Zaborra biltzeko sistema-aldaketa Tolosan eta karramarroaren estrategia

Irudiaren iturria: Tolosaldeko ataria.

Irudiaren iturria: Tolosaldeko ataria.

Gaur astelehenean, hilak 14, Tolosako Udalbatzak zaborra biltzeko sistema-aldaketa onartuko du. Aldaketaren bidez, auzo-edukiontzietan oinarritutako sistematik 5 edukiontzietan oinarritutako “ohiko” sistemara pasatuko da. Horrez gain, dendetan atez ate egiten den kartoi-bilketa ere bertan behera geratuko da.

Tolosako Udaletxean nagusi den EAJk aldaketa justifikatu du sistema berria “erosoagoa eta ekonomikoagoa” delako.

Eguzkiren iritziz, aldaketa hau EAJ, PSEren laguntzaz, Gipuzkoan praktikatzen ari den karramarroaren estrategiaren ondorio da. Estrategia horren bidez, bilketa selektiboan orain arte egindako bidean atzerapausoak ematen ari dira, eta, horrela, birziklatze-mailek nahitaez okerrera egingo dute.

Erabakiak erosotasun-arrazoietan oinarritzea da ingurumen-kontuetan serio ari den edozein herrialdek egiten duenaren guztiz kontrakoa. Huts-hutsean erosotasunean oinarritutako ingurumen-aurrerapenik edo hobekuntzarik ez dago. Are gehiago, sarri, sarriegi, erosokeria eta ardurarik eza daude ingurumen-krisi askoren atzean. Galdetu, bestela, klima-aldaketari buruzko goi-gailurra zela eta, egunotan Parisen bildu diren adituei.

Auzo-edukiontzietan oinarritutako sistemaren ordez den-dena irentsiko duen edukiontzi bat ezartzea erosoagoa da, bai, batez ere zaborraren lau zatiak ez banatzen tematuta dauden axolagabeentzat.

Ba ote da alderik Tolosan ezarri nahi den sistema berri/zahar honen edo Donostian, Eibarren edota Irunen indarrean direnen artean? Ez, batere ez. Bada, aipatutako hiru herri horietatik bakar batek ere ez du % 40ko bilketa-maila gainditzen. Hori al da Tolosako Udalaren helburua?, % 78tik % 40ra jaistea, alegia?

Erosokeriaren izenean atzera egitea ingurumenaren aldeko praktika ona al da? Bestalde, baldin eta erosokeriaren izenean birziklatzen ez dutenei jarrera arduragabe hori errazten bazaie eta, gainera, birziklatzen saiatzen direnei bezalaxe kobratzen bazaie, non gelditzen da “kutsatzen duenak ordain dezan” printzipioa?

Baina, atzeraka ibiltzeaz gain, Tolosako Udala datu-nahastuen hondar azpian gordetzen da, eta horretan ere karramarroak bezala jokatzen du. Izan ere, sistema berri/zaharraren bidez 54.000 euro aurreztuko dituela dio. Ez du kontuan hartzen errefuxaren edukiontzian orain arte baino askoz zabor gehiago bilduko dituela, eta zabor hori tratatzeak ere kostu bat baduela: gutxienez 144 euro toneladako. Halaber, birziklatzeko material gutxiago jasoko du (papera, kartoia, burdina, plastikoa), eta, horren ondorioz, trukean ere, orain arte baino diru gutxiago jasoko du.

Gainera, hondar azpian gordetako karramarroek bezala, EAJk eta PSEk ez dute inolaz ere ikusi nahi zer gerta daitekeen hemendik hilabete batzuetara bilketa selektiboaren ehunekoek behera egiten badute. Izan ere, beraien erabakian ez dute inolako zuzenketa-mekanismorik ipini, bilketa selektiboaren maila gutxienez % 60koa izan dadin.

Gauzak horrela, zilegi da pentsatzea hori dela, hain justu, EAJren eta PSEren helburua: gutxiago birziklatzea, erraustegiaren bazka bermatzeko helburu. Inork etxe ondoan nahi ez duen erraustegi hori, ez Zubietan, ez Usabalen.

EGUZKI

2015eko abenduan

 

 

Adostutakoa ez da nahikoa izan. Goi bilerari buruzko iritziak.

COP21Iturria: Berria.

