Albistea

  • Aurkeztu da LIFE + IREKIBAI proiektu europarra, Leitzaran eta Bidasoa ibaien arroak hobetzeko helburua duena

    2016-01-24
    intturia

    Inturiako presa: 12 metrotako altuera. Eraispen lanak 4 fasetan egiten ari dira. Leitzaran errekan aurkitzen da. Azken fasea geratzen da presa erabat eraisteko.

    Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia. 2016 urtarrilaren 14an argitaratua.

    Gaur goizean, Leitzaran eta Bidasoa ibaien arroak eta haien ibai adarrak hobetzen laguntzeko euskal erakundeek eta nafar erakundeek elkarlanean garatutako proiektu berri bat aurkeztu da Andoainen. Aurkezpenean parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk; Nafarroako Gobernuko Landa garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek,  Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoko Departamentuaren menpeko Obra Hidraulikoko zuzendari Paco Alonsok, URAko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak eta HAZIko ordezkari Mikel de Franciscok.

    Proiektuaren izena IREKIBAI da, IREKI eta IBAI hitzez baliatuz, gure ibaietako oztopoak eta arazoak deuseztatzea izango baita bere zeregin nagusia.

    Proiektuak kideak ditu bai EAEn (Gipuzkoako Foru Aldundia, URA eta HAZI Fundazioa), bai Nafarroan (GANASA, Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoa), eta horiek denak euren gaitasunak eta eskumenak batuko dituzte ibai esparru bietan dauden Natura 2000 guneetan Erkidegoaren interesekoak diren habitat eta espezieen kontserbazio egoera bermatzeko.

    LIFE + da ingurumenaren alorrerako Europak eskaintzen duen tresna finantzarioa, eta tresna horren bidez proiektuaren %60 finantzatuko da, proiektuak 2020. urtera arte guztira duen aurrekontua 2.999.372 €-koa izanik.

    Oztopoak gainditzea

    Hainbat faktore historiko eta geografiko direla-eta, oztopo ugari dago metatuta Leitzaran eta Bidasoa ibaietan, ibaien jarraitutasuna etenaz. Horren ondorioz, ekosistemak aldatu egiten dira eta espezie sentikorrenak (ugaztun erdiakuatiko batzuk, tartean bisoia edo desmana, eta arrain batzuk, esaterako izokina) leku txikiagoan agertzen dira banatuta edo modu zatikatuan. Arazo horrek, espezieen bakartze genetikoarekin eta bakartze horri lotutako ondorioekin batera, arriskuan jartzen du bai haien jarraitutasuna, bai bere onera etortzeko edo beste presio batzuei aurre egiteko gaitasuna.

    Ibaietako oztopoak, beraz, oso garrantzitsuak dira Kantauri aldeko Natura 2000ko guneen kudeaketan, eta Ibai erako Kontserbazio Bereziko Eremuen Kudeaketa Planen jardute ildo nagusia dira.

    Lan ildo nagusia izan dira, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan Ibaien kudeaketan erantzukizuna duten Administrazio Publikoetan. Azpimarratzekoa da bere eremu partekatua, izan ere, lurralde bakoitzean egiten den lan sistematikoari azken urteetan lurraldeen artean egin diren lankidetza proiektuak gehitu behar zaizkio.

    Testuinguru horretatik eta aurretik egindako lanetatik sortu da proiektuaren helburu orokorra: Bidasoa eta Leitzaran ibai arroetan dauden Natura 2000 guneetan Europar Batasunaren Interesekoak diren ibaietako habitat eta espezieen zaintza egoera hobetzea.

    Ideia nagusi hori honako helburu espezifikoetan gauzatzen da:

    • Oztopoak iragazkor bihurtu, espezie aloktono inbaditzaileen kontrolatu, habitatak lehengoratu eta kalteak zuzentzeko jarduketak egin, eta horien bitartez ibai ibilbide hauek lehengoratzea, kostu/onura erlazioaren ikuspegitik onenak direla jo baitira: Leitzaran ibaia (Oria ibai arroa) eta Bidasoa ibaia.
    • Ingurune horiek kudeatu eta lehengoratzeko moduak gehiago ezagutzea.
    • Proiektuaren emaitzak zabaltzea, eta jendea oro har sentsibilizatzea gure ibaiek ingurumenaren aldetik ematen dituzten balio eta zerbitzuen gainean.

    Aurreikusitako jarduketa nagusiak

    Leitzaran ibaian, jada erabiltzen ez diren oztopo sorta ugari eraitsiko dira; izan ere, oztopo horiek dira azkenean ibaian presioa nagusiki egiten duten elementuak, ibaia, bestela ere, beste mehatxu mota batzuetatik salbu mantentzen den arren.

    Guztira 4 oztopo txiki kenduko dira Ubaran ibai adarrean, eta ibaiaren ardatz nagusian, berriz, Inturiako presa eta Oiokikoa kenduko dira erabat. Erreka amuarrainen haztegiaren deuseztapena izan da IREKIBAI proiektua martxan jarri eta lehen hilabeteetan arrakastaz bukatu diren ekintzetako bat. Elementu multzo zabala zen, tartean presa bat, hormigoizko urmaelak, ubideak eta beste eraikin batzuk direla; denak abandonatuta zeuden, eta ibaiaren ondoan hektarea bat hartzen zuten. Ibaiaren ubidean hasierako egoerara bueltatu da eta, orain, gune horretan landareak hazten dira berriro.

    Bidasoa ibaiaren arroan ere ibaia iragazkortzea eta arrain-hazkuntzaren espezien mugimendua hobetzea aurreikusten da hainbat ekintzekin, zehazki, Berako presa txikia, Endarlatsakoa eta Iturengoa (Ezkurra ibaian), eta bi oztopo txiki Txaruta ibaian. Lan hauek partehartze prozesu batean tokiko eragileekin zehaztuko dira, irtenbide onenaren bila, Guratrans proiektuaren aurreko esperientziari jarraituz.

    Jarduketa nagusiez gain, proiektuak ibaien egoera ekologikoa hobetzea ere aurreikusten du, ubideak eta ibai bazterrak lehengoratzeko lanak eginez. Nafarroan aurreikusita dago bisoi amerikarraren arazoari heltzea; izan ere, bisoi amerikarra espezie inbaditzailea da eta bisoi europarraren egoera latza larriagotzen du (galzorian dago).

    Bukatzeko, IREKIBAI proiektuak jarduketa horien onuradunen jarraipena egingo du, baloratzeko ea emaitzak egokiak diren edo lan egiteko modua aldatu behar den.  Aztertuko dira, batetik, desman iberiarraren, kolakaren, lanproiaren eta izokinaren populazioak eta, bestetik, arrainen igarobideen funtzionamendua oraindik martxan dauden oztopoetan. Ikusiko da, baita ere, zer aldaketa eragiten duten programatutako jarduketek ibaietan eta zer ondorio duen proiektuak gizartean eta ibaiek ematen dituzten zerbitzuetan.