Santa Maria de Garoñako zentral nuklearrak (Burgos, Espainia) irekitzeko bidea egiten jarraitzen du; poliki-poliki, baina gelditu gabe. Iragan astean jakin zen 2031. urtera arte zabaldu ahal izateko baldintza bat gehiago bete zuela. Garoñaren iraunaldia zentralak 60 urte bete arte luzatu ahal izateko, erreaktore nuklearraren ontziaren parametroak —presioa eta tenperatura— egokitu behar zituen Nuclenorrek. Egokitzapena egiteko txostena aurkeztu zion CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluari, eta azken horrek onartu egin zuen. Beste tramite bat zentrala berriz ireki ahal izateko, eta ez da azken urte eta erdian gertatu den bakarra izan.
Garoña 2031ra arte zabaldu ahal izateko 22 betebehar ezarri zizkion CSNk Nuclenorri 2014ko uztailaren 30ean. Horietako batzuk Espainiako segurtasun nuklearra ikuskatzen duen erakundearen osoko bilkuratik igaro dira, baita haren oniritzia jaso ere. Estrukturaren osotasuna egiaztatzeko lau ikuskapen programek CSNren oniritzia jaso dute, dagoeneko: kontrol barrak, erreaktorearen ontziaren degradazioa, ontziaren barruko aldea eta, azkenik, ontziaren soldadurak.
Orain arte CSNko osoko bilkurak onartutako neurriak zentrala ireki ahal izateko derrigorrezkoak badira ere, Nuclenorrek ez ditu zertan abiarazi ustiapen baimena jasotzen duen arte. Hau da, ikuskapen programek bukatuta egon beharko dute, erreaktore nuklearrean erregaia sartu aurretik.
Osoko bilkuran onartutako gaiak ez ezik, CSN bestelako baldintzak ere ikuskatuz joan da azken hilabeteetan. Besteak beste, giza baliabideei eta antolaketari dagozkien betebeharrak ikuskatu dituzte kontseiluko teknikariek. 2015eko uztailaren 10ean gai horiek aztertzeko bisita egin zuten; are gehiago, zentrala martxan jartzeko langileek jaso behar dituzten formakuntza orduak zehazteko balizko irekitze data bat erabiltzen ari dira txostenean: 2016ko urtarrilaren 1a.
Nuclenorrek egindako lanak, ordea, ez ditu CSNk agindu zizkion hobekuntza guztiak betetzen. Fukushimako zentral nuklearraren istripuaren ostean zehaztutako zenbait hobekuntza egin gabe ditu oraindik. Elkarte ekologistek jakinarazi dute Nuclenor hauteskundeen emaitzen zain dagoela inbertsio ekonomiko handienak egiteko. CSNren txostenak kontrakoak direnean baino ez dira bete beharrekoak; hots, aldeko irizpena ematean gobernuak eskumena du zentrala ixteko, irizpide politikoak erabilita.
Biltegi zentrala, hutsean
Garoñaren etorkizunean eragin dezakeen osagai berri batek indarra hartu du iragan astean. Villar de Cañasen (Gaztela—Mantxa, Espainia) aurreikusita zegoen erradioaktibitate handiko hondakinentzako biltegiaren proiektua bertan behera utzi dute. Espainia eta Kataluniako zentral nuklearretan erabilitako erregaia hartu behar zuen biltegi horrek. Ordea, Gaztela—Mantxako Sustapen Kontseilaritzak azpiegitura hori egiteko beharrezkoa zen hirigintza plana baliogabetu du.
Espainiako Gobernuak egitasmoa inposatzeko aukera badu oraindik, Europako Batasunaren aurrean interes orokorreko egitasmoa dela defendatuz. Edonola ere, hori gertatzen den bitartean, Garoñan egin nahi dute behin-behineko biltegiari buruzko zalantzak areagotu dira. Zentraletik ateratako hondakin nuklearrek, gehienez, hamar urte emango zituzten bertan ingurumen baimenaren arabera. Hamar urte Villar de Cañaseko biltegira bidali baino lehen, hain zuzen ere.