Parisen amaitu berri den COP21 klimari buruzko goi bilerak ez ditu iritzi guztiak ase. Eragile ugari gustura daude emandako aurrerapausoekin, baina anbizio falta sumatu dute beste hainbatek.

Parisen egin den COP21 goi bileran adostutako «lehen akordio unibertsala» mugarri bat izan da eragile askorentzat. Mende amaierarako planetaren tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzea sinatu dute 195 estatuk eta Europako Batasunak, eta igoera gradu eta erdikoa izateko ahalegina egiteko konpromisoa agertu dute. Goi bileran zehaztutakoa, baina, ez da nahikoa izan eragile askorentzat. Akordioa legez bete beharrekoa bada ere, bost urtean behin konpromisoa berrestea nahikoa izango da, eta herrialde aberatsenek 100 mila milioi dolar jarri beharko dute urtean. Hala, hainbat erakundetako ordezkariek anbizio falta sumatu dute Parisen.

IBON GALARRAGA

BC3ko ikerketa irakaslea

«Analista askok uste genuena baino dezente gehiago lortu da»

Ibon Galarraga BC3ko ikerlariarentzat, «garaiz da analisi sakonak egiteko», baina argi du akordioa «mugarri izango dela munduko klima politikan, batez ere, ateak irekiko dizkiolako garapenari, jarraipenari eta klima politikaren anbizioari». Baikor agertu da: «Analista askok uste baino dezente gehiago lortu da» Parisen egindako bilkuran: «Klimaren inguruko negoziazioen historian lehen aldiz, bete beharreko akordio bat onartu dute, hartutako konpromisoen konplitzea neurtu eta aztertuko duena, gainera. Herrialde guztiek egin beharko dute emisioak murrizteko ahalegina». Mekanismo horrek aurrerapen garrantzitsuak ekar ditzakeela ere gehitu du, batez ere «etorkizuneko konpromisoei begira».

Industriaurreko aroarekin alderatuta, planetako batez besteko tenperaturak bi gradu ez gainditzeaz gain, gradu eta erdiko helburua betetzeko aukera, baina, «ez da batere errealista» Galarragaren iritziko, «kontuan hartuta emisioek gaur arte izan duten bilakaera». Garatzeko bidean diren herrialdeei laguntzeko konpromisoa 2025ean aztertu egingo dutela eta, beraz, «puntu eztabaidagarri horri ere jarraipena» egingo diotela gogoratu du. «Dena den, badira kanpoan geratu diren neurriak ere, mundua karbono gabetzea eta emisioen neutraltasuna kasurako».

ANTOLIN HUASCAR

Via Campesinako bozeramailea

«Multinazionalen mesedetan eginiko akordioa da»

«Antzerkia bukatu da». Antolin Huascar Diaz Via Campesinako bozeramaileak «multinazionalen mesedetan eginiko akordioa» deitoratu du. Nekazarien nazioarteko bilguneak azkeneko bi asteetan COP21ean negoziatu dituzten «irtenbide faltsuak» salatu ditu. «Aldez aurreko beldurrak berretsi dira: itunak ez die mesederik egingo munduko herriei».

Itxurakeriatzat jo du Huascarrek goi bilkura. «Ituneko ezer ez da bete beharrekoa. Hartutako konpromisoek hiru gradutik gorako tenperaturaren gorakada ekarriko dute». Haren arabera, «multinazionalei komeni zaienean» estatuek ados jartzeko gaitasuna erakutsi dute, merkatu askeko akordioetan, kasurako. «Berriz ere, begi bistakoa egin da diruak agintzen duela, baita gizadiaren etorkizunaren interesen gainetik ere». Batik bat nekazaritzari egingo dio kalte Parisko itunak. «Naturaren espekulazioari, nekazaritzaren industrializazioari eta baliabideen arpilatzeari ateak ireki dizkiote».

ISABEL ELIZALDE

Nafarroako Ingurumen kontseilaria

«Pauso garrantzitsua da, baina gehiago lor zitekeen»

Nafarroako Gobernuarentzat «pauso garrantzitsua» da Parisen lortutako akordioa. Isabel Elizalde Nafarroako Ingurumen kontseilariaren ustez, hala ere, «gehiago lor zitekeen». Orain «akordioa betetzea izango da lehenengo lana». Horretan saiatuko dira Nafarroan, baina Elizalderentzat «ezinbestekoa izango da herritarren laguntza». Mankomunitateetan eta herrietan ere lan egin behar da, kontseilariaren ustez, «dena saretuta dagoelako eta ikuspegi zabala eta integrala eduki behar delako».

