Albistea

  • Erraustegiari buruzko prognosiaren sinesgarritasunaz

    2015-12-21
    Partekatu - Compartelo

    errauskailua mapa 2015 azaroaPrognosi hitzak esan nahi du oraindik gertatu ez den zerbait aldez aurretik ezagutzea. Ez da sarri erabiltzen den hitza, are gutxiago euskaraz, baina Foru Aldundiak Zubietako erraustegiaren neurria berriz kalkulatzeko prognosiaren berri eman duenez geroztik, gure egunerokoan sartu da, nola edo hala.

    Baina Foru Aldundiak zergatik kalkulatu behar izan du berriz erraustegiaren neurria? Bada, neurriz gain proiektatuta zegoelako. Luzaz ukatzen eta ukatzen aritu ondoren (eta, bide batez, neurriz gain proiektatuta zegoela ziotenak deskalifikatzen aritu ondoren), amore eman behar izan dute. Izan ere, hasierako prognosiaren arabera, urteko 260.000 tonelada hondakin erretzeko moduko erraustegia behar zen. Prognosi berriaren arabera, berriz, urteko 200.000 tonelada erretzekoa nahikoa izango da.

    Prognosi bat hain denbora laburrean (2008tik) hainbeste desbideratzen bada (%30), garbi dago nolako sinesgarritasuna merezi duen. Hori kontuan izanda, irakurleak beharbada pentsatu du Ingurumen foru diputatuak, Jose Ignacio Asensiok (PSE), prognosi berria ez ziola hasierako prognosia egin zuen pertsona berari enkargatuko. Baina irakurleak horrela pentsatu badu, hau da, modu logikoan pentsatu badu, ez du asmatu. Izan ere, Asensiok lehengo berari enkargatu dio prognosi berria, hau da, Xabier Garmendiari. Garmendia (PSE) Industria sailburuordea izan zen eta errauste-negozioekin loturak ditu.

    Gauzak horrela, prognosi hau aldez aurretiko ezagutzaren emaitza ote? Tira, beharbada nolako emaitza nahi duzun aldez aurretik badakizu, eta, horren arabera, datu batzuk ontzat hartu eta beste batzuk, berriz, baztertzen dituzu.

    Norberak erabaki dezan prognosi honetan sinetsi behar duen ala ez, baina gogoratu: behin amarru batekin iruzur egiten badizute, erantzulea iruzurtia da; bigarren aldiz amarru berarekin iruzur egiten badizute, berriz, erantzukizuna zeure-zeurea da.


    Partekatu - Compartelo