Albistea

  • Errauste plantarik ez egiteko eskatu dute Lasarten, Aire Garbiak deituta

    2015-11-22
    Partekatu - Compartelo

    lasarte_manifa[1]Iturria: Berria.

    Ehunka lagunek parte hartu dute Zubietako errauste plantaren aurkako manifestazioan. Erraustegia gelditu daitekeela berretsi dute.

    Argi adierazi dute herritarrek Lasarte-Orian: ez dute errauste plantarik nahi. Aire Garbia taldeak deituta, ehunka lagun batu ziren atzo herriko kaleetan, aldundiak Zubietan (Gipuzkoa) eraiki nahi duen plantaren aurka daudela esateko. Manifestazio buruan eraman zuten pankartan eta oihukatu zituzten hitzetan garbi esan zuten: Erraustegirik ez, aire garbia. Eta horixe aldarrikatu zuten: «Erraustegia gelditu daiteke».

    Manifestarien artean ziren udaleko ordezkari ugari: EH Bilduko eta Ahal Du Lasarte-Oriako zinegotzi guztiak, eta PSEko Lurdes Acevedo alkateordea eta Jose Mari Urdanpilleta eta Beatriz Juez zinegotziak. Gainerakoen artean EH Bilduko, Eguzkiko eta Erraustegiaren Aurkako Plataformako kideak, besteak beste.

    Okendo plazan hasi eta amaitu zuten ibilbidea, eta amaierako ekitaldian berretsi zuten Aire Garbia taldeko kideek errauste plantaren proiektua gelditu daitekeela. «Ez da ezinezkoa, ez lehen eta ez orain».

    Zubietan baino lehen planta Zaldunbordan, Landarbason, Urnietan eta Aritzetan egin nahi izan zutela gogoratu du Aire Garbiak. «Baina ezinezko gertatu zitzaien. Osasunarentzat kaltegarria delako, ingurumenarentzat kaltegarria delako, eta hondakinak ez direlako zaborra, baliabide produktiboak baizik».

    «Hasi besterik ez»

    Erraustegia Zubietan eraikitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak duen proiektuaren aurka egiteko bidearen «hasiera besterik ez» zen izan atzoko manifestazioa. «Osasunagatik, ingurumenagatik, ekonomia zirkularragatik», Zubietan planta nahi dutenek «pare-parean» izango dituzte Aire Garbia taldeko kideak eta Lasarte-Oriako herritar ugari.

    Udala ere errauste planta Zubietan egitearen aurka agertu da, nahiz eta alderdi politikoen artean adostasuna ez den erabatekoa. EH Bildu eta Ahal Du Lasarte-Oria erraustegiaren aurka daude. PSE kokalekuarekin ez dator bat. Ez dute Zubietan plantarik egiterik nahi, baina ez dute ukatzen beste nonbait egitea.


    Partekatu - Compartelo