Albistea

  • Eguzkik Jaizkibelgo suntsiketak salatu nahi ditu

    2015-12-23
    Partekatu - Compartelo

    Iskulin

    Iskulin

    Gipuzkoako Aldundiak eragindako Jaizkibelgo (Hondarribia) habitaten eta ondare prehistorikoaren suntsiketa larria salatu ditu eguzki talde ekologistak.

    Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hilabeteetan zehar, Jaizkibelgo habitat ezberdinak suntsitzeko egin dituen lanak salatu nahi ditu Eguzkik, are larriagoak direnak, Aldundia Jaizkibelgo erakunde kudeatzailea izanik. Ingurune natural esanguratsu hau Hondarribia, Pasaia eta Lezoko udalerrietako zenbait herri lur edo mendi publikoz osatuta dago, eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuko (KBE) izendapenarekin babestuta dago.

    Eguzkiko kideok baieztatu ahal izan dugunez, Aldundiak makina pisutsu autopropulsatuak erabili ditu europar mailako interesa duten habitatak (europar txilardegi lehorrak,…), zeinak Habitataren Zuzentarauan katalogatuta eta babestuta dauden, baita Eusko Jaurlaritzak berak ere, ia erabat suntsitzeko baita aldi berean, Hondarribiako zenbait guneetan (Justiz, Gaztarrotz,…) belardi eremuak soildu ere. Lan hauek, aldeko kontserbazio egoera eta heldua bezala ezagutzen direnera garatzen ari ziren habitatak larriki kaltetu dituzte, zeinak hainbat fauna espeziek babesleku, elikadura iturri eta birsortzeko gune bezala erabiltzen zituzten, aldi berean higadura eta lurraren galtze prozesuak eraginez.

    Jaizkibeli Aldundia legez kanpo eragiten ari den zigorra, beste eragin kaltegarri batzuei  batzen zaie: Pasaia eta Hondarribian 2010eko martxoan ustez ganaduzaleen inguruko interes pribatuek 500 hektareako sute itzela eragin zuten, 2014an Jaizkibelen espainiar ejerzitoak okupatzen dituen lursailetan piztu zen beste sutea, Justizko golf zelaia, edo mendi honetako lur azpiko ur-baliabideetatik Txinzer enpresa publikoa egiten ari den ur erauzketa.

    Era berean, Aldundiak gauzatu duen Jaizkibelgo Estazio Megalitikoaren suntsipena salatzen du Eguzkik: Jaizkibel II harrespila, eta Iskulin eta Atxinar trikuharriak. Harrien txikitzea makinaria astunaren bidez Estazio Megalitiko honetan kalte larriak eta itzuliezinak sortu ditu.

    Atxiñar

    Atxiñar

    Guzti horrengatik, Eguzki talde ekologistak eskaera luzatzen dio Gipuzkoako Aldundiari eta Kulturako eta Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Diputatuei, Jaizkibelgo Natura 2000 Sareko zenbait lekutan egiten ari diren foru gehiegikeriak gelditzeko, erantzukizunak zehazteko, sortu dituzten kalteak aztertzeko eta konpontzeko ahala den neurrian, eta Natura 2000 Sareko Kudeaketa-Planaren garapena eta finantziazioa aktibatzea.

    Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearra 

    Hondarribian, 2015eko abenduaren 14an

    Iskulin

    Partekatu - Compartelo