Klimaren arazoa «mundu osokoa» dela esan du eta, beraz, «beharrezkoa» dela herrialdeen artean elkartasuna egotea. «Ikuspegi guztiak hartu behar dira kontuan, baita garapen bidean diren herrialdeenak ere». Horregatik haiei laguntza ekonomikoa eta teknologikoa eta beharrezko formakuntza ere eskaini behar zaiela dio Elizaldek: «Garapen bidean diren herrialdeek egin dituzten eskariak ez dira bakarrik ekonomikoak izan. Gainera, arazoa guztiona da, beraz, beharrezkoa da Parisen zehaztu ditugun epeak eta mugak errespetatzea».

PHILIP GASS

IISDko ikertzailea

«Legez konprometitu arren, nahi dutenean uko egin diezaiokete»

Baikorra da Philip Gass IISD Garapen Iraunkorrerako Nazioarteko Institutuko ikertzailea eta klima aldaketan aditua Parisko itunaren inguruan. «Oro har, anbizio handiko ituna da. Ez da soilik bi graduko muga ezartzen, 1,5 gradu ere aipatzen ditu, eta hori oso adierazle ona da». Halere, onartu du lan asko dagoela egiteko. «Helburuak zehaztu dituzte, baina horietara iristeko neurriak adostea falta zaie». Edonola ere, «aurrerapauso» deritzo itunari, nahiz eta nahasmena egon baldintzen inguruan. «Itunean idatzita dago herrialde batek akordiotik atera nahi badu horretarako aukera baduela. Legez betetzera konprometitu dira, baina, nahi dutenean, uko egin diezaiokete».

Gassen arabera, herrialde askok igorpenak murrizteko konpromisoa hartu dute, eta hasi dira horretan. «EB Europako Batasuna, adibidez». Baina susperraldian dauden herrialdeena da erronkarik handiena. «India eta Txina, esaterako, ikusi beharko da noiz has daitezkeen murrizten». Itunak aurreikusten du «denbora gutxian eta kopuru handitan» hasi beharko liratekeela horretan. «Baina hori ez dugu adostutako neurrietan ikusi. Goi mailako helburuak daude, baina ez horiei heltzeko neurriak».

Finantzaketaren arloan erdietsitako kopurua —100.000 milioi dolar— egokitzat du. «Diru horrek nahikoa behar luke garatzeko bidean diren herrialdeek trantsizio energetikoari hel diezaioten». Haatik, gauzak zehazteko daudelakoan dago. «Nola lortuko dugu diru hori? Zenbat izango da diru publikoa, eta zenbat pribatua?». Gai horretan ere ez dago bete beharreko baldintzarik. «Espero dugu herrialdeek borondate onez jokatzea. Nazioarteko legeek ezin dituzte behartu; azken finean, burujabeak dira».

MAXIME COMBES

Attac Franceko kidea

«Oso urrun dago beharrezkoa den norabide aldaketatik»

«Berekoikeria nazionalek osatutako adabakia da». Maxime Combes ekonomialaria eta Attac France elkarteko bozeramailea oso kritiko agertu da klimaren itunarekin. «Oso urrun dago beharrezkoa den norabide aldaketatik». Combesen ustetan, itunak hiru gradutik gorako beroketa ekarriko du. «Ez da gauza bonba klimatikoa indargabetzeko».

Combesek salatu duenez, ituna ez da eraginkorra : «Ez du datarik zehazten gas isuriak murrizten hasteko, eta karbono merkatuaren gisako praktika ezegokiei bide ematen die». Horrez gain, ez da unibertsala: «Aire eta itsaso garraiobideak ez ditu kontuan hartzen; gas emarien %10 dira. Bistan da merkatuaren arauak ez dituztela aldatu nahi».

Gabezia asko ikusi dizkio testuari. «Ez da bete beharrekoa, eta giza eskubideen arloko paragrafoak ezabatu dituzte». 100.000 milioi dolarreko finantzaketaren inguruan ere zalantzak ditu. «Herrialdeek ez dute legez errespetatu beharrik. Ez du hobetzen Kopenhagen adostutakoa».