Errausketaren aurkako borroka indartzeko batzarra egin dute Gipuzkoako taldeek
2016-01-19
Partekatu - Compartelo
Iturria: Argia.
Zubietako herritarrenlaguntza eskaerari erantzunez, han bertan batu dira larunbatean 16 erraus planta proiektuaren aurka egiteko lanean ari diren hainbat talde eta norbanako. Guztira 70 bat pertsona bildu dira, eta asmoa borroka hau berraktibatu eta gizarte jasangarriago baten alde lan egitea dela zehaztu dute. Hurrengo batzar irekia otsailaren 13rako finkatu dute, Zubietan bertan.
Ondorengo talde eta mugimenduetako kideak batu ziren: Hernanin Zero Zabor, Oñati Zero Zabor, Usurbilgo taldea, Lasarteko Aire Garbia, Andoaingo Ipar Haizea, Tolosa Zero Zabor, Errausketaren kontrako Koordinadora, medikuen taldea, Zero Zabor IBE, Ekologistak Martxan, Eguzki, Ernai, Irabazi…
Elkar aurkeztu ostean, bakoitzak 2016rako dituen proiektuak elkarri jakinarazi dizkiete. Manifestu bat ere irakurri dute, errauste planta bizi ereduarekin lotuz. Ondoren, hiru lantaldetan banatu dira, elkarren koordinazioa eta informazio trukea hobetu eta ekimen zehatzak prestatzen hasteko.
Hurrengo asteetarako proposatu diren ekintzak:
Urtarrilaren 25ean: Donostiako EH Bilduk, Irabazik, Hondakinen Bilguneak eta Koordinadorak prentsaurrekoa emango dute. Urtarrilaren 28an: Hernanin, herriko elkarteekin bilera, zubietarako martxaren berri eman eta gonbidatzeko. Herri mailako ekimena. Otsailaren 20an: Andoainen Arduraren aldeko giza katea, Arrate plazatik 12:00etan abiatuta. EAJ eta PSE alderdiei zuzenduko diete mezua. Eskualde mailako ekimena izango da. Otsailaren 23an: Errausketaren aurkako mozioa aurkeztuko dute Hernaniko udalean. Herri mailako ekimena. Otsailaren 28an: Zubietarako mendi martxa. Gipuzkoa mailako ekimena. Otsailean (data zehatzik ez oraindik): Mediku talde batek errausketak osasunean duen eraginaz prestatu duten txostena azalduko du jendaurrean. Martxoaren 12an: Osasunaren aldeko martxa Andoainen arratsaldeko 5etan. Gipuzkoa mailako ekimena. Udaberrian: Usurbilen Errauste plantaren inguruko herri galdeketa ari dira prestatzen. Lehen fasean 1.000 sinadura bildu dituzte, udalak abian jarri dezan prozesua.